NAIZ

Ilimane Diop pibotak Baskonian jarraituko du 2023ra arte

Bi aldeek kontratua beste hiru urte luzatzea adostu dute. Diop jokalari oso garrantzitsua izan da Baskoniak irabazi berri duen ACB Ligan, eta taldeak halaxe ulertu du bere lana sarituz.

Ilimane Diop, baloi bat borrokatzen (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
Ilimane Diop, baloi bat borrokatzen (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Ilimane Diop erabat gasteiztartutako pibot senegaldarrak Kirolbet Baskonian jokatzen jarraituko du 2023ko ekainaren 30era arte, bi aldeek kontratua beste hiru urte luzatzea adostu ondoren, talde gasteiztarrak jakinarazi duenez.

Modu honetan, datorren denboraldia hamargarrena izango da Diopentzat Baskonian, zortzigarrena lehen taldean, eta klubean erreferentziazko jokalari bat izatera pasako da, gutxienez, datozen hiru urteetan.

2010eko udan heldu zenetik, Dakarren jaiotako jokalariak 391 partida jokatu ditu Baskoniarekin, eta Sergi Vidal, Pablo Prigioni, Luis Scola edo Tiago Splitter bezalako izen handiak bakarrik ditu aurretik gasteiztarrekin neurketa gehien jokatu dituzten jokalarien zerrendan.

Azken urteetan gora-beherak izan dituen arren –entrenatzaile batzuekin beste batzuekin baino gehiago jokatu izan du–, Diopen ekarpena ezinbestekoa izan da Baskoniak berriki irabazi duen ACB Ligan. Ustez barruko jokoan indartsuagoak ziren taldeen aurka –Valentzia, Unicaja edo Bartzelona, kasu–, sekulako lana egin du, seguruenik bere ibilbideko mailarik onena ematera iritsi arte.

Gainera, eta Diopen minutu onenak defentsako lanean etorri izan diren arren normalean, ACB Ligako azken fasean erasoan ere puntu garrantzitsuak sartu zituen, eta jaurtiketa libreetan erakutsitako segurtasuna goraipatzekoa izan da Dusko Ivanovicen taldearentzat.

«Taldeko aurpegiak ikusten dituzu, zaleenak, beraien poza... eta zerbait handia lortu duzula konturatzen zara», aipatu du Diopek taldeak zabaldutako adierazpen batzuetan irabazitako Ligari buruz. «Hemen jendeak saskibaloia nola bizi duen jakitea niretzako plus bat da. Goza dezatela, askoz gehiago etorriko dira-eta», gaineratu du.

Michael Eric pibotak ez duela jarraituko jakinarazi ostean, Baskonia hasi da datorren denboraldiko barruko jokoa ziurtatzen.

Tanteo eskubidea

Bestalde, gaur jakin da Baskoniak Shavon Shields, Zoran Dragic eta Patricio Garino sartu dituela tanteo eskubidea duten jokalarien zerrendan. Horrenbestez, ACB Ligako eskaintzaren bat jasoko balute, talde gasteiztarrak eskaintza hori berdinduta nahikoa luke jokalariak taldean jarraitzeko.