Pirritx, Porrotx eta Marimotots Anaitasunan izango dira abenduaren 22an

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek heldu den abenduaren 22an Iruñeko Anaitasunan izango direla iragarri dute sare sozialen bidez. «Zentsura putzura!» mezua hedatu, kiroldegia bete eta etxetik «eskuargia, kopetargia edo ipurtargia» eramateko deia egin dute. «Iruñea iluna argituko dugu».

NAIZ|IRUÑEA|2019/11/29
Pirritx-ona
Maritotots, Pirritx eta Porrotx, atzo Iruñean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek argi adierazi zuten atzoko agerraldian urtea bukatu baino lehen Iruñean ikuskizuna eskainiko zutela, eta agindutakoa bete dute. Twitterren eskegi duten bideo baten bidez iragarri dute heldu den abenduaren 22an Iruñeko Anaitasunan izango direla, arratsaldeko 17.00etan. «Zentsura putzura!»

Baluarten eskaini behar zuten ikuskizuna pailazoek, baina Enrique Maya alkateak bertan behera utzi zuen, kontratuan akatsak zeuden aitzakiarekin, eta Nafarroako Kontseiluak kontratua balekoa zela berretsi arren, Navarra Sumako agintariak adostutakoa ez betetzea erabaki zuen. 

Atzo gauerdira arte itxaron zuten Pirritx, Porrotx eta Marimotosek, egoera konpon zitekeen itxaropenarekin, baina Mayak bere jarrerari eutsi dionez, beste irtenbide bat topatu dute eta abenduaren 22an Anaitasunan izango dira, arratsaldeko 17.00etan.

«Irtenbidea maitasuna da, alaitasuna, ahizpatasuna. Edo, Anaitasuna?», diote Twitterren eskegi duten bideo laburrean. 

Anaitasuna bete eta etxetik «eskuargia, kopetargia edo ipurtargia» eramateko deia egin dute. «Iruñea iluna argituko dugu».