NAIZ

Dena agortuta NAIZen harpidedunei eskainitako ‘Kantu bat gara’ ikuskizunerako

Sarrera eta gonbidapen guztiak ordu gutxitan agortu ostean, larunbat honetan iritsiko da Jon Maiak NAIZen harpidedunentzako prestatutako ‘Kantu bat gara’ ikuskizunaren emanaldi berezia. 17:30ean irekiko dira ateak.

‘Kantu bat gara’ ikuskizunaz gozatuko dute larunbat honetan NAIZen harpidedunek.
‘Kantu bat gara’ ikuskizunaz gozatuko dute larunbat honetan NAIZen harpidedunek. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Azken hilabeteotan Euskal Herriko makina bat txokotan geldialdia egin ondoren Jon Maiaren ‘Kantu bat gara’ emanaldi berezia Bilboko Campos Eliseos antzokira iritsiko da larunbat honetan, NAIZen harpidedunei bereziki zuzenduta.

«Donostian estreinatu bezperan LABIk ezarritako neurrien ondorioz bertan behera utzi behar izan genuen hilabeteetan prestatutako dena. Beraz, Bilbokoa bihurtu zen lehenengo emanaldia. NAIZek, laguntzaile bezala, hainbat sarrera zituen hartuak harpidedunentzat. Han ere edukiera murrizketak zeudenez, emergentziazko egoera hartan NAIZ oso ondo portatu zen eta sarrera paketea kenduko zutela esan zidaten. Modu horretan %60ko edukieran sartu ginen. Detailea ikusita nik proposatu nuen beste emanaldi bat egitea NAIZen harpidedunentzat bakarrik», gogoratu zuen zumaiarrak aurkezpenean.

Eta harpidedunen harrera bikaina izan zen, gonbidapen eta sarrerak egun bakarrean agortzeraino. Gehien-gehienak Bizkaiko hiriburu ingurukoak badira ere, Euskal Herri oso txoko ezberdinetatik joango dira Campos Eliseos antzokira.

Ikuskizuna 18.00etan hasiko da, eta ordu erdi lehenago, 17:30ean, irekiko dira ateak. Bertaratuko direnak garaiz joatea komeni da, azken orduko pilaketak ekiditeko. Izan ere, antzokia bete egingo da eta eserlekuak ez dira aldez aurretik ezarriak izango. Era berean, behin ikuskizuna hasita, ateak itxi egingo dira.

‘Kantu bat gara’ emanaldia Maiak lehen kanta idatzi zuenetik 30 urte bete direla ospatzeko aitzakiarekin osatutako lana da. Negu Gorriak, Gozategi, Gari, Benito Lertxundi, Anari, Mikel Urdangarin, Ken Zazpi, Soziedad Alkoholika, Pirritx eta Porrotx, Pello Reparaz, ETS eta abar, 170 kantu inguruko zerrenda osatu arte, hiru hamarkada luze hauetan.

Horietako asko entzungo dira Bilbon eskainiko duen saio berezian. Gorka Hermosa (akordeoia), Pello Ramirez (txeloa), Nacho Soto (teklak) eta Nerea Quincoces (perkusioa eta ahotsak) izango ditu ondoan eta ikusle gonbidatuen artean ere izanen da izen berezirik, Manu Cabacas eta Fina Liceranzu, Iñigo Cabacasen gurasoak, kasu.