June Lakaren ‘Kresala’ filmak jaso du Huhezinemako euskarazko film labur onenaren saria

June Lakaren ‘Kresala’ film laburrak eskuratu du Huhezinema jaialdiko XIII. edizioko Goiena saria, euskarazko film onenari ematen zaiona. Sail Ofizialean Raul de la Fuenteren ‘El infierno’, Iñaki Tenaren ‘Pepita’ eta Mikel Carrilloren ‘Idoia’ ere saritu dituzte.

NAIZ|2020/03/28
Huhezinema_kresala
‘Kresala’ filmak jaso du euskarazko lan onenaren saria. (NAIZ)

Konfinamenduko hamahirugarren egunean esan dio agur Huhezinema euskal film laburren jaialdiak bere XIII. edizioari. Aurten, ezinbestean, online egitura bere eginda garatu da jaialdia eta larunbat honetan eman du edizioak eman duenaren eta palmaresaren berri.

Sail Ofizialean, June Lakaren ‘Kresala’ filma nagusitu da. Arrantzale herri batean bizi den Txiki haurra da protagonista eta egunerokotasunetik ihes egiteko aitonaren etxean ematen ditu egunak, zainetan itsasoko ura duela esaten duen arrantzalea. Aitonak kontatzen dizkion istorioekin liluraturik, itsasoko sekretuen bila abiatzea erabakiko du Txikik.

Sail berean ere Raul de la Fuente, Iñaki Tena eta Mikel Carrilloren obra bana ere saritu ditu Huhezinemak. Lehenak Mundukide Saria, giza eskubideak eta justizia sozialaren gaia egokien txertatzen duen filma saritzen duena, jaso du ‘El infierno’ filmagatik. Sierra Leonako Freeetown espetxeko presoen egoera jasotzen du filmak. Tenak, bere aldetik, bi sari bildu ditu Huhezineman: Mondragon Unibertsitateko ikasleek ematen duten Vertigo saria eta baita Ikusleen Saria ere, ‘Pepita’ lanagatik. 1938. urtean girotuta, film labur honetan elizatik irten eta espero ez duten zeregin bati aurre egin beharko dion gizon taldea da protagonista.

Carrillok, bere aldetik, Fantasiazko eta beldurrezko film labur onenaren La Horrorosa saria jaso du, ‘Idoia’ filmagatik: basoan galduta esnatu ostean, zuhaitz artean barneratzea erabakiko du Idoiak, gizon batekin topo egin arte; hasieran errezeloz hartuko duen arren, konfidantza handitu ahala gauzak ez direla berak uste bezala ikusiko du.

Sail Ofizialetik kanpo, Mondragon Unibertsitateak ematen dituen sariak ere banatu dituzte. Ane Miren Nafarrate eta Uxue Botasen ‘Tua’ filmak jaso du Fikzio Onenaren saria, Pablo Anzaren ‘Bizilagun’-ek Dokumental Onenaren saria, ‘Zuloan’ filmak Argazki Onenaren saria, Jon Lozano eta Marta Salvador-en ‘Ihesi’ lanak Ikusleen Saria eta Kartel Onenaren saria, azkenik, Lara Gonzalezek jaso du.

Streaming bidezko jarraipena

Zailtasunak zailtasun, Huhezinematik aurtengo edizioa «inoiz baino arrakastatsuagoa» izan dela ziurtatu dute eta jaialdian egin behar izan dituzten aldaketak ere aipatu dituzte: «Jaialdiak jasan dituen aldaketa erradikalak sentitzen ditugu, baina azpimarratu nahi dugu gure helburua izaten jarraitu duela: esentzia mantentzea eta ikus-entzulea entretenitzea zinemaren festa honen bitartez».

Hala, jaialdia amaitutzat eman duten arren Filmin streaming plataforman «fillm labur sorta izugarria» ikusgai dagoela azaldu dute.

 

 

NAIZ
Loading player...


Koronabirusaren krisiak kaltetutako taldeei laguntza ekonomikoa eman eta euskal musikaren industria babestu eta kulturari egiten dion ekarpena balioan jarri nahi du NAIZ Kontzertuak ekimenak.

Elene CARRETO - FOKU
Loading player...


Konfinamenduaren erronketako bat da geure buruak eta gorputzak zaintzea. Bide horretan, NAIZek zumba saioak eskainiko ditu egunero, astelehenetik ostiralera, Elene Carreto dantzari durangarraren eskutik.