Xabier Izaga

Iñaki Viñaspre txapeldun, halako batean; Manex Agirrerekin buruz burukoa jokatu ostean

Saio ederra gozatzeko aukera izan du gaur inoiz baino ugariagoa izan den publikoak Gasteizko Principal Antzokian. Bertsolaritza osasuntsu dago, Araban ere bai, luzaroan hala segitzeko bizigarria duela, gainera. Hasieratik erakutsi du Viñasprek txapela janzteko aukera zuela eta saioan zehar aukera hori handituz joan da. Manex Agirrek ere saio sendo eta erregularra osatu du eta buruz buruko ederra eskaini dute bion artean.

Iñaki Viñaspre Arabako bertsolari txapelduna (Endika  PORTILLO / FOKU)
Iñaki Viñaspre Arabako bertsolari txapelduna (Endika PORTILLO / FOKU)

2019ko Arabako txapeldun berria dago dagoeneko. Iñaki Viñaspre abetxukuarrak jantzi du, 612 puntu batuta. Manex Agirrek, 595,5 punturekin txapeldun orde geratu denak, bere agurrean garaia zuela esan dio txapeldunari, eta honek arrazoia eman dio bere azken bertsoan: «Bai, garaia zen ja probatzeko, benetan hau da itzela/  A ze marroia eskeintzearena bakarrik bati txapela/ bertso eskolantzat izan ahal zen, baina uste dut ez dela/ Lierni bisitan lagunkidea, baina gaur dugu bestela/ amarentzako, anaiarentzat, baina ez da horren epela/ uste dut badakitela/ Iñaki ez baita ergela/ Iratxe eta Ekaitz argi dut hau merezi duzuela/ eta etxean nahi zaituztegu soilik behar bezela».

Hirugarrena Xabi Igoa aramaioarra izan da, 409,5 punturekin, ia akatsik egin gabe eta erregulartasun handia erakutsita. Oihane Perea, gaur arteko txapeldunak ere saio ona egin du, ohi duen bezala alor guztietan ondo jositako bertsoekin; hirugarren postua lortu du, 399 punturekin.

Peru Abarrategi aramaioar gazteak ere saio polita egin du, berak nahi zuen bezala nerbioak menderatuta, itxuraz eta bertsotan erakutsiz. Bosgarren postua eskuratu du 384,5 punturekin. Azkenik, urduritasunak baldintzatuta baina perla eta detaile eder batzuk utzita, Aroa Arrizubietak 363 puntu batu ditu.