NAIZ

Antzar Eguna bertan behera utzi du Lekeitioko Udalak

Lekeitioko Udalak Antzar Egunaren aurtengo edizioa bertan behera utziko duela iragarri du, covid-19 pandemiaren ondorioz. Aurtengo udan antolatuko diren gainontzeko kultur eta kirol jarduerak antolatzerakoan segurtasun neurriak betetzea «oso kontuan izango direla» adierazi du Udalak.

Antzar Eguna 2017. (Gorka RUBIO/FOKU).
Antzar Eguna 2017. (Gorka RUBIO/FOKU).

Lekeitioko Udalak ohar batean gogorarazi duenez, egungo pandemiak «krisi egoera larria» sortu du esparru askotan, tartean herrietako jaietan, eta, ondorioz, herriko jai asko bertan behera geratu dira.

Hori dela eta, aurten Lekeitioko jaiak ez direla ohiko moduan antolatuko iragarri du, «osasun eta segurtasun neurriak ez dituztelako bermatzen». Hala ere, Jai Batzordea egoera berrira egokitutako ekintzak egiteko aukera ezberdinak aztertzen ari dela ohartarazi du.

«Covid-19ak sortu duen egoerara moldatu behar izango dira ospakizun eta kirol eta kultur ekitaldi guztiak, San Pedroetatik hasi eta San Antolin jaietaraino», azaldu du Udalak.

Horrela, Antzar Eguna ezin denez garatu «segurtasun neurriak betez», aurtengo edizioa bertan behera uztea erabaki da, Antzar Batzordearekin, Jai Batzordearekin eta Lekeitioko Kofradiarekin kontrastatu ondoren.

«Pena handiz hartutako erabakia» izan dela adierazi du Udalak. Izan ere, aurten, 50 urte igaro ondoren, berriz ere zapatuan egitekoa zen Antzar Jaia, azkeneko aldia 1970ean izan baitzen. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako segurtasun eta larrialdiko arduradunen, 112a, Ertzaintza eta Osakidetzaren babesa jaso zen eta irailaren 5ean mantentzea erabaki zen. «Erronka handia baina polita izango zen», dio Udalak.

Aurtengo udan antolatuko diren gainontzeko kultur eta kirol jarduerak antolatzerakoan segurtasun neurriak betetzea «oso kontuan izango direla» argitu du Udalak: «Segurtasun irizpide eta guneak zehaztuko dira jarduera hauek egoki antolatzeko helburuarekin. Osasun egoeraren arabera neurriak aldatu ahalko dira, beti ere publikoaren eta parte hartzaile guztien segurtasuna bermatzeko asmoz».