NAIZ

Gurutze Gorriak konfinamenduan eta dolu prozesuetan laguntzeko taldea sortu du Araban

Konfinamenduari eta dolu prozesuei aurre egiteko ezintasunari eta osasun sisteman lan egiten duten pertsonek izan dezaketen gainkarga emozionalari erantzun nahian, Gurutze Gorriak laguntza psikosoziala emango du Araban. Hogei profesional boluntarioz osatutako taldea jarri du martxan horretarako.

Gurutze Gorriko lagunak, etxegabeentzat pilotalekua prestatzen, Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Gurutze Gorriko lagunak, etxegabeentzat pilotalekua prestatzen, Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Gurutze Gorriak laguntza psikosoziala jarriko du martxan, Arabako biztanleei arreta emateko. Larrialdietako Berehalako Erantzun Talde bat sortu du horretarako, konfinamenduan eta dolu prozesuetan ondoan egoteko eta osasun langileei ere babesa emateko.

Prentsa-ohar batean agertu dutenez, Gurutze Gorriko 20 profesional boluntariok emango diote zerbitzua herritar guztiei.

Egoera horri aurre egiteko zailtasunak dituzten Gurutze Gorriaren erabiltzaileen eta Arabako gainerako erakundeen eskariaren ondorioz sortu da ekimena. «Konfinamenduari eta dolu prozesuei aurre egiteko ezintasunari eta osasun sisteman lan egiten duten pertsona guztiek izan dezaketen gainkarga emozionalari» erantzutea da zerbitzu honen helburu nagusia, Raquel Masa Arabako Gurutze Gorriaren Larrialdietako Berehalako Erantzun Taldeko erreferentziazko psikologoaren arabera.

Behar duen orok eska dezake

Taldea osatzen duten profesional boluntarioek jarraipena egin eta laguntza emango diete hala behar duten pertsonei. Laguntza psikologikoa behar duen edonork eska dezake, www.cruzrojaalava.es helbidean sartuz edo 01eriepsicosocialpv@cruzroja.es helbidera mezu bat bidaliz.