NAIZ

Athleticek ofiziala egin du San Josek eta Beñatek ez dutela jarraituko denboraldia bukatzean

Athletic taldeak astearte honetan jakinarazi die Mikel San Jose eta Beñat Etxebarria jokalariei denboraldi amaieran bukatuko diren kontratuak berritzeko eskaintzarik ez aurkeztea erabaki duela.

San Jose eta Beñat, Realaren aurkako derbi batean. (Jon URBE/FOKU)
San Jose eta Beñat, Realaren aurkako derbi batean. (Jon URBE/FOKU)

Mikel San Josek eta Beñat Etxebarriak, euskara hutsean idatzitako prentsa ohar baten bidez –eztabaida sortu zuen honek, baina elkartasuna gailendu zen–, adierazi zuten ekainaren 30a baina haratago jokatuko zutela. Hori ekainaren 29an izan zen. Eta gaur kluba bera izan da albiste hau ofiziala egin duena.

San Mameseko ikusleen aurrean jokalariek «merezi duten agurra» egitea ezinezkoa denez, talde zuri-gorriak «ekintza berezi bat» antolatuko du Bilbon jokatuko duen azken partidan, Leganesen aurka, Mikel San Jose eta Beñat Etxebarria omentzeko.

Mikel San Jose nafarra bi etapa ezberdinetan aritu da Lezaman: gazte mailan Txantreatik heldu ostean eta profesional bezala. Athleticek Liverpooletik fitxatu zuen jokalaria 2009an, eta bere lehenengo partidan, Europa Leaguen, 3-0 irabazi zuten zuri-gorriek Vienako Austriaren aurka.

San Josek 397 partida jokatu ditu 11 denboralditan, eta 37 gol sartu ditu, «kopuru zoragarria erdilari edo euskarri bezala aritu dela kontuan hartuta». Superkopako txapelduna izan zen Bartzelonaren aurka, joaneko partidan zelai erditik gol bikaina sartuta.

Bestalde, Beñat Etxebarriak ibilbide luzea egin du zuri-gorri moduan, bi etapa desberdinetan. Lehenik, hamarkada bat egin zuen Lezaman beheko mailetan hasita. Alebin mailan hasi zen eta 2006an egin zuen debuta Sadarren. Ondoren, Conquense eta Betisetik igaro ondoren, Athleticeko lehen taldera itzuli zen, eta zortzi denboralditan 242 partida jokatu ditu. 11 gol sartu ditu, gehienak zuzeneko jaurtiketetan, eta San Jose bezala, Superkopako txapelduna izan zen Ernesto Valverderen aginduetara.

«Mikeli eta Beñati eskerrak eman nahi dizkiegu urte hauetan guztietan klubaren eta taldekideen alde egindako lan eta arduragatik, eta denboraldi berezi honetan zuri-gorriz jantzita gelditzen zaizkien jaurdunaldiengatik. Bizitza pertsonalean eta arlo profesionalean zorte onena opa diegu», adierazi du talde zuri-gorriak ohar baten bidez.