Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Abesti tontoen arrakastaz

«Talent show» formatuak preso hartu du musika eta logika bat inposatu du: zenbat eta hutsalago, orduan eta salgarriago. Hor beti da garaile abesti tontoa, prefabrikatua, originaltasun gabekoa.

«The X Factor» programako lhiakideen irudia (GAUR8)
«The X Factor» programako lhiakideen irudia (GAUR8)

Musika ederra da, sublimea, ondo egiten denean. Gogoan hartu Nina Simoneren tristura gozoa. Bere ahotsarekin ez zuen berak bakarrik abesten. Ez zen bere ezpain, mihi edo ahots korden funtzio bat bakarrik. Oroimen bat zen, bizitza hartu zuen historia batena. Bere ahotsa kotoi soroetan Afrikako kanta herrikoiak abesten zituzten esklaboena zen. Sufrikarioa arintzeko kantatzen zuten, baldintza beldurgarrietan maite zituztenekin konexio bat adierazteko. Batzuetan, mezu sekretuak pasatzeko kantatzen zuten, eta sarritan, ihes egin zuen esklaboa leku batera edo bestera joateko ahots horiek goratu edo jaisten zituzten.

Edo gogoan hartu Aretha Franklin. Bere ahotsa purua zen, mingarria. Gospelaren kadentzia eta larrua jotzen ari diren amoranteena lotu zituen, sakratua haragi eta sexua espiritual bihurtu zituen. AEBetako historiaren eta bizipenen, afro-amerikarren existentzialismoaren eta esperientzia kolektiboaren, bere bizitza propioaren adierazpena zen. Franklinek ez zuen sekula entzuleak galtzeko beldurrik izan, ez zuen pentsatu bere jarrerak ateak itxiko ote zizkion. Bizi zuen denborari abesten ziolako, integritate pertsonala oinarri. Horixe baita bere ahotsean entzuten duguna: egia. Lurrean sufritzen dutenen garrasiaren hotsa, bluesaren aienea, gospela oihu ozen bihurtuta, jazzaren bat-batekotasuna. Aretha Franklinek ez zituelako soilik kantuak interpretatzen: bizitzaz betetzen zituen.

Eta gogora ekarri genezakeen Mikel Laboa, edo Santiago Auseron, edo Edith Piaf, edo benetako beste hainbat artista handi. Baina ez, hauen guztien musikaren ezeztapena ordezkatzen duen formatua eta mentalitatea jorratu nahi dugu hemen.

Prefabrikatua

17 urtez eman eta gero britainiar telebistatik kendu duten "The X Factor", talent show deritzoten programen aitzindaria izan dena, aurrean aipatu dugun horren guztiaren suntsipena da. Formatu batez ari gara, musika preso hartu duen kaiola batez, "Got Talent", "La Voz", "Operación Triunfo" edo "Go!azen" izenak gorabehera. Betebehar ekonomikoei begira musika «sortzeak» dituen eraginez. Literalki aurrefabrikatua den, tradizio musikaletan baino gehiago saltzeko errazen den horretan oinarritzen den «musika» batez.

Zer da, baina, salgarria izatea? Musika ona bistan da badela, gizateriaren sektore zabalenei hitz egiten dien unibertsalitate bat baduelako. Baina musika hau kontestu sozial zehatz bateko historia bizi batetik sortzen da, ez talent show saio berri bat hasten denean. Indar historikoa da eta ez dago diru errazera ohituak diren musikako enpresaburuen mende. Horregatik dabiltza konpainia musikal handiak artifizialki sortzen, musika historikoki sortu dadin utzi beharrean.

Jakina aurkitu ahal direla formatu hauetan ondo kantatzen duten lehiakideak. Eta banaka batzuek aparteko ahotsak dituztela. Baina beti dirudi beste pertsona batzuen abestiak kantatzen daudela. Jaso zuten eta bidelagun izan zuten musika ez dute hobetzen, ez dute euren bizitzen errealitatea adierazteko fintzen. Ia inoiz ez dute musika erabiltzen mina edo poza eman diezaiekeen mundu batekin harremanetan jartzeko. Ez dituzte euren ahotsak modu kreatibo batean ibiltzen, berria den zerbait sortzeko modu bat bezala.

Musika truke-balio

Ez, euren ahotsen aspektu teknikoak fintzen dituzte izar bilakatzeko, guztiz prefabrikatua eta korporatiboa den kreazio baten bidez aberasteko. Ahotsak salgarria den merkantzia batera mugatzen dituzte, merkantzia horri publizitatea hobekien egiten dioten abestiak kantatuz. Musika hau ez da erabilera-balio bezala sortzen, ederra, originala eta sortu duen pertsonarekiko egokia den zerbait bezala, ez; truke-balio bezala sortzen da eta bere existentziari merkatu-prezio bat inposatzeko ahalmenak ematen dio forma. Abestien sintoniarekin baino, merkatuaren erritmoekin sintonian egon behar du, konpetentziaren logikan beti, produktu salgarrien fluxu iraunkor batean harrapatua.

"The X Factor" eta haren kopia diren guztiak telebista programa bat baino gehiago dira. Eta erakutsi, irakatsi eta popularizatu duten ideia beldurgarria da: zentzuduna izatea eta besteak estimatzea faltsukeriaren isla da, eta lehia gordina eta krudeltasuna egiazkotasunaren forma bakarra dira. Telebistako reality show asko bezala, ekonomia neoliberalaren kreatura bat dira, ospearen eta aberastasunaren promesarekin gizartea mobilizatzeko, benetako artistak konpentsatzeko beharra alboan utzita.

Eta honetaz gain, pobreak, zaurgarriak, ezberdinak, gizartearen behe-behean dauden pertsonak, jende erridikulua bezala erakusten ditu, burla egiteko apropos, parte diren gizarteak umiliatzeko pronto. Mentalitate milioidun batetik ateratzen zen fantasia zantar bat eskaini dute.

Proiekzio hezigarria

Formatu bat sortu da hemen merkantzia musikala preso hartzen duena, belaunaldi berriei ateak ixten dizkiena. Eta kudeatzen duen jende horrek ez dauka ez emozio musikalik ez bilaketa espiriturik, negozioa bakarrik nahi dute, ez beste ezer. Herriak jarraitzen du noski asmamen handiko musika egiten, ez da gelditzen, baina ez da ikusten, ez dauka komunikabide handietara sarbiderik, «zenbat eta hutsalago orduan eta salgarriago» erregelak agintzen du, eta eskema horretan beti irabazten du abesti tontoak.

Eta okerrena, horrek gizartean daukan proiekzio hezigarria da. Egun, gure neska-mutikoek bi arrakasta eredu dituzte: crack bat den futbolariarena, publizitatearen bitartez arrakasta lortu duena, eta, gero, ahots pribilegiatu bat omen duelakoan amak lau urterekin dantzatzen jarri, telebistan agertu, arrakasta eskuratu eta izar bat dela uste duena. Eredu hori hutsik dago, ez dauka substantziarik, ez du tradizio musikalen aberastasuna hartzen ezta geroari begira gauza berriak sortzeko atrebimendurik ere.

Musikari inposatu nahi zaion zigor horren aurrean, arimaren soinua lehenetsi behar da, sakonean dagoena esnarazi, moda aldagarri eta azalekoen mende egotetik libre. Denbora eman behar zaie gauzei memorian finkatu daitezen, atzera begiratzeak telebistaren larriminak itxita mantentzen duen etorkizuneko leihoa zabaltzea ahalbidetzen duelako.

Ikus-entzunezkoen urgentziek ez dute arnasten uzten. Musikaren, eta oro har kulturaren, izatearen funtsezko alderdiak hiltzen ari den aktualitate telebisatu horrekiko ezberdina den horizontea behar da. Telebistarekiko eta talent show horiekiko guztiz ezkor eta erabat kontra egotea ere ez da kontua, ze azken finean kultura popularraren parte dira, baina beste zerbait behar da konpentsatzeko: beste sonoritate batzuei lekua egin behar zaie, bidea zabaldu behar zaie, berotegietan ondutako musika prefabrikatu horretatik kanpo.

Bizi kantu popularra

Talent show horietan badaude oso ondo abesten duten mutiko eta neskatoak, noski. Baita ama eta aitona-amonak ere, komeni da jakitea. Gizakia izaki musikala da. Eta abestia, hitza eta musikaren batura; soinuak dituen bi forma kulturalak. Energia hori guztia telebista norgehiagokaren bitartez bideratzea, hau da, lehiaketa hutsaren eskutik, eta interpretaziorako eta produkziorako inposaturiko estilo bat gailentzea soilik audientzia irabazteko, musikaren potentziala inbutu estuegi batean sartzea da.

Eta horrela ezin da. Herri musikaren bidean hau ezin da izan bide nagusia, originala den interpretazioa mespretxatu, eta estilo eta genero ezberdinen aberastasunak alboan uzten dituelako.

Abesti ederrak sortzeko, kantu popularra bizi dadin, formatu krudel horietatik kanpo, umil-umil, badaude gako batzuk eskain daitezkeenak. Lehenik, tradizio batekin lotu beharrarena, energia transmititzen duen soinu-iturri bati. Txikitatik musika edo soinu heziketa jaso izan duen zortedunak, landu dezala; eta bestela, dagokion tokian bilatu dezala, bere herriaren historian, Kuban edo New Orleansen.

Gero, telebistari begira ez, lagunekin konpartitu dadila. Audientzia sozial zabal batera jo baino lehen, pertsonatik pertsonara, gertutasun horretan kolektibizatu. Ze azkenean, artearen trasmisioa orokorrean, musikarena, poesiarena, pentsamenduarena, pertsonatik pertsonarakoa da, sorginkerian sartzen zaituen lagun baten liluramendua da, xarman kokatzen zaituen maisu on bat izatea. Ze telebista eta teknologia guztia gorabehera, hitzaren eta musikaren bitartez zabaltzen diren eduki artistikoen energia milenarista den zerbait da. Eta hori sakonean bizi ahal da bakarrik partekatzen denean. Hirugarrenik, auzoa dago, kale izkina, eskola, lagunekin biltzen zaren taberna, oinarri-oinarritik kolektibizatu behar da, horrek bilaketa poetikoa eta soinu-bilaketa asetzen duelako.

Azkenik, ahal duzunean, bidaiatu. Juglare on bat izateko bidaiatu egin behar delako.