Amaia Ugarte
Donostia

Marixol Iparragirreren askatasuna aldarrikatu dute, lehen epaiketaren atarian

Espainiaratu zutenetik ia urtebete igaro dela, Marixol Iparragirre heldu den uztailaren 8 eta 9an epaituko dute lehen aldiz Auzitegi Nazionalean, 1995eko auzi batengatik. Bere aurka dagoen froga bakarra ‘Anboto’ sinadura duen paper bat dela salatu dute gertukoek. Preso eskoriatzarraren askatasuna aldarrikatu dute Donostian.

Marixol Iparragirreren askatasuna aldarrikatu dute Bulebarrean egin duten agerraldian. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)
Marixol Iparragirreren askatasuna aldarrikatu dute Bulebarrean egin duten agerraldian. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Marixol Askatu ekimenak deituta, berrogeita hamar lagun elkartu dira Donostiako Bulebarrean eguerdian, Marixol Iparragirrek izango duen lehen epaiketaren berri eman eta haren askatasuna aldarrikatzeko. 

Eskoriatzarra iazko irailaren hasieran espainiaratu zuten frantziar agintariek eta Auzitegi Nazionaletik igaro ondoren preso sartu zuten. Ia urtebete geroago, uztailaren 8 eta 9an izango du lehen epaiketa, 1995eko auzi batengatik. Espainiar salbuespeneko epaitegian bere aurka dituen hamabi kasuetako bat da eta onartu zioten azken euroagindua auzi horretan oinarritzen da.

Hasiera batean lehen epaiketa urrirako aurreikuista zegoen, baina ekainaren 15ean epaiketa uztailaren 20an izango zela jakinarazi zioten. Bi egun beranduago, ordea, data berriro aurreratu eta uztailaren 8-9rako finkatu zuten, defentsa prestatzeko denbora murriztuz.

Epaiketa honetan Iparragirreren aurkako froga bakarra ‘Anboto’ sinadura daraman paper bat da, senideek NAIZi azaldu diotenez. Gainerako euroaginduek komisaldegian torturapean eskoriatzarraren aurka egindako deklarazioak izan dituzte oinarri.

Bulebarrean bildu diren senide eta lagunek Iparragirrek bizi duen «bidegabekeria» agerian utzi nahi izan dute. Iaz espetxeratu zutenetik lehen graduan «modu ankerrean» mantendu dutela gogora ekarri dute, «inolako epaiketarik egin gabe».

Ino Galparsoro Arrasateko alkate ohiak eta Olatz Albisu senideak nabarmendu dutenez, eskoriatzarrak ia lau hamarkada igaro ditu bere etxetik kanpo, eta «ezinbesteko ekarpena egin du Euskal Herria bake bidean jartzeko». ETAk bere ibilbideren bukaera iragartzen zuen agiria Iparragirrek kartzelako ziegatik irakurri zuela oroitu dute. «Beharbada ez diote jardun hori barkatu nahi iraganeko logikara kateatuta segi nahi dutenek», deitoratu dute. Eta hemen, bere emakume izaeragatik ere zigortu nahi dutela uste dute senideek.

Euskal presoaren askatasuna «ozen» exijitu dute eta Debagoieneko, Euskal Herriko zein munduko hainbat pertsona esanguratsuk aldarrikapen horrekin bat egin dutela adierazi dute. «Bidegabea delako, arduragabekeria izugarria delako gatazkara kateatuta segitzea».

Euskal Herriko sektore anitzek gatazka politikoa kopontzeko determinazioa erakutsi dutenean eta bakea eta bizikidetzarako «urrats sendoak» egin diren honetan, «estatu aparatuek muzin egion diote aukera horri eta mendekuaren joko zitalarekin tematuta jarraitzen dute». Marixol Askatu ekimeneko kideen iritziz, ziklo berri honetan «epaiketa oro soberan» dago.

«Ez da kartzelak betetzeko garaia, batzuen eta besteen artean zubiak eraikitzekoa baizik, herri honek bake, bizikidetza eta askatasunean aurrera egin dezan. Marixol askatu, preso guztiak askatu. Konponbide garaia da», bukatu dute.