Maite Ubiria

Etxegabeek soilik ez, haien txakurrek ere aterpe berria izanen dute Biarritzen

Koronabirusaren zabaltze azkarrari aurre egiteko orduan etxegabeak egoera bereziki zailean daude. Herritar horien konfinamendua posible egiteko harrera gune berria zabaldu dute gaur Biarritzen. Baionan, berriz, Lauga kirol aretoa egokitu dute horretarako. Pantxika Ibarboure Atherbea elkarteko zuzendariak ez du baztertzen, ordea, egoerak txarrera egiten badu frantses Gobernuak emandako aukerari jarraituz hoteletako gelak konfiskatzea ahulenak babesteko.

Lehenengo egoliarrak heldu dira arratsalde honetan Biarritzeko konfinamendu gune berrira. (Guillaume FAUVEAU)
Lehenengo egoliarrak heldu dira arratsalde honetan Biarritzeko konfinamendu gune berrira. (Guillaume FAUVEAU)

Aste hasieratik buru-belarri lanean dabiltza Atherbea elkarteko langileak. Gaur, Biarritzen eta, dena ondon badoa,  bihar bertan Baionan, harrera gune berri bi zabalduko dituzte etxerik ez duten herritarren konfinamendua ahalbidetzeko.

Zerbizu horien kudaketaren ardura hartuko du Pantxika Ibarboure buru duen elkarteak.

Biarritzen, Notary gimnasioan ireki dute zerbitzu berria. Kalean bizitzera behartuta dauden 20 bat pertsona, gau eta egunez, bertan izateko eremua antolatu dute.

Herriko Etxeak zehaztu duenez, jakinik karriketan bizi diren jende anitzek txakurrak izaten dituztela haien babeserako «animaliak bertan gordetzeko aukera ere bermatuko dugu», baieztatu du Ghislaine Haye Biarritzeko auzapezordeak.

Baionako Lauga kiroldegian, berriz, etxegabeak hartzeko eta beharrezkoa bada lehen mediku harrera egiteko ere 40 bat box ezarriko dituzte.

Era berean, sarrera nagusian egokipenak eginen dituzte, batik bat otorduen zerbitzuak antolatzeko.

Gosaria eta afaria Atherbeako langileek eta beste hainbat elkartetako bolondresek –hala nola Sokorri Katolikoa, Gaueko Mahaia edo Elikagai Bankuko lagunak– bermatuko dituzte bai Biarritzeko aterpean baita Baionako harrera gunean ere. Bazkariak ohiko hornitzaile batek ekarriko ditu.

Elkartasun sarea, hankaz gora

Covid-19 birusak sorturiko larrialdiak hankaz gora jarri du elkartasun sarea. «Gure langileen bi herenek etxetik jardun dute, gehienbat telefono eta mailez eguneroko harremanak bermatzen, eta gainerako guztiek, oso neurri zorrotzak harturik, lan presentziala burutzen segitzen dute», azaldu du Ibarbourek.

Lehenengo erronka gaindituko dute aste honetan. Gaur Biarritzen eta bihartik aurrera Baionan plantan emanen dituzten aterpe horiei esker «24 orenez zerbitzu irekiak izatea bermatuko dugu», azaldu du Atherbea elkarteko arduradunak.

Berehala oroitarazi duenez, «etxegabeek ezin dute kalean jarraitu, konfinamendua betetzeko aukera behar dugu bermatu herritar ororentzat».

Langileek trebakuntza azkarra jaso dute. Hornidurari dagokionez, Atherbea elkarteko buruak nabarmendu duenez «gaur gaurkoz behar ditugun babes materialak baditugu».

Horretaz gain bi harrera gune berrietan «oso garbiketa sakona eginen dute, egunero».

«Protokoloak ezartzeko konzientziazio lana eginen dugu, gure langileak babestu behar ditugulako, baita laguntzen ditugun herritarrak ere», azaldu du Ibarbourek.

Laguntzaile berriak behar dituzte

65 urte baino adin gutxiago duten herritarrak xerkatzen dituzte Covid-19 birusak sorturiko «osasun eta gizarte larrialdiari» erantzun egokia emateko.

«Herritarrei dei bat egin nahi diegu guregana hurbiltzeko, gure elkartea prest baita, baldintza guztiak bermatuta, ahulezian dauden herritarrei laguntza ematen jarraitzeko», azaldu du.

Frantziako Gobernuak etxegabeen aterpetzea azkartzeko egitasmoa aukeztu zuen iragan asteburuan. Plan horren baitan hotelen gelak konfiskatzeko aukera zabaldu zuen. Parisen bertan, baita beste hainbat hiri handitan ere, prozedura horiek martxan jarri dituzte.

Hoteletako gelak errekisatzea

Pantxika Ibarboure neurri horrekin bat dator. Are, Ipar Euskal Herrian 50 bat hoteletako arduradunekin harremanetan jarri direla aitzineratu du.

Oraingoz formula hori erabiltzeko beharrik ez badu ikusten ere, egunetik egunera aldatzen den egoera batean «hemengo hotelen erronda hori eginez ari gara prestatzen» nabarmendu du.

«Aterabideak behar dira atzeman, eta hoteletako gelen errekisizioak erantzun azkar bat ematea ahalbidetzen du», gehitu du Atherbea elkarteko arduradunak.