NAIZ
DONOSTIA

‘Ni, hi, hura… Ikastola mundura’ leloa aukeratu dute Zarautzen 2019ko Kilometroak festarako

Ehunka lagunen aurrean egin dute, Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan, 2019ko Kilometroak festa aurkezteko ekitaldia. ‘Ni, hi, hura… Ikastola mundura!’ da hitzordu horretarako hautatu duten leloa.

2019ko Kilometroak festa aurkezteko ekitaldia, Zarauzko pilotalekuan. (Gorka RUBIO/FOKU)
2019ko Kilometroak festa aurkezteko ekitaldia, Zarauzko pilotalekuan. (Gorka RUBIO/FOKU)

2019ko urriaren 6a oraindik urruti dagoen arren, Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako kideak buru-belarri ari dira jada egun horretan egingo den Kilometroak festa antolatzeko lanetan. 

Aritzbatalde pilotalekuan egin dute, hain zuzen, Gipuzkoako ikastolen jaia aurkezteko ekitaldia. Bertan bildu diren ehunka lagunen aurrean iragarri dute ‘Ni, hau, hura... Ikastola mundura!’ izango dela festaren leloa. 

Dantza estilo desberdinak taularatuz irudikatu dute tradizioa eta modernitatearen arteko lotura.

Kilometroak festa honekin landu nahi dutena, aldiz, antzerkiaren bitartez helarazi dute: «Oinarriak non dituzten ahaztu gabe, norbanakoaren errespetua eta bestearen aitortza eginda, Ni, Hi eta Hura-ren arteko fusioaren bidez, auzolana eta elkarlana irudikatuz atera dira plazara».

Ikastolaren historiari eta herrian utzi duen ondareari errepasoa ere egin diote ekitaldian. 

Herriko eragile desberdinen ordezkaritza zabala bildu da pilotalekuan, bai politika arlokoak eta bai gizarte mugimenduena ere.

Zarauzko ikastolak hirugarrenez antolatuko du Kilometroen jaia, 1987an egindakoaren eta 2009an Oriorekin batera ospatutakoaren ondotik.

Azaldu dutenez, molde honetako azkena izango da 2019ko edizioa Kilometroen festa beste eredu baterantz doalako.