Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak V. nazioarteko ekintzari hasiera eman dio

«Bizitzeko erresistitu, eraldatzeko martxan!» nazioarteko lemapean, 200 emakume inguru elkartu dira larunbat honetan Irun-Hendaiako mugan, horren inguruan gertatzen den bortizkeria salatzeko eta herrien parte hartzea bermatzea helburu duen martxa aurkezteko, gaur hasi eta martxoaren 6an amaituko dena.

NAIZ|2020/10/17
Mundu-martxa
Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak, prentsaurrekoa eskaini du gaur Hendaia eta Irun arteko Santiago zubian. (Bob EDME)

Aurten, «Bizitzeko erresistitu, eraldatzeko martxan!» nazioarteko lemapean, mundu mailako V. ekintza antolatu da eta hainbat ekitaldirekin salatu egingo dute transnazionalek eta mugek pertsona migranteen bizia bortxatuz zein eginkizun duten munduko sistema arrazista kolonial honetan.

Horrela, Irun-Hendaiako mugan 200 emakume bildu dituen prentsaurrekoan azaldu dutenez, martxarekin agerian utzi nahi dute «Mendebaldeak Hegoaldeko lurralde eta pertsonei eragiten dien bortizkeria».

«Irun eta Hendaia arteko mugan gaude. Muga hau nazio-estatuek inposatu digute, eta Euskal Herria zatitzen du; bide batez, Europa Gotorlekua indartzen du. Horregatik etorri gara, hura nabarmen uztera, muga honen inguruan gertatzen den bortizkeria salatzera. Baina beren oinarrian zer dago? Migrazio politika arrazista eta kolonialak», azaldu dute.

Ildo horretan, martxa honen filosofia «herrien parte hartzea bermatzea» dela azaldu dute eta, horretarako, «herriz herri joango den dinamika» bat antolatu dute: «Gaur, urriaren 17a, ekingo diogu Irun eta Hendaia arteko mugan, eta martxoaren 6an burutuko dugu, hementxe bertan, sinbolotzat zubiak hartuko ditugularik».

Antolatzaileek uste dute zubiek ez dutela esanahi bera migrante guztientzat, izan ere, inoiz harremanetan jartzeko izan baziren, orain «harresi bihurtu» dira, pertsonen «joan-etorria eragozten» dutenak eta «diskriminazio, zapalkuntza, bazterkeria eta heriotza eragiten» dutenak.

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxako feminismotik pitzatu nahi dituzte zubi-harresiak; izan ere, ekintza honetan «kapitalismoa, kolonialtasuna, arrazismoa eta heteropatriarkatuaren sinbolo baitira».

Horretarako proposamen bat aurkeztu dute: zapiak erabiltzea, banako eta kolektiboaren konpromisotik abiatuta, zubi-harresietan zartadurak sortuko dituen ekintza bat burutzeko.

Hain zuzen, Euskal Herriko leloa «Zubi guztien gainetik, mugarik ez! transnazionalik ez! ¡Resistimos para vivir, marchamos para transformar! Nous résistons pour vivre, nous marchons pour transformer!» dela azaldu dute.

Transnazionalak, mugak eta migrazio-politikak zalantzan jarri eta salatu behar direla gainera dute, sistema arrazista, kolonial, kapitalista eta heteropatriarkalaren tresna diren aldetik.

Halaber, Europaren ongizatea «pribilegioren gainean» eraikitzen dela ere hausnartu behar dela nabarmendu dute, baita logika horretan «guk zer eginkizun eta ardura dugun» ere: «Zer egingo zenuke zure herria atzerriko enpresek inbadituko balute, urak kontaminatu, basoak soildu, aktibistak jazarri eta hilgo balituzte? Zer deritzozu mugak blindatzeko baliatzen diren milioiez? Zer nolako baldintzatan dihardute migranteek euskal etxeetan?»

Hala, herrietan zapiak eta zubiak erabiliko dituzte proposamenak eta ekintzak josi eta hartara «sistema arrazista, kolonial, kapitalista eta heteropatriarkalean pitzadurak» eragiteko.