NAIZ

Jantzien Zentroa, teknologia berriak eta tradizioa uztartuz

Errenteriako Kapitain-etxea zabalik da berriro. Jantziaren Zentroa hamabost egunez itxita egon da erakusketa iraunkorra aldatzeko lanengatik. Urte osoan ikusgai egongo den proposamenak berrikuntza dakar: jantzia 360 gradutan ikusteko aukera. 

Errenteriako Jantziaren Zentroaren erakusketa iraunkor berriaren zati bat.
Errenteriako Jantziaren Zentroaren erakusketa iraunkor berriaren zati bat.

Modaren historian jantziek izan duten bilakaera modu kronologikoan ikusteko aukera eskainiko du Jantziaren Zentroak, lehen solairuan hasi eta bigarrenean amaituta. 35 jantzi dira guztira, ia guztiak emakumezkoenak, XVIII. mendean hasi eta 1970 urtera bitartekoak.

Bigarren solairuan emakumezkoen barruko arropei tarte berezia eskaini diete oraingoan. Bost manikitan kortseak, armazoiak, pololoak, mediak… 1895 urtetik 1920 urtera bitarteko lentzeria erakutsiko dute. Aretoaren paretetan metroko luzera duten hiru argazki zuri-beltz handi jarri dituzte. XIX. mendearen amaierako eta XX.aren hasierako hiru emakumezko ageri dira horietan, barruko arropa soinean dutela.

Jantzia 360º-tan ikusteko aukera

`Sisu 360 Photo´ enpresaren lanaren bitartez, lau jantzi bira osoan ikusteko aukera eskainiko du Errenteriako Jantziaren Zentroak. Jantzi bakoitza oinarri birakari baten gainean jarrita bereizmen handiko 36 argazki atera dizkio aipatutako enpresak, hamar graduko bana. Horiek guztiak jarraian ikusiz, jantzia bira osoan ageri zaigu. Horretarako areto bakoitzean bi tablet jarri dituzte bisitariak bakoitzean jantzi bana ikus dezan.

Xehetasun ugari edo lan handia duten soinekoak aukeratu dituzte horrela erakusteko, estalita geratzen den alde hori, jantzia sortzerakoan jostunak egindako lan ezkutu hori ikus dezagun.