NAIZ

Iñaki Bilbao Beaskoetxea aske, 28 urte bi estatuetan preso eman ondoren

Iñaki Bilbao Beaskoetxea presoa Valdemoroko kartzelatik atera da gaur arratsaldean 28 urte Estatu espainoleko eta frantseseko espetxeetan egin eta gero. Astelehenean duela 37 urte jazotako atentatu batengatik epaitu zuten Auzitegi Nazional espainolean.

Bilbao Beaskoetxea, Valdemoroko harresiak atzean. (NAIZ)
Bilbao Beaskoetxea, Valdemoroko harresiak atzean. (NAIZ)

Espetxean 28 urte egin eta gero Valdemoroko espetxetik atera da gaur arratsaldean Iñaki Bilbao Beaskoetxea Lemoako presoa. Senide eta lagunak zain zituen kanpokaldean eta presoak Euskalerritzearen aldeko ikurra erakutsi dute, Euskal Herrira abiatu aurretik.

1992. urtean atxilotu zuen Polizia frantsesak, Rosario Pikabearekin batera. Estatu frantseseko espetxeetan zazpi urtez izan zuten eta 1999an Estatu espainolera bidali zuten. Ordutik, beraz, 21 urte egin ditu preso.

Europako beste estatuetan preso betetako urteak kontuan hartzeko europar irizpidea aplikatu izan balitzaio, aspaldi libre izan beharko zuen, baina Estatu espainolak lege trikimailua erabiliz hori saihestu du eta gaur arte luzatu dio espetxealdia.

Azkenaldian Castelloko kartzelan izan da Iñaki Bilbao Beaskoetxea, baina Auzitegi Nazional espainolean irailean izan duen epaiketa dela-eta Valdemoroko kartzelara eman zuten. Handik atera da libre.

2016. urtean bere gertukoek sakabanaketak eragindako istripu bat jasan zuten Arkautin, autoak basurde baten kontra talka egin zuenean, Castelloko espetxera bidean.

28 urteren ondoren, oraindik ere epaitua

Auzitegi Nazional espainolean izan berri duen epaiketa 1983an Ordizian ETAk Guardia Zibilaren kontra egin zuen ekintza batengatik izan da. Duela 37 urte jazotako kontua, beraz, eta jada 28 urte kartzelan zeramatzan pertsona baten kontra.

Bilbao Beaskoetxeak epaiketan azaldu zuenez, ezarritako zigorra beteta espetxetik atera behar zen egunean kausa berri honengatik prozesamendua jaso zuen, kartzelaldia luzatuz. «Ez dakit zer egiten dudan prozedura honetan», adierazi zuen.

Halere, Fiskaltzak 75 urteko espetxealdia eskatu zuen lemoarrarentzat. Bere abokatuak, ordea, kartzelaldiaren epea gaindituta zuenez berehala aske utz zezaten eskatu zuen. Epaia ez da oraindik jakinarazi, baina kalean jarri du azkenik Auzitegi Nazionalak.