Maite Ubiria

Emazte migratzaile talde bat atzeman dute Hendaiako Ondarraitz tren geltokian

Iragan ekainaren 21ean mugak zabaldu zituztenetik Europako beste herrialdetara joan nahi duten migratzaileen igarotzea azkarki emendatu da Irun eta Hendaia arteko pasabideetan. Gaur goizean emazte talde oso bat atzeman dute, turista eta bidaiaren begibistan, Hendaiako Ondarraitz tren geltokian.

Emazte afrikarrak geltokian sartu baino lehen atzeman dituzte. (Naiz)
Emazte afrikarrak geltokian sartu baino lehen atzeman dituzte. (Naiz)

Goizeko lehen orduetan eta iluntzean, gehienbat, ohikoa da bizpahiru lagun taldetan mugitzen diren migratzaileak ikustea Hendaiako karriketatik gaindi.

Gazteak eta gizonak. Motxila bizkarrean edo gurpilezko maleta batetik tiraka, musukoa jarrita. Han hemenka ibiltzen dira bere helmugara hurbildiko dituen hurrengo geltokiaren bila.

Hala egin dute gaur goizeko 8.30ak aldera Hendaiako Ondarraitz geltokira taxiz heldu diren emazteek.

Tren erabiltzaile batek NAIZi azaldu dionez, bera bezala beste hainbat lagun –ohiko tren erabiltzaileak batzuk, turistak besteak– trena noiz helduko zain ziren poliziaren operazioa bertatik bertara ikusi dutenean.

Bi taxi heldu dira. Barruan emazte afrikarrak. Horietako batzuk adingabeak. Polizia zuten zain eta bi auto gelditu bezain pronto poliziek kotxetik atera eta emazteak atzeman dituzte.

Argazkian agertzen dira, geltoki aurrean, poliziak gelditu ostean, emazte migratzaile horiek.

Hendaiako tren geltoki nagusian kontrol handiak direnez geltoki txiki horretara abiatzen dira askotan migratzaileak handik ahal den eta azkarren tren bat hartu eta mugaren eremua atzean uzteko.

Alta, edo Irunen hartzen dituzten taxi gidariek beraiek abisua ematen dutelako edo mugan kontrol sistema azkarrak daudelako, pertsona horien zeharkaldia kontrolatzen dute maiz poliziek.

NAIZek jaso dituen lekukotasunen arabera horrela gertatu da gaur Hendaiako Ondarraitz tren geltokian.

Poliziek «paperik gabe» heltzen diren pertsona horiek gelditu eta protokoloa jarraituz Hendaiako komisaldegira edo zuzenean ondoan dagoen Migratzaileak Atxikitzeko Zentrora eramaten dituzte.

Izan ere, euskal hedabideek behin baino gehiagotan argitaratu duenez beste batzuetan migratzaileak kontrol gabe berriz ere mugaren bestaldera eramaten dituzte franziar poliziek eta Santiago zubiaren Irungo aldean espainiar poliziek jasotzen dituzte.