NAIZ

Euskal Herriko zerua miniaturan, oso-osorik euskaraz

Oso-osorik euskaraz idatzitako eta gure paraleloan, hau da, 43º-ko ipar latitudean kokatuta dagoen lehen planisferioa aurkeztu dute. Munduari egindako lehen itzuliaren 500. urteurrena dela-eta sortu dute Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Elkano Fundazioak konstelazioak eta izarrak ezagutzeko mapa.

Euskal planisferioak zerua euskaraz irakurtzeko aukera ematen du. (ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA)
Euskal planisferioak zerua euskaraz irakurtzeko aukera ematen du. (ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA)

Munduari egindako lehen itzuliaren 500. urteurrenarekin bat eginez, Aranzadi Zientzia Elkarteak, Elkano Fundazioarekin batera eta Kutxa Fundazioaren finantzaketarekin, Euskal Herriko zeruaren lehen planisferio bat sortu du: zehazki, 43º-ko ipar latitudean kokatua eta oso-osorik euskaraz idatzia.

Aurkezpenean azaldu dutenez, Juan Sebastian Elkanok 1522an amaitu zuen Lurrari egindako lehen zirkunbalazioa. XVI. mendeko nabigatzaile haiek lotura handia zuten astronomiarekin, bidaia handi haietan orientatu ahal izateko izarrak ezagutu behar zituztelako. Horretarako hainbat tresna erabiltzen zuten; astrolabioa eta itsasorratza, adibidez. Gaur egun, berriz, planisferioak erabiltzen da gaueko zerua ezagutzeko eta bertako mugimenduak ulertzeko.

Planisferio bat zera da: plano batean proiektatutako zeru sabai bateko izarren mapa bat, konstelazioak eta izarrak ezagutzeko erabiltzen dena. «Proiekzio bat denez, ezinezkoa da zehatz-mehatz adieraztea izarren posizioak; izan ere, ertzetatik gertu, konstelazioak zertxobait deformatuta agertzen dira», esplikatu du Virginia Garcia Aranzadi Zientzia Elkarteko Astronomia Saileko zuzendariak.

Planisferio honi esker, gure zerura begiratzen dugunean ikusten ditugun izar guztiak identifikatu ahal izango ditugu; baina baita beste hiri batzuetatik ikusten direnak ere: Madril, Paris, Londres, Erroma, New York, Vancouver, Jerusalem, Beijing, Tbilisi, Sapporo eta beste batzuk. Izan ere, horiek ere gure paralelo berean daude.

Asmo handiko proiektua

Garciak agertu duenez, Aranzadiko astronomia taldeak esku artean inoiz izan dituen asmo handieneko proiektuetako bat da hau. «Honen moduko planisferio bat egin beharra zegoela ikusten genuen, halakorik ez baitzegoen gure paraleloan eta gure hizkuntzan».

Bi funtzio nagusi ditu sail horrek: batetik, Gipuzkoako astronomoen arteko topagune bihurtzea, esperientziak partekatu eta emaitzak aurkeztu ahal izateko; eta, bestetik, espazioko zientzien hedapena sustatzea, behaketa publikoen, hitzaldien eta prestakuntza tailerren bidez.

Planisferioa ‘Berria’ egunkariaren bidez banatuko dute ostiral honetatik aitzinera, eta astelehenetik aurrera liburu dendetan ere eskuratzeko aukera izango da.