NAIZ

Lakuak 5.039 familiari jakinarazi die etxea eskuratzeko eskubide subjektiboa eska dezaketela

Lakuako Gobernuak 5.039 familiari jakinarazi die etxebizitzarako eskubide subjektiboa aitortzeko baldintzak betetzen dituztela.

Etxebizitza eskuratzeko eskubide subjektiboa jakinarazi die Lakuak 5.093 familiari.
Etxebizitza eskuratzeko eskubide subjektiboa jakinarazi die Lakuak 5.093 familiari.

Lakuako Gobernuko Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak gutuna bidali die 5.039 familiari, etxebizitzarako eskubide subjektiboa aitortzeko baldintzak betetzen dituztela jakinarazteko eta hori eskatzeko izapideen berri emateko. Etxebide zerbitzuan inskribatuta dauden baina oraindik izapiderik egin ez duten pertsonak dira, legeak planteatutako eskakizunak betetzen dituzten arren.

Lurraldeka, 3.109 jakinarazpen Bizkaian egin dira, 1.332 Gipuzkoan eta 598 Araban.

Eskubide subjektiboa aitortzeak esan nahi du alokairu-erregimeneko etxebizitza bat esleitzea edota, etxebizitza eskuragarririk ez badago, alokairu pribatua ordaintzeko prestazio ekonomiko bat (gehienez 250 eurokoa hilean) eskuratzea. Prestazio hori xede horretarako baino ez da erabili behar.

Etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa aitortzeko, honako betekizun hauek bete behar dira: adin nagusia edo adingabe emantzipatua izatea eta etxebizitzarik ez izatea; Etxebiden alokairuko etxebizitza babestuaren eskatzaile gisa erregistratuta egotea, gutxienez lau urteko antzinatasunarekin.

Halaber, hiru kide edo gehiagoko bizikidetza unitateen kasuan, 15.000 eurotik beherako urteko diru sarrera haztatuak izan behar dituzte; bi kideko bizikidetza unitateetan, 12.000 eurotik beherakoak, eta kide bateko bizikidetza unitateen kasuan, 9.000 eurotik beherakoak.

Gainera, aitorpena izapidetzeko zer urrats egin behar dituzten eta fisikoki eta telematikoki non aurkeztu behar duten jakinarazi die Lakuak hartzaileei aste honetan. Gutun guztiek dagokien eskaera dute txertatuta.

2019ko apirilean, Etxebizitza Sailak 2.860 gutun bidali zizkien Etxebiden inskribatuta zeuden beste horrenbeste pertsonari, zegokien eskubidea gogorarazteko, eta aurreko urtean 4.450 pertsonari.

Etxebizitzaren Legea abian jarri zenetik, 4.712 familiari aitortu zaie eskubide subjektiboa EAEn: 3.228 Bizkaian, 918 Araban eta 566 Gipuzkoan.