MARTXELO DIAZ

Oteitzan egingo dute Pirritx eta Porrotxek Lizarrako alkateak zentsuraturiko emanaldia

Lizarrako alkate Gonzalo Fuentesek (Navarra Sumakoa) Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikusikizuna egiteko Lizarrereria kiroldegia uzteko ezezekoa eman zenean iragarri zuten bezala, ekitaldia egin egingo da. Oteitzako Iturtxipia kiroldegian izanen da otsailaren 5ean.

Iaz, Pirritx, Porrotx eta Marimotostsek Lizarran egin zuten ikuskizuna. (KOTARRO)
Iaz, Pirritx, Porrotx eta Marimotostsek Lizarran egin zuten ikuskizuna. (KOTARRO)

Otsailaren 5a. 17.30ean. Oteitzako Iturtxipia kiroldegian. Zortzi euroren truke. Hauexek dira Pirritx, Porrotx eta Marimotots Lizarraldean eskeiniko duten emanaldiaren datuak. Navarra Sumako Gonzalo Fuentes Lizarrako alkateak Lizarreria kiroldegia ukatu zionetik Garean Euskaldunon Elkarteak argi eta garbi esan zuen ekitaldia antolatu antolatuko zela, oraindik toki zehatza ez bazekiten ere.

Gauzak horrela, dagoeneko jakitera eman dute tokia eta aurreikusitako eguna mantentzen dela: Oteitzako Iturtxipia kiroldia eta otsailaren 5a.

Talde honek azaldu duenez, lehenengo eskaeraren ezezekoa jaso eta gero Fuentesengana zuzendu ziren eskaera berri baten, erregistroan hilaren 22an paratu zutelarik. «Bertan adierazten zen jada pilotaleku honen kudeatzaileekin eta kirol talde erabiltzaileekin hitz egin zela eta ez zutela arazorik ekitaldia bertan egitearekin. Urtarrilaren 28an oraindik erantzun ofizialik ez bazen ere, beste bide batzuetatik jakinarazi zitzaion Elkarteari Udalak eskaera berria ere ukatuko zuela», azaldu dute. Izan ere, Fuentesen argudioa kiroldegia ukatzeko kirol jarduerak lehentasuna zutela izan zen.

Hamaika urte daramatzate urtero urtero gisa honetako ikuskizuna antolatzen.

«Ikusita premia, otsailaren 5a gainean zegoela, eta Gareanek ikuskizuna baldintza egokietan gauzatzeko asmo irmoa zuela, modu paraleloan emanaldia ziurtatzeko bideak jorratu ziren. Eta bide horrek fruitu emankorra eman du Oteitzako herriarekin. Gareanek eskerrik beroena eman nahi dio Oteitzako Udalari eta herriari, besteak beste horren epe estuarekin Elkartearen eskaera begi onez hartu duelako», azaldu dute.

Honez gain, jaso duten elkartasuna eskertu nahi izan dute. Elkartasuna bai Lizarra, Lizarraldea eta Nafarroako hainbat txokotik zein Euskal Herri osotik heldu zaiela nabarmendu dute. Hauen artean Maddalen Arzallusek igorri zien ‘Maite zaitut’ kantaren bertsioa azpimarratu dute.