NAIZ

Xabier Agirre, Jagoba Codo eta Fernando Alonso euskal presoak, hirugarren graduan azkenean

Gobernu espainolak gaur jakinarazi duenez, Xabier Agirre, Fernando Alonso eta Jagoba Codo euskal presoei hirugarren gradua eman die, lege bideetatik egindako borroka luze baten ondoren. Erabakiaren ondoan baldintzapeko askatasuna emango ote zaien ez du zehaztu, ordea. Momentuz espetxeetako gune irekietan geratuko omen dira.

Jagoba Codo presoaren alde Donostian eginiko protesta; gaixotasun larria du. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)
Jagoba Codo presoaren alde Donostian eginiko protesta; gaixotasun larria du. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)

Gobernu espainolaren menpe den Espetxe Zuzendaritzak ostegun honetan jakinarazi duenez, bigarren graduan ziren EPPKko hiru euskal presok hirugarren gradua eskuratu dute, Kolektiboak abiatutako borroka luze baten ondoren. Xabier Agirre, Fernando Alonso eta Jagoba Codo dira.

Espetxe Zuzendaritzak ez du argitzen, ordea, erabaki honek baldintzapeko askatasunari bide emango ote dion. Kontuan hartzeko bi datu eman daitezke puntu honetan: batetik, aurretik hirugarren gradua lortu zuen Gorka Fraile durangarra jada baldintzapean aske dela (hauxe GARAk egin berri zion elkarrizketa); bestetik, koronabirusak eragindako egoera dela eta, hirugarren graduan diren zenbait preso zuzenean kalean utzi dituela Madrilek, beti ere auziak banan banan aztertu ostean.

Momentuz, dauden espetxeetako «sekzio irekietan» geratuko direla aipatzen du Espetxe Zuzendaritzak. Gorka Fraileren kasuan, hirugarren gradua ematen zitzaiola agindu zuen komunikazio berean zehaztu zuten Iruñera lekualdatuko zutela, berak eskatu bezala, baina oraingoan ez da gauza bera adierazten.

Xabier Agirrek sei urteko zigorra betetzen du Logroñoko kartzelan eta amaitzear du kondena. Jagoba Codo ere bertan da, gaixotasun larria izan arren eta jada espetxean 19 urte bete dituelarik. Fernando Alonsori dagokionez, 23 urte eta erdi egin ditu preso dagoeneko eta kaleratzeko baimen arruntak (lau eta sei egunetakoak) izan ditu pasa den urteko urritik. Asturiaseko Villabonan dute Alonso.