NAIZ

Arrantza-jardueretan adimen artifiziala erabiltzeari buruzko txostena egin du Aztik

Aztik arrantza-jardueretan adimen artifiziala erabiltzeko lege- eta teknologia-oinarriak jasotzen dituen txostena egin du, Europako Parlamentuak eskatuta eta EBko Adimen Artifizialaren Legearen proposamen berriari begira.

Aztik arrantza-jardueretan adimen artifiziala erabiltzeari buruzko txostena egin du EBrentzat.
Aztik arrantza-jardueretan adimen artifiziala erabiltzeari buruzko txostena egin du EBrentzat. (AZTI)

Europako Parlamentuak eskatuta, Azti euskal zentro teknologikoak arrantza-jardueretan adimen artifiziala erabiltzeko lege- eta teknologia-oinarriak jasotzen dituen txostena egin du.

Dokumentuak A Coruñako Unibertsitateko ‘Salvador de Madariaga’ Europako Ikasketen Unibertsitate Institutuaren (EIUI) laguntza du, eta adimen artifiziala aplikatzeak arrantza-sektorearen jasangarritasunari lagun diezaiokeela nabarmendu du Aztik ohar batean.

Aztiko eta EIUIko ordezkariek lan hori aurkeztu zuten astelehen honetan Europako Parlamentuan, arrantza-industrian irtenbide teknologiko horiek behar bezala aplikatzeko jardunbide egokien gida gisa balioko duena.

Jose A. Fernandes Aztiko adimen artifizialean aditu eta ikerketaren koordinatzaileak azaldu duenez, adimen artifizialean eta legedi berrian sakondu nahi duen edonorentzat interesgarria izan daiteke dokumentua, nahiz eta ezagutza tekniko asko ez izan.

Aztik eta EIUIk egindako analisiak gaur egun arrantza-sektorean egon litezkeen adimen artifizialeko tekniken aplikazio potentzialak zerrendatzen ditu, hala nola, lagin biologikoak prozesatzea, arrantza-ontzien eraginkortasun energetikoa hobetzea, edota harrapaketak espezieen eta tamainen arabera sailkatu.

Gainera, txostenean arrantza-sektorean adimen artifizialeko sistemak behar bezala erabiltzeko gomendio zerrenda jasotzen da.

Adimen Artifizialari buruzko legea

Zenbait alderdi Adimen Artifizialaren lege-proposamenen aldaketarekin lotuta daude, bertan arrantza-sektorearen aipamen espezifikoak sartzeko.

Datu pribatuen anonimotasuna ziurtatuko duten segurtasun-protokoloak diseinatzeko, Adimen Artifizialaren jardunbide egokiak eta estandarrak garatzeko eta hornitzaile teknologikoen rola arautzeko gomendioak ere jasotzen ditu dokumentuak, «sistema adimendun ez-fidagarrien eta beren helbururako egokiak ez direnen garapena prebenitzeko».

Finantzaketa-programen, zentro espezializatuen, diziplina anitzeko sareen edo adimen artifizialeko jardunbide egokien garapenaren bidezko lankidetza ere badira Aztien txostenaren beste gomendioetako batzuk.

Oharrean adierazi dutenez Prozesu hori guztia bultzatzeko gakoak ikerketa teknologikoa eta ontzien digitalizazioa dira.