Pentsiodunen Mugimenduak egoitzetako informazio «osoa eta egiazkoa» eskatu die agintariei

Pentsiodunen Mugimenduak gutunak bidali dizkie aste honetan Lakuako Osasun eta Gizarte politiketako sailburuei, ahaldun nagusiei eta Nafarroako lehendakariari, mendekotasunaren arretarako zerbitzuen egoera kritikoari eta egoiliarrengan dituen ondorio latzei buruzko informazio «osoa, egiazkoa eta objektiboa» biltzeko.

NAIZ|2020/04/25
Pentsiodunak
Gasteizko pentsiodunen manifestazioa, joan den otsailean. (Juanan RUIZ/FOKU)

Lakuako Osasun eta Gizarte politiketako sailburuei, ahaldun nagusiei eta Nafarroako lehendakariari igorritako gutunen bidez, EAEko eta Nafarroako Pentsiodunen Mugimenduak egoitzetako informazio «osoa, egiazkoa eta objektiboa» eskatu du.

Premiazkotzat jotzen dute oraindik hartu ez diren neurriak hartzea, eta mendekotasunaren arretarako sistema osorik berrikustea eskatu dute, «egoiliarren eta artatutakoen osasunerako eskubidea eta pertsona gisa duten duintasuna bermatzeko».

Lehenik eta behin, Pentsiodunen Mugimenduak haserrea adierazi du gutunetan, Covid-19ren pandemiaren ondorioz adinekoen egoitzetako egoerari buruz eta horiek mendekotasunaren arretarako zerbitzuetan (etxez etxeko laguntza barne) duten eraginari buruz argitara atera diren desadostasunengatik. «Gure zaintza bermatzeko inprobisazioa, babesgabetasuna eta baliabide eskasia azaleratu dira», adierazi dute.

«Gaur egungo osasun-krisiak beren maiteak galtzen ari direnekin eta Covid-19ren aurkako borrokan lehen lerroan daudenekin solidario izatera garamatza eta, aldi berean, gertatzen ari denari buruz hausnartzera, krisi hau gizarte gisa hobetzeko aukera bihurtu behar dugulako, bereziki adinekoei dagokienez, funtsezko langileekin batera, gizarte ahulenaren eta zigortuenaren sektoreetako bat baikara», azaldu dute jarraian.

Komunikatzeko formulak bilatu

Bakartze sozialeko neurrien ondorioz, pertsona batzuk bakardadean hiltzen dira, beren maiteei agur esan ezinik. Pentsiodunen arabera, beharrezkoa da senideei komunikatzea ahalbidetuko dieten formulak bilatzea eta azken agurra esan ahal izatea, osasun-langileen eta hurbilekoen segurtasuna bermatzearekin batera, betiere sufrimendua arinduz eta gaixoari erabakitzeko eskubidea emanez, zaindu dezaten nahi duen arte. Bizitzaren amaieran foru aldundien, udalen eta Osakidetzaren edo Osasunbidearen ardura diren zentroetan dauden laguntza-neurriak bateratu eta publiko egin beharko liratekeela uste dute.

Etxeko eta zaintzako langileen eremuan, gehienak emakumeak, ez dutela gutxieneko segurtasun baldintzarik salatu dute pentsiodunek gutunetan. Eta azalpen publikoak eskatu dituzte: «Pandemiak zentro publiko eta pribatuetan eta etxez etxeko laguntza zerbitzuan duen eraginari buruzko informazio zehatza eman dezatela: egoiliarren eta etxez etxeko laguntza zerbitzuen kopurua (zaintzaileak eta egoiliarrak); birusak eragindako pertsonak; egindako detektatze-testak; antzemandako larritasun-maila; gainditutako infekzio-kasuak; sintomak soilik dituzten kasuak; zentroetan eta etxeetan hildako pertsonak, eta abar».

Agertu dutenez, ebidentzien arabera, egoitza-arretari eta etxez etxeko laguntza-zerbitzuari buruzko politikek 180 graduko bira eman behar dute. «Planteamendu integral batetik egin behar da, inplikatutako erakundeak eta gizarte eragileak barne hartuz».

Helduak, eskubide eta betebeharrekin

Pentsiodunen Mugimenduaren ustez, foru aldundiek eta Lakuako eta Nafarroako gobernuek premiaz hartu behar dute kontuan mendekotasuna duten adineko pertsona gehienak, eta desgaitasuna duten adingabeek, beraien etxean bizi direla, eta bertan bizitzen jarraitu nahi dutela, gizartean parte hartu ahal izateko.

«Larrialdi bat gertatzen denean, beraz, beharrezkoa izango da etxez etxeko arreta integralerako proposamen bat, inplikatutako sektore guztiak koordinatzeko gai izango dena. Arreta soziosanitarioko eredu integratua, etxean bizi diren pertsonengan zentratua, zerbitzuak eta laguntzak koordinatuz, eta horrek epe laburrean aurrekontu ekonomikoa handitzea eskatzen du», azaldu du.

Gainera, aldundiek eta udalek adinekoen zentro guztien ebaluazioa, ikuskapena eta koordinazioa indartu behar dutela eta ostatuen eredua aldatzen jarraitu behar dutela uste du. «Eredu horrek pertsonak izan behar ditu jarduera-ardatz, eta ez zaintza hutsa. Helburua etxean bezala bizitzea da, norberaren etxean bizitzea ezinezkoa denean».

Pentsiodunek azpimarratu dutenez, adineko pertsonak, mendekoak izan edo ez, batez ere pertsona helduak dira, eskubide eta betebeharrak dituztenak, eta horien inguruan nabarmendu behar dena ez dira beraien mugak, baizik eta gizarteari laguntzeko duten gaitasuna, merezi duten errespetuan eta tratu duinean oinarrituta, baina irakaspenak atera behar dira, eta lehenengoa arlo publikoa indartzeko beharra da, gizarteko pertsona eta kolektibo ahulenei erantzuteko bermea baita.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK