Eukalipto plantazioen eragin ekologiko «kaltegarria» baieztatu du ikerketa batek

EHUko eta Aranzadi Zientzia Elkarteko aditu talde batek ondutako txostenak jasotzen duenez, eukalipto-basoen azalera laukoiztu egin da EAEn azken hiru hamarkadetan, eta lurraldearen %2,6 betetzen du dagoeneko.

NAIZ|2020/07/30
Ekualipto
Eukalipto plantazio bat. (GETTY IMAGES)

Eukaliptoen «eragina kaltegarria da ingurumenerako, hala Euskal Autonomia Erkidegoan nola Penintsulako gainerako lekuetan». Horixe ondorioztatu du Lakuako Ingurumen Sailak eskatuta EHUko eta Aranzadi Zientza Elkarteko aditu talde batek eginiko ikerketa lanak.

EAEn zein ingurko lurraldeetan aipatu zuhaitz espeziari buruz argitaratu diren ehun lan baino gehiago aztertuta egin dute ikerlana eta, adituek azpimarratu dutenez, eukalipto plantazioak hedatzeak «eragin kaltegarriak izan ditzake» ingurumenean, bai lurzoru eta hidrologian bai biodibertsitatean.

Lurraldearen %2,6

Azken hiru hamarkadetan, eukaliptoek betetzen duten azalera laukoiztu da EAEn, errentagarriagoak direlako, eta dagoeneko lurraldearen %2,6 betetzen dute. Mendebaldetik eta Bizkaiko kostaldetik, bertan baitago gehien, Araba eta Gipuzkoako eskualdeetara hedatzen ari da. Zur horren hartzaile nagusia papergintzaren industria da. Barietate ugariena Eucalyptus globulus da: azalearen %60 betetzen du gutxi gorabehera. Atzetik jarraitzen dio Eucalyptus nitens barietateak (%37).

Txostenaren egileek ondorioztatu dutenez, egindako azterlan zientifiko guztien emaitzek «argi eta sistematikoki erakusten dute eukaliptoek eragin kaltegarria dakarkiotela ingurumenari, hala Euskal Autonomia Erkidegoan nola Penintsulako gainerako lekuetan».

Plantazioek betetako lurzoruek «iragazgaitzagoak izateko joera dute», eukalipto-orbelaren ondorioz, eta beste landare-espezie batzuei haztea ere eragozten die. Ondorioetan adierazten da «gainera, lurreko ornogabeen, lurreko onddoen, likenen eta landareen dibertsitatea txikitu egiten dela», baita anfibio eta hegaztiena ere.

Eraginak «ez dira hain argiak ugaztunentzat», baina kaltegarriak dira «ibaietan aztertutako aldagai gehienetarako», eukalipto-orbelak dituen nutrienteak oso eskasak baitira.

Bestetik, azterlanaren arduradunek ohartarazi dute baso suteek eta berotze globalaren kontrako borrokak «sorburu konplexuak dituztela, eta bertan faktore biofisikoek eta gizarte- zein ekonomia-faktoreek dutela zerikusia», baina haien irudipena da «bi arlo horietan, eukalipto-plantazioek ez dituztela arriskuak murrizten, areagotzen baizik», beste baso-espezie mota batzuek ez bezala.

Eragin «larriak»

Txostenaren egileak ez dira sartu espezie horretako basoen ustiapenak izango lituzkeen ekonomia- edo gizarte-eraginak aztertzera, baina ohartarazi dute «eukaliptoen hedakuntzak eragin larriak izan ditzakeela Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumenerako, eta are gehiago jar ditzakeela mehatxupean Arriskuan Dauden Espezieen Euskadiko Katalogoan bildutako espezieak». Azterlana EAEko Naturari buruzko Informazio Sisteman argitaratu da, eta helarazi ere egin zaie baso-kudeaketa gaietako erakunde publiko eskudunei eta helburu komertzialez zuhaitz-espezieak landatu eta merkaturatzen dituzten erakunde pribatuei.

Azterlana Ingurumen Saileko Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak agindu zuen, Gasteizko Parlamentuak hala eskatuta; izan ere, 2018ko abenduan, eztabaida bat izan zuen espezie horri buruz, Australiatik eta Asia hego-ekialdetik datorren hazkunde lasterreko zuhaitzen familia hori espezie inbaditzailetzat hartu behar zen edo ez argitzeko.

Azterlanaren egileak EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko Arturo Elosegui eta Aitor Larrañaga eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Ornitologia eta Herpetologia sailetako Juan Arizaga eta Carlos Cabido izan dira.

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Bederatzi talde, bost Euskal Herriko areto... Denboraldi honetako NAIZ Kontzertuen unerik onenak.