Haritz Larrañaga

Eraikin bera baina beste eskola bat topatu dute Ipar Euskal Herriko ikasleek

Hamaika urtetik beherako bi haurretik bat eskolara itzuli da Ipar Euskal Herrian. Duela bi hilabete utzi zuten eraikin bera, baina beste eskola bat topatu dute ikasleek. Bete beharreko neurriak etxean ikasita itzuli diren arren, haurren bulkada eta ohiturak zuzentzen nahiko lan izango dute irakasleek.

Donibane Lohizuneko Urdazuri eskola publikora sartzen. (Guillaume FAUVEAU)
Donibane Lohizuneko Urdazuri eskola publikora sartzen. (Guillaume FAUVEAU)

Haurrek ez dute duela bi hilabete utzi zuten ikastetxe bera topatu. Sarreran, nondik sartu behar duten azaltzen duen txartela, zein bide jarraitu behar duten seinalatzen duten geziak lurrean marraztuak, jolastokiko txirrista eta kulunkak plastikozko zintekin bilduak, saskibaloiko saskiak eta futboleko ateak berdin, eta irakasle zein lagunak maskarekin.

Horrez gain, ez dira lagun guztiak ikastetxean, batzuek etxetik ikasten jarraitzen dute, baina hala eta guztiz ere, pozik ziren gaur goizean eskolara itzuli diren haurrak. Beste asko ostegunean hasiko dira, eta datorren astetik aurrera gauza bera egingo dute 11 urtetik gorako ikasleek.

Donibane Lohizuneko ikastola adibidez, kanpotik begiratuta lehengo bera da, baina gerturatu ahala, lurrean margotuta dauden geziek eta atean jarritako txartelek ematen dute gauzak aldatu direnaren lehen aztarna. Ezkerretara seinalatzen duen geziak «lehen maila» adierazten du, eta «ama eskola» dioen geziak, ostera, eskuin aldera bideratzen ditu ikasleak. Gurasoek kanpoan geratu behar dute.

Ikasle txikiak etxeko lanak eginda etorri dira. Aurrerantzean jarraitu behar dituzten neurriak jada gurasoek irakatsi baitizkiete etxean. Ordea, ibilgailuak eskola aitzinera iritsi orduko ziztu bizian ateratzen ziren gaur goizean haurrak autotik, gurasoei erreakzionatzeko astirik eman gabe. Ikasleak ez dira ohiko moduan iritsi ordea, denak batera sartu beharrean, pilaketak ekiditeko ordu desberdinetan antolatu baitira sarrerak.

Guraso gehienek begi onez ikusten dute ikasketen berrartzea; «neurriak ongi beteta», azaldu du bere bi haurrak Donibane Lohizuneko ikastolan utzi dituen gurasoak. «Ni ez naiz zientifikoa, baina haiengan konfiantza osoa dut eta baita ikastolako arduradunengan ere» azaldu du Peiok. Aitzitik, Seaskak salatu duenez, «batzorde zientifikoaren irizpideen kontra, Frantziako Gobernuak inongo kontzertaziorik gabe erabaki du eskolak irekitzea».

Xabi medikua da, eta eskolara sartzeko irrikaz ziren bere bi haurrei eutsi ezinik azaldu die sarreran ziren kazetariei bi hilabete etxean sartuta izan ostean, «haurrei on egiten» diela eskolara joateko ateratzeak. 

Ezkutuko datuak

Ikastetxeetako zuzendari eta irakasleek ez dute prentsaren aurrean hitz egin nahi. Frantziako Hezkunde Nazionalak espreski debekatu die komunikabideei informazioa eskaintzea, eta horregatik eskuratu ahal diren datuak oso orokorrak dira. Ondorioz, oso zaila da ikastetxe bakoitzean aste honetan eskolan hasiko diren ikasleak eta etxean geratuko direnak zenbatzea.

Datu zehatzenak herriko etxeek eskaintzen dituzte, haur eskolen kudeaketa haien eskumenen artean aurkitzen baita. Baionan esaterako, 680 haur izango dira Lapurdiko hiriburuan diren 23 eskoletara itzuliko direnak eta Angelun, berriz, 550 haur.

Hendaian diren sei ikastetxeetan 339 haur hartu beharko lituzkete baldintza normaletan, baina soilik 150 ikasle inguru itzuliko dira aste honetan. Orokorrean, ikasleen erdia eskolaratuko den arren, irakasleen kasuan langileen herena izango da ikastetxeetara lanera joango dena.