Haritz Larrañaga

«Metamorfosi Ekologikoaren aldeko martxa» Baionan amaitu da

Martxoaren bian Mauletik abiatu zen martxa Baionan amaitu da mobilizazio jendetsu batekin. Martxoaren 15ean izango diren herri hauteskundeetan aurkeztuko diren hautagaiei zazpi neurri proposatzen dituen «Metamorfosi Ekologikoaren ituna» sinatu dezatela eskatzeko martxak geldialdia egin du Angelun, ituna sinatu ez duen bertako auzapezaren jarrera salatzeko. Guztira Ipar Euskal Herriko 76 zerrendek sinatu dute ituna.

Ehunka manifestarik hartu dute parte metamorfosi ekologikoaren aldeko martxan. (Bizimugi)
Ehunka manifestarik hartu dute parte metamorfosi ekologikoaren aldeko martxan. (Bizimugi)

Maulen hasi eta, Zuberoa, Nafarroa Behera eta Lapurdi zeharkatu ostean, Baionan amaitu da Metamorfosi ekologokoaren aldeko martxa. Gaurkoan Biarriztik abiatu den martxak geldialdi bat egin du Angelun, Claude Olive auzapezaren bulegoaren aitzinean, izan ere, hautagai eskuindarra Metamorfosi Ekologikoaren ituna sinatu ez duen Lapurdiko hiru hiri nagusietako auzapez bakarra da.

Arratsaldeko 15.00ak aldera iritsi da martxa Baionara. Euripean sei ordu oinez ibili ostean, harrera beroa jaso dute 60 martxistek eta hitzartze baten ostean mobilizazio jendetsua egin dute, izan ere, 26 elkartek egin zuten mobilizazioan parte jartzeko deialdia.

Hautagaien sinadurak

Bizi mugimenduak proposatzen dituen zazpi neurriak haien programetan atxikitzera gonbidatu zituzten Ipar Euskal Herriko 158 herrietan hauteskundeetara aurkeztu diren zerrenda guztiak eta hautagaiei haien konpromisoa publikoki erakuts zezaten hitzordua ezarri zuten martxoaren bostean Uztaritzen.

Guztira 43 herritan aurkeztuko diren 70 zerrendetako hautagaiak izan ziren Uztaritzeko Lapurdi gelan egin zuten ekitaldian. Herri esanguratsuetako ordezkariak izan ziren bertan, Ipar Euskal herri osoko biztanleriaren %82a ordezkatzen duten herrietako zerrendak bertaratu baitzien Metamorfosi Ekologikoaren aldeko ituna publikoki sinatzera.

Biarritz edo Baiona bezalako Herriko Etxeetako zerrenda buruak nahiz herri txikiagoetako hautagai nagusiak izan ziren Uztaritzeko ekitaldian. Horrez gain, hainbat herritar ere bildu zen, itunaren aldeko sinadura herritarrek ere sina baitezakete, eta jada mila lagunetik gora eman dute haien atxikimendua. Izan ere, hautesleei deialdi berezia egin die Bizi mugimenduak, bozkatu nahi duten zerrendak zazpi neurriko ituna sinatu duen egiazta dezaten.

Oraindik sinatu ez duten zerrendetako hautagaiek gaurko gauerdira bitarteko epea dute zazpi neurriko plana babesteko, eta haientzat deialdi berezia egin dute. Egoeraren larritasuna adierazteko datu esanguratsu bat argitaratu du mugimendu altermundialistak. Azken ikerketa zientifikoen arabera 2024. urtetik aitzina planetaren berotze efektua 1.5 gradu gehitzeko arriskua dago eta Biziko kideek «desastre hori nola edo hala geldiarazteko» bitarteko guztiak «aktibatu» behar direla adierazi zuten.