
David Pla ETA erakundearen zuzendaritzako kide ohiak Baionako espetxean igaro du asteburua baina ondoko ordutan espainaratuko dute. Preso ohi nafarra Madrilgo Soto del Realgo espetxera bidaliko dute, bertan gaua egin eta asteazkenean epailearen aurrera eramateko.
Parisko Dei Auzitegiak joan zen azaroak 18an onartu zuen ETAren mintzakide ohiaren aurka espainiar Auzitegi Nazionalak igorritako euroagindua. Plaren defentsa helegitea aurkeztu bazuen ere, finean Kasazio Gorteak erabakia baieztatu zuen abenduan.
David Pla 2015ko irailean atzeman zuen frantses Poliziak, Baigorrin, Iratxe Sorzabalekin batera.
Kartzela zigorra bete ondoren, 2019ko apirilaren 18an aske geratu zen. Izan ere, Osnyko espetxetik atera baino lehen Auzitegi Nazionalak 2011ean bere aurka zabalduriko euroagindua igorri zuen.
Pla behin-behineko askatasunean libre atera zen eta geroztik astean birritan joan da Hendaiako komisaldegira sinatzera. Joan zen ostegunean, tramite hori betetzera zihoala atxilotu zuen Poliziak. Geroztik Baionako espetxean izan da noiz Espainaratuko zuten zain.
Kartzelan bost egunez
Legearen arabera Frantziak 10 egun ditu euroagindua betetzeko. Izan ere, Plaren defentsak zein gertukoek beraien harridura eta baita haserrea ere agertu dute.
Finean, Hendaian bizi den herritar nafarra Espainiaratzeko erabakia irmo da joan zen abenduaz geroztik. Gauzak horrela, aipaturiko iturri horien arabera, nekez ulertu daiteke Pla berehala espainiar auzitegien esku jarri ordez Baionako espetxean atxikitzea.

Haurdunaldiarekin batera ondutako disko berria iragarri du Izarok abendurako

Idahon (AEB) ikurrina debekatzeko egitasmoa bultzatu dute Trumpen aldekoek

Investigan la aparición de un cadáver en el río Deba en Eskoriatza

Hallado en Urbasa el esqueleto de un bisonte de hace 4.000 años con una punta de flecha
