Lehen mailako osasun arretaren «egoera kritikoa» konpontzeko eskatu dio EH Bilduk Urkulluri

Pandemia izaten ari den bilakaeraren aurrean, EH Bilduk Iñigo Urkullu EAEko lehendakariari «buzoa jantzi eta konponbideak bilatzeko» eskatu dio. Maddalen Iriarteren ustez, «osasun-sistema eta profesionalak gaindituta daude» Gobernuaren erantzukizun faltagatik, eta horren ondorioak herritarrek pairatzen dituztela salatu du.

NAIZ|2020/08/12
Iriarte
Maddalen Iriarte, Gasteizko Legebiltzarrean. (Raul BOGAJO/FOKU)

EH Bilduk Iñigo Urkullu lehendakariari eskatu dio «bere eskumenekoak ez diren neurri eta irtenbideetan» ez ezkutatzeko eta bere eskumenak beste atzerapenik gabe erabiltzeko lehen mailako osasun arretaren egoera kritikoa konpontzeko.

«Buzoa jantzi eta konponbideak bilatzeko lan egiteko garaia da. Gurea bezalako herri batek ez du merezi osasun sistema publiko gainditua eta mugan dauden profesionalak izatea. Lehen boladak erakutsi zigun osasuna eta hezkuntza edozeren aurrean zaindu eta babestu beharreko elementuak direla. Herri honek eta bere ordezkari instituzionalek lezio hori ikasi badute, lanari ekiteko garaia da», adierazi du Maddalen Iriarte EH Bilduko talde parlamentarioaren bozeramaileak.

Iriartek aipatu duenez, «osasun-profesionalak gaindituta daude, ez dute egiten duten lan guztia» eta egoera horren ondorioak, hala nola «itxarote-zerrendak, medikua ezin ikustea eta telefono bidezko arreta», herritarrek pairatzen dituztela orain salatu du.

Neurri «argiak eta koherenteak»

EH Bilduren ustez, pandemiak eta bere ondorioek «herrialde gisa» erantzutea eskatzen dute. «Ezker subiranistak hilabeteak daramatza Urkulluri elkarrizketa gehiago eta herrialdeko eragile politiko, sindikal, ekonomiko eta sozialen arteko elkarlana eskatzen», gogoratu du koalizioak.

Pandemiaren garapenaren aurrean, eta «bozeramaile politiko eta instituzionalen adierazpen alarmistengatik», Iriartek herritarrak kezkatuta daudela uste du. «Euskal herritarrek ikusten dute gure osasun-sistema publikoa gainezka dagoela eta egoerak gainditzen duela», esan du Iriartek, Gobernuaren erantzukizunaren falta nabarmeduz.

Azkenean, EH Bilduko bozeramailak «neurri argiak, zentzuzkoak, eraginkorrak eta koherenteak» eskatu ditu, eta «komunitate hori osatzen duten eragile eta alderdiekin eskuz eskuz lan egitea tokatzen dela orain» nabarmendu du.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK