Poliziak bost lagun atxilotu ditu Iruñerrian Korrikan presoen argazkiak ateratzea leporatuta

Iruñerriko bost bizilagun atxilotu ditu espainiar Poliziak gaur goizean, Korrika bertatik igaro zenean euskal preso politikoen argazkiak erakustea leporatuta. Bostak aske geratu dira dagoeneko. Beste lau pertsona atxilotzeko agindua zegoen, baina bertan behera utzi dute sarekada, nahiz eta azken hauek ere «ikertu» gisa agertuko diren atestatuan.

Aitor AGIRREZABAL|2019/06/20

«Terrorismoa goratzea» leporatuta Iruñerriko bost pertsona atxilotu ditu espainiar Poliziak gaur goizeko lehen orduan. Korrika Iruñerritik igaro zen egunean zehar presoen argazkiak erakustea egozten diete. Eguerdirako, guztiak aske geratu dira, karguekin.

Poliziak defentsei komisaldegian jakinarazi dienez, operazioaren barne beste lau pertsona atxilotzeko agindua zegoen, baina bertan behera utzi dute sarekada. Hala ere, azken hauek ere ikertu gisa agertuko dira espainiar Poliziak Entzutegi Nazionalera bidaliko duen atestatuan. Madrilgo epaileak erabaki beharko du kasua aurrera doan edo ez. «Atxiloketak neurrigabea eta justifika ezinak dira», adierazi dio defentsak NAIZi.

Kasua Anvite Nafarroako biktimen elkarteak egindako salaketa batean du jatorria. Maiatzaren 13an, orduan Guardia Zibilak, hiru pertsona atxilotu zituen Berriozarren, argudio bera erabiliz. Kasu horretan eta beste aurrekari batzuetan, Entzutegi Nazionalak argazkiak erakustea «terrorismoa goratzea» leporatzeko ez dela nahikoa baieztatu du. Kasu horretan, argazki horiek eramatea haien militantzia goratzeko nahiarekin egiten dela frogatu beharko litzateke eta ez urruntzea salatu edo oinarrizko eskubideen aldarrikapena bezalako beste arrazoi bat dela-eta erakusten direla, atxikita dagoen dokumentuan ikus daitekeen moduan.

AEK-k eta Sortuk atxiloketak salatu dituzte

AEK-k, ohar baten bidez, «elkartasuna» adierazi nahi izan die atxilotuei eta atxiloketak «gaitzetsi» egin ditu ohar baten bdiez. «Korrika euskararen aldeko ekimena da, eta ez besterik. Korrikaren helburua eta mezua publikoak eta argiak dira. Hori horrela izanik, ekimen parte-hartzaile eta anitza da Korrika, eta bertan sentsibilitate eta pentsaera desberdinetako jendeak hartzen du parte. Hori da, hain zuzen ere, Korrikaren nahia, ahalegina eta meriturik handiena, jende ezberdina biltzea gure hizkuntzaren alde. Korrika bitartean azal litezkeen bestelako aldarrikapenak, parte-hartzea bezain anitzak, Korrikaren parte-hartze zabal eta anitz horren isla baino ez dira. Beraz, tristuraz eta kezkaz hartu dugu Korrikaren partaide batzuk halako egoera batean egon behar izatea», adierazi dute.

Honela, atxiloketak «zentzugabekeria galanta» direla nabarmendu dute. «Gizarteak aurrera egin nahi du elkarbizitzan, eta horrelako atxiloketek garai zaharretara eramaten gaituzte, alderdien arteko tirabiren jokoan eragiteko, besterik ez».

Era berean, Sortuk, sare sozialen bitartez, sarekada salatu eta atxilotuen berehalako askatasuna aldarrikatu du. «Bake eta bizikidetza agertoki bat eraikitzeko preso politiko eta beren senideen eskubideak bermatu behar dira. Elkartasuna ez da delitua, preso politiko guztiak kaleratu arte ez dugu etsiko!», adierazi dute.