Lauak enpresa aeronautikoak 138 langile kaleratuko ditu Aiherran eta Hazparnen

Ahierran (Nafarroa Beherea) eta Hazparnen (Lapurdi) lantokiak dituen Lauak enpresa aeronautikoak 138 langile kaleratzeko erabakia hartu duela iragarri du. Irailean jakinaraziko diete langileei lanpostua nork galdu eta nork atxikiko duen. Kaleratzeak urrian burutzeko asmoa dute.

Haritz Larrañaga|2020/08/04
Hegazkin_piezak
Aernova enpresak Berantevillan duen lantegiko irudia. Juanan RUIZ

Pasa den uztailaren 31an Lauak enpresako ekonomia zuzendaritzak egin zuen bilkura baten ostean jakin arazi zuen «kaleratze kolektiboa gauzatzeko prozedura» martxan jartzeko erabakia hartu zutela. Egun Ahierra eta Azparnen 466 langile dituen Lauak taldeak, beraz, pertsonal murrizketa handia jasango du. Aeronautikako piezak egiten dituen taldeak, gainera, beste 60 langile ere kaleratuko ditu Frantziako Gers departamenduan den Isle-Jourdan herriko lantegian, hau da, bertako plantillaren erdia.

Urte hasieran piztu zen Boeingen eskandaluaren ondorioz lehenik, eta Covid-19ak eragindako osasun krisiagatik ondoren, oso kaltetua suertatu zen industria aeronautikoa eta azken hilabeteetan geldirik egon da Lauak taldea, besteen artean, galerak izan dituzten Airbus eta Boeing enpresentzat lan egiten baitu.

Urteko fakturazioaren %60 Airbus konpainiarrentzat egiten dituzten piezei esker eskuratzen dute eta gainontzeko lanak Boeing, Bombardier, Safran, eta  Lapurdiko kostaldean hainbat eraikuntza lantoki dituen Dassault hegazkin fabrikatzailearentzat egiten dituzte.

Lapurdin 1975ean sortu zen Eskulanak enpresaren oinordekoa da Lauak Taldea. Egun Estatu frantsesean, Kanadan, Portugalen eta Mexikon dituen lantegietan 1.800 langile ditu. Ekonomia ikerketen arabera aurten ohiko diru sarreren erdia baino ez dute fakturatuko Lauak bezalako konpainia aeronautikoek eta horrek eragina izango du Ipar Euskal Herrian, asko baitira sektore horretan lan egiten duten bertako hiritarrak.