NAIZ
IRUÑEA

Prekarietatea salatzeko ekintza batengatik 21 hilabeteko espetxe zigorra jaso du LABeko kide batek

Iruñeko Zigor Arloko 4. Epaitegiak 21 hilabeteko zigorra ezarri dio LABeko kide bati iazko udan hiriko jatetxe batean prekarietatea salatzeko eginiko mobilizazioengatik. «Jazarpena» salatu eta protesta ekimenak abiatzeko prentsaurreko masiboa eginen dute astelehenean. 

‘La Sangiovesa’ jatetxearen aurrean eginiko protesta bat, iazko sanferminetan. (NAIZ)
‘La Sangiovesa’ jatetxearen aurrean eginiko protesta bat, iazko sanferminetan. (NAIZ)

Ohar bidez LABek jakinarazi duenez, sindikatuko kide bati 21 hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio Iruñeko Zigor Arloko 4. Epaitegiak, 2018ko udan ‘La Sangiovesa’ jatetxean prekarietatea salatzeko eginiko ekintza sindikal batengatik. 

Gogoratu dutenez, «lan esplotazioa eta enpresak eginiko kaleratzeak» salatzeko mobilizatu ziren jatetxe horretako langileak. Izan ere, LABen arabera, «lan esplotazioa oso agerikoa zuen ostalaritza establezimendua zen ‘La Sangiovesa’: ez zituzten langileek eginiko ordu guztiak ordaintzen, bazeuden kontraturik gabeko langileak, askatasun sindikalak urratzen zituzten... Konparazio batera, kamioia deskargatzea pizza batekin "ordaindu" zuten inoiz». 

Egoera honen aurrean, langileak antolatu egin ziren eta, hauteskunde sindikalak egin eta gero, «enpresak hainbat langile kaleratu zituen bere gustuko hautagaitzari botoa ez emateagatik». Sanferminetan hainbat protesta egin ondoren, LABek «akordio ona» lortu zuen enpresarekin. Zehaztu dutenez, kaleratutakoak berriz hartzeaz eta langileen eskubideak errespetatzeaz gain, mobilizazio horien harira jarritako salaketa guztiak kentzea ere onartu zuen enpresak.

Nolanahi ere, Fiskaltzak LABeko bi kideren aurkako zigor eskaerei eustea erabaki zuen «jatetxean modu baketsuan sartzeagatik, kanpoan elkarretaratzea egiteagatik, pegatinak paratzeagatik eta denbora labur batean megafono batekin hainbat eslogan botatzeagatik». Auzipetuetako batentzat bi urte eta 3 hilabeteko espetxe zigorra eskatu zuen eta jatetxeko langilea ere bazen bigarrenarentzat, aldiz, urte eta erdikoa. «Derrigortze delitu harrigarri bat» leporatzen zieten.  

Azkenean, lehenbizikoari 21 hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio Emilio Labella epaileak, kartzelara sartzeko derrigortasunarekin, eta jatetxeko langilea absolbitu egin du. 

LABek «berehalakoan jarriko du erabaki honen aurkako helegitea». 

«Galdutako» froga

Sindikatu abertzaleak gogor salatu du froga moduan bideo bat aurkeztu zutela –«bezeroak batere arazorik gabe sartzen eta ateratzen zirela» erakusten zuena– eta hura epaitegietan «galdu» egin denez ez dutela aintzat hartu. 

LABen aburuz, «epaia bera eta epaiak ezartzen duen zigorra hagitz larria da, eta ez da onartzen ahal, askatasun sindikalaren aurkakoa baita, borroka sindilaka inoiz baino beharrezkoa den une batean hain zuzen ere». 

Azkenaldian sindikatuak eraso gehiago jasan dituela gaineratu dute, Huerta de Peralta enpresan eginiko grebarengatik, «makina bat isun» jaso baititu. 

Gertaturikoaz informatzeko eta egin daitekeenaren berri emateko, zein sindikalisten aurkako jazarpena salatzeko, LABek agerraldi masiboa egingo du astelehenean, ekainak 3. Iruñeko Gaztelu plazan jarri dute hitzordua, goizeko 11.30ean.