Alfons Rodriguez

Samoa, Tangaroa jainkoaren lurra

Planetako txokorik urrutienetako batean daude Samoako Estatu Burujabeko uharteak. Ez da erraza bertara iristea, baina are zailagoa da bertatik alde egitea sorginduko zaituen leku zoragarria ezagutu eta gero.

Samoako Estatu Burujabeko hiriburu den Apian lur hartu ostean, bertan nagusi den lozorro sentsazioaren mende erortzen da bat ezinbestean. Egunek aurrera egin eta herrialdea ezagutzen joaten zaren heinean, gainera, lozorro sentsazio hori Apiako kontua soilik ez dela konturatuko zara: Samoako txoko guzti-guztietan aurkituko duzu. Artxipelagoa belusezkoak diruditen hondartza bakartien, jainkoek aleatorioko bota eta iltzatutako palmondoen, ur kristalinoen eta zeru garbi eta urdinen segida etengabea da. Agian, goizean hodei txikiren bat ikustea irudituko zaizu, baina berehala desegingo dute eguzkiak eta Hegoaldeko Itsasoetako haizeak.

Apia hiriburua, egiari zor, kale zabal eta eraikin eta etxe baxuz egindako herri handi bat besterik ez da. Bertan 39.000 lagun bakarrik bizi dira eta ez duzu zailtasunik izango banketxeak, dendak, hotelak eta jatetxeak aurkitzeko. Behin hiriburua atzean utzita, baina, beste kontu bat izango da. Samoa Estatu Burujabea Polinesiako estatu bat da, orain dela 60 urte sortutakoa.

Samoako gainontzeko uharteek Ameriketako Estatu Batuen esku jarraitzen dute, Samoa Estatubatuarra izenpean. Bada, Samoako Estatu Burujabeak 203.000 biztanle ditu egun, gehien-gehienak bi uharte nagusitan banatutakoak: Upolu eta Savaii. Horien inguruan beste zenbait uharte txiki ere badaude, adibidez Manono, Apolima eta Aleipata. Samoak soilik 203.000 biztanle baditu ere, diasporako kideak milioi bat inguru dira, gehienak Zeelanda Berrian eta Ameriketako Estatu Batuetan.

Uharteotara heldutako lehen gizakiak Lapita kulturako tribuetako kideak ziren, eta Fiji eta Tongatik heldu ziren, orain dela 3.500 urte inguru. Europarrekin ia ez zuten batere harremanik izan XIX. mendera arte; garai horretan, misiolariek hartu zuten atzerriko komunitate txikia osatzen zuten marinelen eta presoen lekukoa. Samoako sinismen eta profeziek ziotenaren arabera, egunen batean erlijio berri bat uharteotara heltzekoa zen, eta, tokikoek uste sendo hori zutenez, samoarrek ez zuten zalantzarik egin kristautasuna itxarondako dogma berri hori bezala hartzeko orduan.

Merkatura bisita

Upolu uharte nagusia oso-osorik ezagutzeko modukoa da. Uharteko jardueraren bihotza Apian dago, bi gune nagusitan zehazki: Beach Road kalean, Aggie Grey Hotelaren eta Flea Market merkatuaren artean bereziki, eta erloju-dorrearen inguruetan, Chinatown bezala ezagutzen den inguruan. Merkatu zentrala ere, Fagalei eta Saleufi kaleen artean kokaturikoa, bisitatu beharrekoa da; produktu fresko oso merkeak eta herrialdeko artisautza lan tipikoak aurkituko ditugu bertan.

Kontuan hartu beharreko beste lekuetako bat Vaea mendiaren hegalean dagoen Robert Louis Stevenson idazlearen etxea da. Eskoziarrak bertan igaro zituen azken urteak, eta azkeneko idazlanak ere bertan idatzi zituen. Gaur egun etxea museo bat da, eta Stevenson bertan bizi zen garaiko altzariak, objektuak eta argazkiak gordetzen ditu. Etxearen lorategitik bertatik hasita, pista batek mendiaren gailurreraino eramaten du; bertan dago Stevensonen eta bere emaztearen hilobia. Mendiaren gailurretik inguru guztiaren ikuspegi bikainak ere izango ditugu.

Uhartea zeharkatzen duen errepidearen alboan dago derrigor bisitatu beharreko beste lekuetako bat: munduan dauden Bahá'í tenplu gutxietako bat. Bisitari guztiak dira ongi etorriak, eta ez da harritzekoa ere, budismoa, kristautasuna, islamismoa, judaismo eta hinduismoa nahasten dituen erlijio benetan bitxia baita bahismoa. Eraikinaren itxura futuristari bistako konnotazio sektarioak atzemango dizkiogun arren, bahismoaren filosofia eta doktrina kontuan hartzeko modukoak dira, gizateriaren, jainkoen eta profeten batasun eta ulermen absolutuaren alde egiten baitute.

Paradisura itzulera

Oro har, uharteetako iparraldeko kostaldeetan zaila izan ohi da igeri egiteko hondartza onak aurkitzea, gune malkartsuak, olatu izugarriak eta korronte arriskutsuak nagusi baitira. Egoera goitik behera aldatzen da hegoaldeko kostaldeetan; harea zuriko hondartza bikainak aurkituko ditugu, urdin turkesa ia irrealeko urekin. Denbora lasai-lasai igarotzeko leku paregabeetako bat Lalomanu herria da, Upoluko hego-ekialdeko muturrean.

Ostatu hartzeko lekurik onenak, zalantzarik gabe, itsaso bazterreko fale tradizionalak dira. Uharteotako eraikuntza tradizionalak dira etxola horiek eta lurretik metro bat inguru altxatutako egurrezko plataforma bat izan ohi dute oinarri; bertatik zutabe batzuk altxatzen dira, palmondo orriz egindako teilatua eustea dutenak. Perimetroa ixtea edo ez bakoitzaren hautua da, eta horretarako aukera ematen duten pandanus orriekin egindako gortinak izaten dituzte etxolek.

Bidaia hegoaldeko kostaldean zehar jarraituz gero, ingurua herrixka txikiz eta igeri egiteko edo besterik gabe ezer egin gabe lasai-lasai egoteko hondartza bakartiz zipriztinduta dagoela egiaztatuko dugu. Horren adibide da Paradise Beach, Lefaga herrixkan kokatuta dagoen hondartza ederra. Bertan filmatu zen 1951n Gary Cooper aktore ezaguna protagonista duen “Return to Paradise Beach” pelikula.

Iparraldera eginez gero, herrixkak gero eta ugariagoak dira; kongregazio eta estilo arkitektoniko ugaritako elizak aurkituko ditugu, baita ibilkera lasai eta patxadatsuko herritarrak ere. Bidean zehar ohikoa da egunean bertan harrapatutako arrainak saltzen ari diren arrantzaleekin topo egitea: kolore guztietako arrezife arrainak, itsaskiak, itsas sugeak eta bestelako uretako espezieak izaten dituzte salgai. Bien bitartean, emakumeek pandanus orriak erabilita estera ezin ederragoak egiten aritzen dira.

Samoako kultura eta gizarte antolaketa oso lotuta daude Polinesiako gainontzeko uharteetakoekin. Dantza tradizionalak banaka edo taldean dantzatzen dituzte. Ezagunenetakoa Sa-sa da, taldean eta gongaren erritmoan dantzatzen dena. Suaren dantza ere oso zabalduta dago; tradizioaren arabera, beldurra agertu duten gizonak erre egingo dira dantzatzerakoan. Siva dantza ere asko maite dute samoarrek; adierazpen askeko dantza da.

Uharteotako kulturan uste zabaldua da Samoa dela Polinesiako sorterria. Munduaren jatorria azaltzeko, berriz, legendak Tangaroa jainkoaren sorkuntza dela dio; Biblian jasotako genesiaren oso antzeko azalpena ematen dute samoarrek. Matai edo familia buruak gidatutako komunitateetan bizi dira samoarrak. Familia bizitza, oro har, liberaltzat jo daiteke. Zaharrek eta buruzagiek guztien errespetua izaten dute. Etxebizitza tradizionalek, berriz, ez dute murrurik izan ohi, baizik eta palmera edo pandamus orriekin egindako gortinak; lurzorua harri-koskorrekin estali ohi dute.

Fono izeneko kontseiluaren bilerak fale-tele tradizionaletan egiten dituzte. Bertan biltzen dira buruzagiak eztabaidatzera. Buruzagitza mota ezberdinak dituzte samoarrek, eta tartean dago zeremonia-maisuarena. Hizlari ona izatea ezinbestekoa da zeremonia-maisu izateko eta jantzien eta osagarrien bitartez bereizten da zer maila duten. Buruzagi batek beste bati egindako bisita, berriz, malanga bezala ezagutzen da; bertan opariak egiten dira, baita hitzaldiak eta festa bat ere.

Emakume samoarrak aualuma izeneko eraikin tradizionaletan biltzen dira. Emakumeen titulua senarraren araberakoa da. Aipatzekoa da ere nerabezaroarekin lotuta egin ohi zen tatuaiaren erritoa galtzen ari dela gazteen artean; gaur egun soilik batzuek egiten dituzte tatuaiak eta ez beti erritu horrekin lotuta. Iraganean, ilea motz eta karearekin dekoratua eraman ohi zuten samoarrek.

Savaii, egun batetik bestera

Iraganean, Savaai uhartera bidaiatzen zenean, gure egutegietako une bitxi bat bizitzeko izan ohi zen, hobe esanda, gure eguneroko ordu zikloekin lotutakoa. Malinuu lurmuturrera iristea planetaren mendebaldeko muturrera heltzea zen; bertan egiten zuen “salto” denboraren lerroak, egun batetik besterako aldaketa eginez. Hau da, bertan hasten zen ekialdea, eta, beraz, bertakoa izaten zen planetako azken arratsa.

Samoarrentzat, baina, Malinuu lurmuturra leku sakratua da, azpimundura sartzeko atea. Polinesiako haratago mitikora eramaten gaituen labazko mihia. Kontuak kontu, aipatutako denboraren paradoxa 2012an desagertu zen merkataritza arrazoiak tarteko, hau da, Samoak Ozeano Bareko gainontzeko uharteekin zituen harremanak tarteko. Izan ere, herrialdeak data aldaketa ofizialeko lerroaren bestaldera igarotzea erabaki zuen, eta, ordutik, dagoeneko ez dira ez eguneko azkeneko arratsaren ez lehendabiziko egunsentiaren jabe. Lortu dutena, hori bai, Samoa Estatubatuarretik egun oso batera egotea da. Denbora erlatiboa den zalantzarik ez da...

Savaii uhartea Polinesia osoko bigarren handiena da -inguruotatik oso urruti den Hawaii bakarrik da handiagoa-. Basatiena ere bada. Bertara heltzeko modurik onena bi orduko bidaia ederrean Apolima itsasartea zeharkatzea da. Horretarako, ferrya Malifanua herrian hartu behar da, Upolu uharteko mendebaldeko muturrean, Faleolo aireportua eta gero; helmuga, berriz, Salelologa izango da, Savaai uharteko hego-ekialdean.

Maugako laba zelaiak

Errepide batek uharte osoa inguratzen du, barnealde basati eta malkartsua erdialdean utziz; ohian tropikal sakon eta zeharkaezinak, mendi ikusgarriak, jatorri bolkanikoko kraterrak... dira nagusi. Uhartean derrigor bisitatu beharreko leku paregabeak daude, horietako batean paisaia harrigarria izango dugu zain: Maugako laba zelaiak. Ez dugu zelaiok aurkitzeko zailtasunik izango, errepideak erdi-erditik zeharkatzen baititu. Mauga bisitatzeak beste planeta batera eramaten zaitu, edo historiaurrera, nork daki. Lurzoru beltz-beltz dirdiratsuaren eta bertatik irteten diren zuhaixka berdeen arteko kontrastea izugarria da, eta oraindik bero-bero daudela diruditen formazio apetatsuak ere aurkituko ditugu.

Errepidean aurrera eginda Satoalepa herri ederrera helduko gara, Fagamaloko hezeguneetatik gertu. Bertan kanoa bat alokatu eta istingaditik osteratxoa egiteko aukera izango dugu. Norbait Hegoaldeko Itsasoetako kondairazko uharteen bila iritsi bada lurrotaraino, zalantzarik ez inguruotan bilatzen ari zen hori aurkituko duela.

Lehen aipatutako Malinuu lurmutur mitikora heldu aurretik, Falealupoko Baso Erreserba bisitatzeko aukera izango dugu. Bertan baniano zuhaitz erraldoiak eta labak sortutako kobak aurkituko ditugu. Behin penintsula bisitatu eta gero, zer hobe Neiafu hondartza bisitatzea baino, Samoako ederrenetakoa baita zalantzarik gabe.

Hegoalderago, Taga herrixkan, errepidetik irteten den pista bat aurkituko dugu; labazko kostaldean haizeak sortutako zulo naturaletara eramango gaitu, Alofagako blowhole ezagunetara. Egun haizetsuetan -ia guztiak inguruotan-, olatuek kostaldearen aurka talka egitean, ura zulo natural horietatik sartzen da, eta, aire korronteak lagun, dozenaka metroko altuera hartuta azaleratzen da modu ikusgarri eta gorgarrian. Espektakulu zirraragarria da, eta, behin honaino iritsita, derrigor ikusi beharrekoa.

Ekialderantz jarraituta, Gataivai beste herrixka eder batera helduko gara; bertan, ur-jauzi eran itsasoratzen den erreka bat aurkituko dugu. Uren arteko talka basatia da beste behin ere, inguruotan ia guztia bezala. Ez da harritzekoa, Tangaroa zeruaren jainko polinesiarrak lehendabizi sortutako lurra baita honakoa, itsasoa, zerua, oihanak, gizakiak eta planetaren gainontzeko leku guztiak baino lehenago sortu ere. Samoan zaudenean, bertako uharteak eta norbera besterik ez direla existitzen esan ohi da. Eta, egiari zor, bene-benetan horrela dela dirudi.