Ramon SOLA

Pandemiaren kudeaketaz hitz egitea saihestu du Urkulluk ETB-1ean: «Hildakoekin jolastea da hori»

Ia hiru orduz eztabaidan ibili dira lehendakarigaiak ETB-1an, ostegun honen gauean. Gidoia nabarmen aldatu dela irudikatu da: bakegintzaz eta estatuaz apenas izan da hitzik, eta pandemia eta bere beharrak gailendu dira. Deseroso ageri da hor Iñigo Urkullu. Kudeaketari buruz azalpenak saihesteko, hildakoak ekarri ditu eztabaidara eta antzekoa egin du Zaldibarko gaiarekin.

Lehendakarigaiak eta PPko Laura Garrido, ETB-1ko eztabaida abiatu aurretik. (ETB-1)
Lehendakarigaiak eta PPko Laura Garrido, ETB-1ko eztabaida abiatu aurretik. (ETB-1)

Pandemiaren kudeaketa eta horrek sortutako krisialdiari aurre egiteko modua izan dira gai nagusi, hautagai nagusien arteko telebista bidezko lehen eztabaidan, ETB-1ean. Elkar loturiko bi gako, eta bietan Iñigo Urkullu EAJkoa protagonista.

Covid-19aren kudeaketaz ez duela hitz egiteko gogorik sumatu zaio azken zortzi urteotako lehendakariari. EH Bilduko Maddalen Iriartek zenbait kritika eta galdera luzatu dizkionean, bortizki erantzun dio Urkulluk, hori «hildakoekin jolastea» dela adieraziz. Minduta ageri da Iriarte akusazio horrekin.

Gehiagorako eman du liskar honek, jarraian Urkulluk EAEn izandako 1.600 hildakoak beste lurraldeetan erraz gainditu direla esan baitu. Birusak eragindako sarraskia, aldiz, populazioarekin alderatuta handienetakoa izan da hemen, datuek frogatzen dutenez. Koronabirusa detektatzeko testei dagokienez, PCR delakoetan «Europako punta-puntan gaude», erantsi du EAJkoak. UPV-EHUko testekin gertaturikoaz galdetu dio EH Bilduko lehendakarigaiak, baina erantzunik ez.

Pandemiaren ondorengoa ere mahai gainean egon da, jakina. Eta lapsus esanguratsua utzi du hor Urkulluk. Krisialdiari aurre egiteko dirua nondik aterako den azaltzen ari zela, «zerga, barkatu, zorra handitu dezakegu», atera zaio. Bistan geratu da gogoan duela aukera hori, baina ez duela gustoko. EH Bilduk zein Elkarrekin Podemosek fiskalitatea erabiltzeko apustua egiten dute; ostegun honetan bertan iragarri du Gobernu espainolak errenta handienei zergak igotzeko asmoa.

Urkulluk ez du horretarako asmorik. Eta bitxiagoa denez, PSEko lehendakarigai Idoia Mendiak ere ez, itxuraz: «Zergak dirua ateratzeko tresna bat dira, baina zorra ere bada tresna», esan du, nolabait lehendakariak esandakoa bere eginez. Puntu honetan, Equo-Berdeak-eko Jose Ramon Becerrak gogora ekarri du Confebasek berak aipatu duela zergak igotzeko beharra.

Aspaldikoa da ikamika hau, baina osasun arloan Lakuako Gobernuak murrizketak egin dituen ala ez solasaldian bere tartea izan du. «Ez, inolaz ere ez», adierazi du serio-serio Urkulluk, inbertsio datu orokorrak emanez. Horiek erabiliz murrizketak estali nahi dituela erantzun diote bai Iriartek bai eta EP-IUko Miren Gorrotxategik ere.

Atal honetan, gertatu denaren ostean erresidentziak publikatzearen alde egin du Gorrotxategik. Eta zaintza lanei erreparatu die Iriartek, «krisitik kolapsora pasa dugulako».

Zaldibar, ardura «denona» eta legea ondo beteta Mendiaren ustez

Zaldibarkoaz zer? «Tragedia bat izan da eta legeak bete egin dira», ziurtatu du PSEko Idoia Mendiak. «Denok ditugu ardurak, hamar urtetan zehar inork ez duelako ezer esan», erantsi du, bere alderdiaren eskuetan diren sailen erantzukizunak nolabait barreiatu nahian. «Ez zegoen hor inolako kontrolik», oroitarazi dio Iriartek. Eta AHT jarri du mahai gainean jarraian: «Gobernuaren zapatan harri koxkor handi bat bilatu da», ziurtatu du EH Bildukoak, egungo behar larri berriak bistan direlarik.

PPK Zaldibarri buruzko ikerketa batzordea bultzatuko duela baieztatu du Laura Garridok. Gai honen gainean azkar-azkar eta zipriztinik utzi gabe pasa da Iñigo Urkullu. Pandemiaren gaiari ihes egiteko hildakoak aitzakiatzat erabili baditu, Zaldibarri buruz ere Alberto Sololuze eta Joaquin Beltranen familien saminari heldu dio.

Hezkuntzaz eta hizkuntzaz ere mintzatu dira zazpi hautagaiak, hauetan berri handirik gabe. Aurrekontuen gaia atera denean, Gorrotxategik EPk emandako baietzetik aldendu izanak Urkullu aztoratu du: «Non dago zuen konpromisoa?», aurpegiratu dio Gobernuburuak. Eta hauxe erantzun dio Elkarrekin Podemosekoak: «Eta zuk zergatik desegin zenuen Legebiltzarra hain arin?».

GALekin liskartu dira Mendia eta Iriarte

ETB-1k markatutako eztabaida gaien artean ez ziren bi ohikoenak agertzen: ez bakegintza, ez eta estatus politikoa ere. Azken hau, hala ere, eztabaidaren bukaeran ageri da: Estatus Berriaren prozesua etengabe luzatzeko gogoa argi utzi du Urkulluk, akordio zabala behar duela nabarmentzerakoan. Erabakitzeko eskubidea oinarri hartuta akordio zabalik egiterik ez dela gogoratu dio Maddalen Iriartek, eta Urkulluk, temati, baietz.

Presoek edota torturak ez dute hiru ordu hauetan eztabaidarako zirrikiturik aurkitu. Bai gerra zikinak. EH Bildurekin zergatik ez lukeen gobernatu, «iragana» aipatu du Mendiak eta azkar ibili da Iriarte, «leziorik ez» aurpegiratzeko. Esaldi berberaz erantzun dio PSOEkoak. Eta gero alderdiko manualari heldu dio, «GAL epaitua eta zigortua dagoela» aditzera emanez.

Beren jarduna hitz gutxitan definitu beharko balitz, Urkulluk zenbaki (zalantzakoak batzuk) eta planen atzean gorde du bere burua; Iriartek bestelako eredua duela agertarazi du, garbi; Gorrotxategik maila ona eman du bere lehenengo debate honetan; motel ibili da ordea Mendia, Gobernu ardurekin eskuak lotuta-edo; Garridok ez du Iturgaizen bidetik jo, espainiarzaletasuna erakustea saihestuz; eta Becerrak Estatu frantsesean igandean ageri zen olatu berdea hona ekarri nahia aitortu du. Lehendakarigaiak dira guztiak, Laura Garrido ezik: hizkuntz gaitasun falta dela-eta Carlos Iturgaizen tokia bete du.