Maite Ubiria

Behin kondena beteta, heldu den astean kanporatuko dute Garro

Azaroaz geroztik kartzela zigorra etxetik betetzen ari da Zigor Garro. Maiatzaren 2an amaituko du frantziar Justiziak ezarri zion kondena. Bere familiak Hendaian duen etxean konfinaturik dagoen oreretarrak maiatzaren 5an PAFeko komisaldegian azaltzeko agindua jaso du. Bertan «frantses lurraldean bizitzeko debekua» jakinaraziko diote kanporatze prozesuari bide emanez.

Zigor Garro, Zokoan, amaren aldeko hiletara ekarri zuten egunean. (Bob EDME)
Zigor Garro, Zokoan, amaren aldeko hiletara ekarri zuten egunean. (Bob EDME)

Konfinamendu garaia Hendaian bere familiak duen etxean igarotzen ari da Zigor Garro. Joan zen urteko azaroan baldintzapean aske geratu zen eta geroztik bertan bizi da.

Lanean jardun du, Lapurdiko beste edozein herritar gisara, iragan martxoaren 17an konfinamendua indarrean sartu zen arte.

Salbuespen egoera horretan jaso zuen, asteazkenean, bere kanporaketa prozesua abian ematen duen agiria. Maiatzaren 5ean PAFek Hendaian duen komisaldegian azaltzeko hitzordua eman diote Garrori, Maritxu Paulus Basurco abokatuak NAIZi baieztatu dionez.

«Erabaki administratibo baten gazapenaz ari gara, baina era berean testuinguru berezian gertatzen den erabaki batetaz ere bai», azaldu du abokatuak.

Alde batetik, osasun larrialdi baten erdian gauzatuko delako kanporaketa, eta bestetik, «epaitegiek Garrori ezarritako lurralde debekua altxatzeko egin genuen eskaerari erantzun eman gabe gauzatuko delako agindua», gaineratu du abokatu lohizundarrak.

Hain zuzen, Zigor Garrori kartzela zigorra arintzeko eskaera aurkeztu zuenean, abokatu lohizundarrak oreretarrari «behin betiko lurralde debekua» kentzeko eskaera luzatu zuen.

Geroztik, auzia noiz eginen zen zain egon dira. «Espero genuen zigorra amaieraren data hurbildu ahala deituko zutela auzia baina hala ez da horrela gertatu, eta orain konfinamendua etorri dagoenez, audientzia egitea ez da posible», zehaztu du.

Gauzak horrela, errenteriarra kanporatu ondoren egingo da auzia eta «litekeena da Garrok berriz ere Lapurdin bizitzeko eskubidea eskuratzea». Hala eta guziz ere, auziak datarik ez duenez, «errealitatea da, gaur gaurkoz, kalte pertsonala ekarriko diotela etxea eta lana Lapurdin dituen herritar bati prozedura administratibo bat betetzearren».

Zigorra arintzeko neurriak

2019ko azaroaren 22an Zigorren Aplikaziorako Auzitegiak (TAP frantsesez) ontzat eman zuen Garro eskumutur elektronikoa ezarrita etxean zigorra amaitu ahal izateko egin zuen eskaria.

Terrorismoaren aurkako Fiskaltzak 24 oreneko epea zuen helegitea aurkezteko. Alta, ez zuen horrela egin eta, ondorioz, Garrok auzitegiak finkaturiko egunean atzera utzi zuen espetxea.

Azaroaren 28an atera zen Landetako Mont-de-Marsango espetxetik, frantses Justiziak ezarri zion zigorraren azken sei hilabeteak etxean betetzeko.

Zigor arintzea jaso aitzin Garrok kalera ateratzeko baimen bi izan zituen. 2019ko uztailean egun bateko baimena eman zioten lan elkarrizketa bat egiteko.

Handik bi hilabetera, irailean, ikastaro bat egiteko hiru eguneko baimena ukan zuen.

Horrez gain, aurreko otsailean, amaren aldeko hiletan presente ahal izateko Zokoako elizara ekarri zuten.

Mont-de-Marsanera gerturatu zuten

Bestalde, Zigor Garro eta Julen Mendizabal izan ziren Euskal Herritik hurbilago dauden kartzeletara gerturatu zituzten lehen bi euskal presoa.

Euskal delegazioak frantses Justizia ministerioko ordezkariekin presoen egoera aldatzeari begira zabalduriko elkarrizketa prozesuaren testuinguruan, 2018ko otsailaren 27an eraman zituzten Baionatik 104 kilometrotara dagoen Mont-de-Marsango kartzelara.

Ordurarte Garro Euskal Herritik 620 kilometrora urrun dagoen Saint Maurreko espetxean zegoen eta Mendizabal 920 kilometrora urrun dagoen Osnyko kartzelan.

Frantziako Poliziak 2006an atxilotu zuen Garro, Quezac-en (Lozere). 2014an 17 urteko kartzela zigorra ezarri zioten ETAren talde logistikoaren arduradunetako bat zelakoan.