naiz

Migratzaileen harreraren inguruan eskumenak argitzeko eskatu die Arartekoak euskal administrazioei

EAEko herri administrazioek iraganbideko migratzaileen harrerari lotuta egindako jardueren inguruan eta herritar plataformek salatutako gabeziei buruz ikerketa egin du Arartekoak eta zer eskumen, eginkizun eta zerbitzu dagozkien argitzea eskatu du.

Irunera iritsitako migratzaile taldeetako bat. (Gorka RUBIO / FOKU)
Irunera iritsitako migratzaile taldeetako bat. (Gorka RUBIO / FOKU)

Euskal administrazioei migratzaileen harreraren inguruan zer eskumen, eginkizun eta zerbitzu dagozkien argitzea eskatu du Arartekoak. «Migrazioaren gizarte egitateari, fase guztietan (harrera, integrazioa eta gizarteratzea), arreta arduratsua ematea, aniztasuna kudeatzea eta diskriminazioaren aurka borrokatzea funtsezkoak dira migrazioak dakartzan gizarte garapenari eta gizarte mugikortasunari begira», nabarmendu du ohar baten bidez.

2018ko udan, zenbait herritar-plataformaren eta gizarte-erakunderen kexak jaso zituen Arartekoak. Erakunde horiek adierazi zuten kezkatuta zeudela Andaluziako kostaldetik zetozen migranteen premia eta zaurgarritasun-egoeragatik, beste batzuetan baino askoz lagun gehiago iristen ari ziren-eta. Horri erantzunez, Arartekoak hainbat jarduera egin ditu, fenomeno horren berri izateko eta euskal herri-administrazioek egin dituzten jarduketak aztertzeko.

Hainbat kasutan Estatuko gobernuak EAEko agintariei hainbat migrante iritsiko zirela ez ziela jakinarazi ekarri du gogora. Kasu askotan Europa iparralderantz iraganbidean zeuden migratzaileak, zeinak Estatuaren hegoaldeko mugatik sartzen baitziren. Hala ere, ordura arte lagun gutxi ziren iritsiak.

Migratzaileak Estatuaren hegoaldeko mugatik autobusez iritsi ziren hurrengo aldietan, EAEko Gurutze Gorriak eman zion horren berri Lakuari. Euskal herri-administrazioek, hasieratik, arreta emateko zenbait jarduera-ildo abiarazi zituzten, eta hasieran koordinatu egin ziren EAEko Gurutze Gorriarekin.

Honen ondotik, Arartekoak hainbat bilera egin zituen Bilboko, Donostiako, Gasteizko eta Irungo udaletako gizarte-zerbitzuekin, Lakuako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailarekin eta Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiarekin, herri administrazioen erantzunak ezagutzeko.

Modu honetan zenbait gogoeta jaso dira «koordinatzeko, lankidetzan aritzeko eta eskumenak argitzeko beharrari buruz», EAEko herri administrazioek iraganbideko migratzaileen harrerari lotuta egindako jardueren inguruan eta herritar plataformek salatutako gabeziei buruz. Egoeraren aurrean harrera politika publikoak «abiarazteko beharra» planteatu da.

Arartekoaren iritziz, «ez da fenomeno iragankorra, egiturazkoa baizik, eta, beraz, zeharkako erantzun estrategikoak txertatu behar dira».