NAIZ

Sea Watch eta Open Arms ontziek 237 migratzaile erreskatatu dituzte Mediterraneoan

Sea Watch GKE alemaniarrak eta Open Arms katalanak 237 migratzaile erreskatatu dituzte Mediterraneo itsasoan azken 24 orduotan, lau operazio desberdinetan, erakunde horiek sare sozialen bidez berri eman duenez.

Libiatik ihesi zihoazen 60 lagun erreskatatu zituen atzo Sea Watchek. (@seawatchcrew) (
Libiatik ihesi zihoazen 60 lagun erreskatatu zituen atzo Sea Watchek. (@seawatchcrew) (

Sea Watch Gobernuz Kanpoko Erakunde (GKE) alemaniarrak jakinarazi duenez, azken 24 orduotan hiru operazio burutu ditu Mediterraneoan eta 119 migratzaile erreskatatu ditu.

Azken erreskatea gaur goizaldeko lauretan izan da, Maltako kosta inguruan; 42 pertsona zihoazen ontzia topatu du Sea Watch 3 barkuak eta, erakundeak salatu duenez, Maltako agintariek uko egin diote erreskatean parte hartzeari. GKE alemaniarrak oharatazi du ontzian ziohazen migratzaileek hipotermia arrisku handia zutela, tenperatura baxuengatik. 

Hori baino ordu batzuk lehenago, ontzi berberak beste 17 lagun erreskatatu ditu jitoan zebilen eguerrezko txalupa txiki batean. Guztiak familia berekoak ziren eta horien artean zortzi haur zeuden. Libiatik ihesi zihoazen.

Ostegunean, berriz, Libiako kostaldetik hogeita lau milia ingurura jitoan zebilen beste ontzi bat ikusi zuten eta bertan zihoazen 60 pertsonak erreskatatu zituzten. Moonbird salbamendu humanitarioko hegazkin batek atzeman zituen.

Sea Watchen ontziak beste bi txalupa pneumatiko ikusi zituen itsasoan, baina kostazainek atzeman egin zituzten eta Libiara itzularazi.

Oper Arms GKE katalanak ere beste bi erreskate burutu ditu azken orduotan. Lehenengoa goizean egin du eta 44 gizonezko jaso dituzte. Twitter bidez jakinarazi duenez, bi egun zeramaten jitoan eta haien egoera kritikoa zen, hipotermia zantzu larriekin.

Eguneko azken erreskatearen berri arratsaldean eman dute eta operazio honetan 74 migratzaile erreskatatu dituzte.

Une honetan Sea Watch eta Open Armas dira Mediterraneoan erreskatean dabilen itsasontzi bakarrak; urtarrilaren bukaeran Aita Mari ere hara itzuliko da.