Garik eta Josu Zabalak hirugarren kontzertu bat eskainiko dute Bilboko Kafe Antzokian

Irailaren 17an zehaztu dute data Kafe Antzokiko emanaldirako. Horrez gain, Hertzainak talde mitikoa gogora ekarriko duen ikuskizunak beste bi data zituen aurretik finkatuta, irailaren 25 eta 26an Euskaldunak Jauregian.

Naiz|Bilbo|2019/09/04 14:32
Gari-zabala
Gari eta Josu Zabala, Kafe Antzokiko kontzertuen aurkezpenean. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Josu Zabalak eta Garik hirugarren kontzertua eskainiko dute Bilbon. Hertzainak talde mitikoaren abestiak gogora ekartzeko kontzertuak lotuta zituzten irailaren 25 eta 26an Euskalduna jauregian. Orain beste  kontzertu bat iragarri berri dute: Kafe Antzokian izango da, irailaren 17an, 20.30etan.

Hertzainak taldeak 6 diska kaleratu zituen bere garairik gorenean. Orain, talde hartako kideetako bik 17 kanta adierazgarrien errepertorioa prestatu dute ‘Inun baino alaiagoa izanen da’ izenburupean.

Hasiera batean kontzertu bakarra eskaini behar zuten, irailaren 26koa, baina sarrerak agortu egin ziren eta bigarren data bat finkatzea erabaki zuten. Oraingoan eszenatokiz aldatzea erabaki dute aretoarekin duten harremana dela medio.

Musikariek Kafe Antzokia «etxetzat» dutela adierazi dute, eta horregatik erabaki dute kontzertu berezia eskaintzea areto horretan Euskaldunako kontzertuen aurretik. «Euskal komunitatearen arnaslekutzat» hartzen duten espazioko eszenatokiko eskilarak igotzea eta jendaurrean aritzea «ilusio handia» egiten diela adierazi dute Hertzainak-eko kide ohiek.

Topaketa historiko honen parte izateko aukera gehiago izango da beraz. Sarrerak jada salgai daude Kafe Antzokiaren webgunean, 30 eurotan (+ kudeaketa gastuak).