Lasaitzekoa zen bilerak ez du baretu ermuarren amorrua

Pasa den ostiralean jakinarazi zuen Lakuako Osasun sailak Zaldibar, Ermua eta Eibar eremuan ohikoa baino dioxina eta furano kantitate handiagoa zegoela airean. Honengatik, prebentziorako neurriak aholkatu zituzten. Egoera Ermuako bizilagunei hurbilarazteko herri bilera egin dute astelehen honetan herriko antzokian baina ez dute lortu egoera gehiago argitzea ez eta bizilagunen amorrua baretzea ere.

Ane URKIRI|Ermua|2020/02/17
Ermua
Ermuako antzokia jendez bete da herri bileran. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)

Zaldibarko zabortegiaren luiziaren ondotik eratutako batzorde teknikoan parte-hartzen duten ordezkariek herri bilera eskaini dute astelehen honetan Ermuko Antzokian. Bizilagunak lasaitzeko asmoz eginiko bilera honek ez du itzali ermuarren kezka eta amorrua. Batzorde tekniko hori ezbeharra gertatu eta astebetera eratu zen eta bertako koordinatzaile Jesus Peñak adierazi du une aproposean eratua izan zela.

Ez dute informazio gehigarririk eman. Azaleratu dute bi desagertuta langileak egotea espero duten eremua dela lurra ezegonkorren dagoena eta beraz, oraingoz, egonkorren dagoen lurretan daudela zaborra kentzen.

Sua eta kea

Bilaketa lanak lehentasunen zerrendan daudela behin adierazita, jendearen segurtasuna eta biztanleen osasuna ere lehentasuna direla jakinarazi dute. Hala, suak eta keak ingurumean duen eraginean zentratu dira.

Zabortegiko su eta keak ingurumenean duten eraginaz informatzea izan da bilera honen helburua. Pasa den ostiralean jakinarazi zuten espero baino dioxina eta furano kantitate handiagoa dagoela airean eta horregatik hainbat neurri hartzeko aholkatu zuen administrazio publikoak; tartean, leihoak ahalik eta gutxien irekitzea eta kalean kirolik ez egiteko aholkuak luzatu zituzten.

«Normaltasuna bermatu» nahi izan dute eta ezbeharra gertatu zenetik egin dituzten lanak laburbildu nahi izan dituzte, beraien jarduna justifikatzeko. Uste dute ahalik eta modu egokienean jardun direla.

Lakuako aire zerbitzuko teknikari Saioa Ferrok tinko adierazi du bilera honek ez zuela baretuko biztanleriaren kezka eta amorrua; galderen tartea ireki denean, arrazoi duela ikusi du.

Datuen atzerapena justifikatu nahian

Justifikatu dute dioxina eta furanoen parametroen jakinarazpena hain berandu ematea −suteak hasi zirenetik aste batera eta laginak hartu zirenetik bost egunera−. Azaldu dute hauen datuen azterketarako Estatu espainolean bi zentru bakarrik daudela eta datu horiek lortzea egun batzuetako kontua dela. Jakin bezain pronto azaleratu zutela adierazi dute.

Bizilagunek, aldiz, aurpegiratu diote laginak hartu zituzten momentuan prebentziorako neurririk ez aholkatzea, emaitzen zain egon gabe. Joseba Bidaurrazaga Lakuako Osasun Publikoko ordezkariak justifikatu du aurreikuspenetan -gainontzeko parametroen balioak kontuan izanda- adituek ez zutela hainbesteko dioxina eta furano maila altuak egongo zirenik.

Ordezkari hauek ez dira oso fin ibili lasaitasun hori bermatzeko orduan. Iñigo Elosegik, esaterako, adierazi du «haizea beste norabide batean» doala eta Ermutik urruntzen ari dela. Jendearen irrien ondotik bere esana gaizkiulertua izan dela manifestatu du.

Sutearen arrazoiak

Suaren foku nagusienak astearte edo asteazkenerako itzaltzea aurreikusten dutela esan du Jesus Peña, batzorde-teknikoko koordinatzaileak.

Hipolito Bilbao, ingurumen baimenetarako arduradunak, sute hauek nola piztu diren azaldu du. Luiziaren ondorioz eratutako 30 metroko alturako ezpondan oraindik ondu gabeko hondakinak bilduta daudela jakinarazi du, bertan hondkin organikoak nagusiak direlarik. Hondakin hauek beroa eragiten dute eta ezponda horretan sua eragin dezaketen hiru osagaiak batu zirela azaldu du: material organikoa, oxigenoa eta tenperatura egokia.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK

 

NAIZ
Loading player...


KONPROMISOA, ERANTZUKIZUNA, ZORROZTASUNA

 

Elene CARRETO - FOKU
Loading player...


Konfinamenduaren erronketako bat da geure buruak eta gorputzak zaintzea. Bide horretan, martxoaren 30etik aurrera, NAIZek zumba saioak eskainiko ditu egunero, astelehenetik ostiralera, Elene Carreto dantzari durangarraren eskutik.