Idoia ERASO
Elkarrizketa
Peio JORAJURIA
Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioko lehendakaria

«Sei hilabetez dena hankaz gora izan dugu eta orain garrantzitsuena presentziala izatea da»

Jean-Michel Blanquer ministroak asteazken honetan eman duen prentsaurrekoan, asteartean hasiko den ikasturterako neurriak baieztatu ditu. Hauek kontuan izanik Seaska ikasturtea ari da prestatzen, eta lehentasuna «haur guztiak hartzea» izanen da.

Peio Jorajuria. (Bob EDME)
Peio Jorajuria. (Bob EDME)

«Haur guztiak hartuko ditugu» baieztatu du Peio Jorajuria Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioko lehendakariak, asteartean Koldo Tellituk, Ikastolen Elkarteko presidenteak egindako adierazpenekin bat eginez. Klaseak Parisetik heldutako osasun protokoloen arabera egituratuko dituztela azaldu du Seaskako lehendakariak eta irakaskuntza presentziala izanen da lehentasun nagusia.

Osasun krisiaren araberako neurriak berregokitzeko aukera baldin badago ere, oinarrian uztailaren 31an Hezkuntza Ministeritzak ezarri zuen protokoloa dago indarrean, hau da, helduek eta Bigarren hezkuntzako ikasleek maskara eraman beharko dute, baina beste neurri berezirik ez da izanen. Eskuak garbitzea eta gel desinfektatzailea denen eskura jartzea, hori baino ez.

Tellituk asteartean erran zuen bezala, «berandu dabiltza», eta Seaskan maskararen erabilpenari buruzko zehaztapenen zain daudela azaldu du Jorajuriak: «Protokolo berriak erraten duenari begira gaude, batzuetan prentsaurrekoetan erraten dena eta gero idatzia dena ez baita bera».

Uztailaren 31an ezagutzera eman zen agirian, maskara erebilita ere, behin eserita, segurtasun distantzia errespetatzen bazen, kendu zitekeela emana zen, baina horren inguruan publikoki zabaldu diren mezuak kontraesankorrak izan direla argudiatuta, gaur Blanquerrek emandako prentsaurrekoak oinarri duen protokoloa aztertuko duela jakinarazi du lehendakariak.

Distantzia errespetatzeko beharra

Ikasleen artean metro bateko distantzia izatea gomendatzen bada, hori toki gehienetan ezin dela bete azaldu du Seaskako presidenteak: «Klase barnean ez da tokirik, distantzia ezin da errespetatu, ahal dugun bezala egingo dugu». Hala ere, neurriak aldatuko balira, berriz antolaketa birpentsatu beharko luketeela gaineratu du.

Aurreko ikasturtean, Hego Euskal Herrian ez bezala, ikasleak geletara bueltatu ziren maiatzaren 11etik goiti, eta neurriak oso zorrotzak izan zirela gogora ekarri du lehendakariak: «Muga handiak izan ziren, espazioa kudeatzeko txandak egin behar ziren. Ziburuko kolegioan, esaterako, astean bi egun soilik joaten ziren ikasleak, denak elkarrekin ezin zirelako hartu».

Banaketa hori «biziki kaltegarria» izan zela baieztatu du. Ezarritako neurrien artean, klase batzuk besteekin elkarrekin ezin egotea bazen, eta horrek zailtasun handiak ekarri zituela ere erantsi du Jorajuriak.

Bereziki zaila izan zen Bigarren hezkuntzan, klaseak ez direlako beti berak, esaterako, hizkuntza hautuaren arabera gela ezberdinetako ikasleak nahasten baitira. «Sei hilabetez dena hankaz gora izan dugu, horrek kalte handia egin die ikasleei, eta orain garrantzitsuena presentziala izatea da. Hala ere, osasunak lehentasuna du, noski, eta pandemiaren azkartzea ematen bada, neurri berriak beteko ditugu».

Horrelakorik gertatuko balitz, Estatu frantsesean dagoen zurruntasuna nabarmendu du Jorajuriak: «Hegoaldean malgutasun gehiago dute, guk ez, Parisetik agintzen digutena egin behar dugu, baliabideak direnak direla ere».

Jangeletarako ez da protokolorik ezarri gobernutik, eta Seaskaren baitan, zentro bakoitzaren arabera egoera aldatzen da, toki batzuetan herriko etxea arduratzen da janariaz, beste batzuetan Seaska, eta horren arabera anitz aldatzen da egoera. Hala ere, neurri sanitarioak errespetatzeko lanean ariko direla nabarmendu du.

Irakasle lanpostuak, borrokarik ez

Aurten, Seaskak ikasturte berriari begira behar dituen 15 irakasle lanpostu gehigarriak izatea lortu du. Urtero borrokatu behar izaten da ikasleen gorakadari egokitzeko behar diren irakasle lanpostuak lortzeko, iaz esaterako, Biarritzen 5.000 lagun bildu zituen manifestazioa egitera heldu ziren, behar zituzten 15 lanpostuak lortzeko. Aurten, aldiz, ez da horrelakorik izan:«Aski fite trinkatu dira negoziaketak. Nire ustez osasun krisiak lagundu gaitu, ez zuten beste krisialdirik nahi».

Behar zituzten lanpostuak «gutxi gora behera» lortu dituztela zehaztu du Jorajuriak. Lehen hezkuntzan, behar zutena bezainbeste izan dute, hau da 8,5, eta Bigarren hezkuntzan 6,5 lanposturekin justuagoa baldin bada ere, «aski ongi gira egoera normal batean». Hori bai, osasun krisiaren ondorioz klaseak banatzen hasi beharko balira, horrelako baliabiderik ez dutela ere nabarmendu du.