Jon Maia zuzenean finalera, lehen final parekidera

Agin Laburu, Beñat Gaztelumendi, Jon Maia, Alaia Martin, Ane Labaka, Oihana Iguaran, Beñat Lizaso eta Nerea Elustondo. Zortzikote horrek josiko du Gipuzkoako lehen final parekidea abenduaren 14an.

Amagoia Mujika Telleria|2019/12/01
Maia
Jon Maiak irabazi du Tolosako finalaurrekoa (Gorka Rubio I FOKU)

Tolosako Usabal kiroldegian jokatu da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoa. Abenduaren 14an Illunben jokatu den finalaren aurreko azken geltokia. Jon Maiak irabazi du saioa eta, beraz, finalerako zuzeneko txartela lortu du, 494,5 punturekin. Maiaz gain, Tolosatik Illunbera salto egin dute Oihana Iguaranek (471 puntu) eta Beñat Lizasok (469,5). Beraz, aurten lehenengoz parekidea izango da Gipuzkoako finala, lau emakume eta lau gizon arituko dira. Horrez gain, hiru finalista berri izango dira: Ane Labaka, Beñat Lizaso eta Nerea Elustondo. Benetan zortzikote bikaina Illunbeko borobiltzeko.

Tolosako saioa bero joan da, nahiz eta igartzen zen asko zegoela jokoan. Jon Maiak hasi eta buka saio ona josi du eta kartzelako gogoangarria utzi du. Bigarrena, Oihana Iguaran, 471 punturekin, txukun, eutsiz. Hirugarrena Beñat Lizaso izan da, 469,5 punturekin. Bero ospatu du puntuazioa Beñat Lizasok, ondo balio diolako Illunbeko finalera joateko. Hasierako agurrean kantatu duenez, Tolosatik alde ona zen probatzeko geratzen zitzaion bakarra eta gaur aho zapore gozoarekin amaitu du.

Laugarrena Jokin Uranga, 456,5 punturekin. Txapelketa bikaina egin duen arren, gaur oso lotuta aritu da eta urduritasunak ez dio utzi aske aritzen. Bosgarrena, Iban Urdangarin, 444 punturekin. Kartzelako bizi batekin bukatu du saioa, publikoaren beroa sentituta. Eta, seigarren, Haritz Mujika, 432 punturekin. Puntuek beti ez dute ondo jasotzen bertsolariak publikoan piztutako sentsazioa eta Mujikak sentsazio onak sortu ditu Tolosan.