Ion SALGADO

Gasteizko Alde Zaharrean etxebizitza turistikoen ezarpena mugatzea eskatu du EH Bilduk

EH Bilduk hainbat alegazio aurkeztu ditu Gasteizko Alde Zaharreko BEPBren aldaketaren aurka, etxebizitza turistikoen ezarpena lehen solairura mugatzeko eta babes bereziko neurriak aplikatzeko. «Jarduera hori arautzeko unea da, mugatzeko unea», adierazi du Felix Gonzalez zinegotziak.

Gasteizko Alde Zaharra. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Gasteizko Alde Zaharra. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Egun, alegazioak aurkezteko prozesu ireki baten bidez, Gasteizko Udalak hirugarren sektoreko eta hoteletako erabilerari dagokion Alde Zaharreko Barne-Eraberritzeko Plan Bereziaren aldaketa eztabaidagai jarri du. EH Bilduk alegazioak aurkeztu ditu, Erdi Aroko hirigunean etxebizitza turistikoen ezarpena arautzeko eta mugatzeko.

Felix Gonzalez EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, «EH Bilduk etxebizitzaren funtzio soziala lehenesten du, baina izaera turistikoko etxebizitzen agerpenaren aurrean, gure ustez, jarduera hori arautzeko unea da, mugatzeko unea, etorkizunean jarduera horren garapena merkatuaren legeen menpe gera ez dadin».

Bizitegi-eraikinetan erabilera turistikoko etxebizitzak eta erabilera turistikoko etxebizitza partikularretako logelak ezartzeari dagokionez, EH Bilduk «bi berme sistema» eskatu ditu.

Alde batetik, bizitegi-erabilerako lehen solairurako mugari eustea. Bestetik, «muga kuantitatibo bikoitzeko sistema bat ezartzea, BEPBren eremu osorako eta auzo bakoitzerako gehienezkoak ezarriz, eremu bakoitzeko etxebizitza guztiekiko portzentaje moduan».

«EH Bilduk badaki Gasteizko etxebizitza turistikoen kopurua ez dela inguruko beste hiri turistikoagoetakoa baino handiagoa, baina, horregatik, eta kontuan hartuta Gasteizen azkenaldian ezagutu den jarduera turistikoaren hazkundea, uste du beharrezkoa dela horien zenbatekoa mugatzea etorkizunera begira», adierazi du taldeak.

Gonzalezek esan duenez, «EH Bilduk beharrezkotzat jotzen du erabilera turistikoa mugatzeko tresnak ezartzea; izan ere, uste dugu argi eta garbi ez direla nahikoak egun planteatzen direnak, are gehiago, Arabaturren alegazioa onartu osteko behin betiko bertsioan».

EH Bilduko zinegotziaren esanetan, «kulturak, aisiak eta turismoak Alde Zaharraren parte izan behar dute, baina, betiere, auzotarren zerbitzuen beharrak aurretik jarrita. Udalak ezin die uko egin hirigune historikoa birgaitzeko eta berroneratzeko zereginei eta erantzukizunei, jardueraren arautzea merkatuaren eta turismo-sektoreko operadoreen esku utzita».

Alde Zaharreko bizilagunek alegazioak ere aurkeztuko dituzte eta bilerak egin dituzte indarrak batzeko.