Testua: Urtzi URRUTIKOETXEA Argazkiak: U.U. eta Getty Images

Alabama, eskubide zibilen zero gunean

AEBtako azken hamarkadetako historian, eskubide zibilen mugimendua izan zen aldaketa askoren erantzule. Milioika beltzek sufritzen zuten bazterkeria, Alabamako estatuan ageri zen beste inon baino gordinago, eta estatu horretan daude segregazioaren aurkako borrokan mugarri izan ziren leku ugari.

Montgomeryko Kapitolioa. 1965ean honaino iritsi zen Selmatik trena, eta jendetzaren aurrean eman zuen hitzaldia Martin Luther Kingek. Mende bat lehenago, Jefferson Davis Konfederazioko lehen presidentearen kargu hartzearen lekua izan zen.
Montgomeryko Kapitolioa. 1965ean honaino iritsi zen Selmatik trena, eta jendetzaren aurrean eman zuen hitzaldia Martin Luther Kingek. Mende bat lehenago, Jefferson Davis Konfederazioko lehen presidentearen kargu hartzearen lekua izan zen.

Eskubide Zibilen ibilbidea duela gutxi eratutako bide turistiko eta historikoa da, AEBetako bi mende baino gehiago markatu zituzten hiriak eta guneak lotzen dituena. Ibilbideak milaka kilometro dituen arren esklabo-merkataritzan ziharduten portuetatik hasi eta Martin Luther Kingek “Amets bat daukat” esaldia esan zuen Washington hiribururaino, Alabama da horietatik garrantzitsuenetakoak biltzen dituen estatua, 60ko hamarkadaren ingurumarian izandako gertaera garrantzitsuenen lekuko izan ziren Birmingham, Selma eta Montgomery hirietan, esaterako.

«Sweet home», «etxe goxoa», dio Alabamara sartu garela iragartzen duen seinaleak. Lynyrd Skynyrd taldearen kanta arrakastatsua hegoaldearen aldarrikapen ere bihurtu da, indarkeriak eta gorroto arrazistak markatutako sasoi batean izan arren jatorria. Georgiako estatutik sartu gara txango hau aurretik edo atzetik luzatzeko aukera paregabea da Atlanta hirian hastea ibilbidea, Martin Luther Kingen jaioterrian, edo Tennessee estaturantz jarraitzea Memphiseraino, Luther King hil zuten lekuraino; ordu eta erdi pasatxoan Birmingham hiriaren sarreran gaude.

Birmingham, Eskubide Zibilen aldeko borrokaren gune izateaz gain, irratiaren eta jazz musikaren hiri esanguratsua da.

Hiririk segregatuena

Kelly Ingram parkea eskubide zibilen aldeko martxa askoren helmuga edo topagunea izan zen, eta gaur egun garai hura gogorarazten duten monumentu ugari daude, zein baino zein hunkigarriagoak. 1963an eskubide zibilen aldeko aktibismoaren gune garrantzitsuenetakoa izan zen hiri hau, milaka manifestari hiriko negozioetako segregazioarekin amaitzen saiatu baitziren (“desegregatzen”), Martin Luther King buru zutela. Ekintza haien aurkako erantzuna ere ez zen nolanahikoa izan, eta Birmingham Eskubide Zibilen Mugimenduaren aurkako erreakzio bortitzenen lekuko izan zen. Bull Connor poliziaburu segregazionistak eraso-zakurrak eta presio handiko ur-kanoiak jaurti zituen ume eta guzti familia osoak elkarrekin zihoazen manifestazioen aurka. Garai haren oroitarrien artean, “Zero gunea” dakarren plaka bat dago: «Eskubide zibilen alde 1963an Birminghamen izandako borrokaren zero gunean zaude. Buruzagi eta herritar afro-amerikarrek erabat segregatutako hiri bateko zapalkuntza borrokatzea erabaki zutenean, bakebidez egin arren, indarkeriarekin eta amorruarekin egin zuten topo». Askatasunaren ibilbidean etengabe aurkituko ditugu garai hartako errepresioaren oroitarriak; manifestazioan zihoazen umeak atxilotu zituztela eta polizia manifestariei txakurrekin oldartu zitzaiela oroitzen dutenak.

Birmingham-eko Eskubide Zibilen Institutua hiri horretako eta Alabamako borroka ulertzeko ezinbesteko tokia da.

Aste batzuk geroago, Ku Klux Klan-ek eliza baptista batean bonba bat leherrarazi eta lau neskato hil zituen. Parkearen eta tenpluaren aldamenean dagoen Eskubide Zibilen Institutua AEBetako hegoaldearen historia ulertzeko abiapunturik onena da. Historia luzerik izan ez arren, daukan hori modu erraz eta masiboan azaltzen eta lantzen ederto dakien herrialdea da Estatu Batuak, dela Gerra Zibila, mendebaldeko gerra eta herri indigenen aurkako sarraskiak, dela esklabotza, arrazismoa eta Eskubide Zibilen Mugimendua. Horregatik guztiagatik, ibilbideko leku gehienak nola edo hala ezagunak zaizkigu, han edo hemen ikusitako istorioren bat dakarte gogora.

Baina esperientzia zirraragarria da bertatik bertara ezagutzea segregazioa eta haren aurkako borroka. Birmingham Gerra Zibilaren ostean sortu zen meatze-hiria izan zen, ez zeukan berez konfederatuen memorian txoko berezirik, baina AEBetako hiririk segregatuena bihurtu zen 1950 eta 1960ko hamarkadetarako. Zorrotz betetzen zen bereizketa hori azaltzen du Eskubide Zibilen Institutuko erakusketak: zuriak goiko erpinean, eta, hiriaren espazio fisiko bera okupatzen, eta erabat apartean eta baztertuta, biztanle beltzak. Ez ostatu, ez bulego, ez eta elkarrentzako inolako gunerik ere ez zitzaien onartzen. Erraz ulertzen da, beraz, Eskubide Zibilen Mugimenduaren protesta-eremu inportanteenetakoa bihurtu izana.

Birminghamen ikusitakoaren hausnarrean, hegoalderantz dauzkagu hurrengo geltokiak. Montgomery Alabamako estatuko hiriburura iritsi aurretik Selma herria bisitatu nahi dugu. Soroak eta basoak zeharkatu ditugu, eta autobide eroso eta zabalak utzita errepide txikiagoetan galdu gara. Herri txikiak, nekazari-etxaldeak eta elizak ageri dira bidean. Etengabe eliza protestante berriren bat, edo Jainkoarekin lotura daukan kartel handi bat. Historia hurbilaren pisua handiegia da, eta bidean etena eginda tarte batez urruntzeko lekurik onena dugu Tuscaloosatik gertu dagoen Moundville gune arkeologikoa. Mississippiko kultura indigenaren adierazpen ikusgarrienetakoa da. Duela zortzi mende, europarrak iritsi baino askoz lehenago, eraikitako 29 muino erraldoi daude, goialde laua dutenak. Hiriko bisitan abiatutako egun intentsoari aire librean amaiera emateko lekurik onena dela iruditu zaigu, berriz ere Selmarantz abiatu aurretik.

Moundville, Mississippiko kultura indigenaren gune garrantzitsuenetakoa.

Lintxamenduen memoria

Igande goizeko patxadak hartu gaitu Alabamako herrian. Eguzkitsu eta fresko dago, jende gutxi dabil kalean, baina elizan kantuak entzuten dira. Alabama ibaia dauka Selmak hegoaldean, eta haren ertzeraino goaz gu ere. Edmund Pettus zubiak Ku Klux Klan-eko buruzagi garrantzitsu batengandik hartu zuen izena. 1965ean Bloody Sunday edo Igande Beltza gertatu zen hemen martxoaren 7an: Selmatik Montgomeryra (87 kilometro) joateko antolatutako protestaren lehen etapa zubia bera igarotzea zen, herria uzteko. Zubiak gora eta gero behera egiten du, ordea, eta manifestariak gora iritsi ziren arte ez zituzten ikusi beste aldean zain zituzten poliziak. Aurrera egiten saiatzean, indarrez oldartu zitzaien polizia. Baina egun hartan telebista eta kazetariak zeuden bertan, eta manifestari odolduen irudiak AEBetako txoko guztietara iritsi ziren.

Selma, Edmund Pettus zubia, 1965ean historia aldarazi zuten lekuetako bat.

Bi egun beranduago, berriz saiatu ziren, baina poliziaren jarrera ikusita, Martin Luther Kingek martxa geldiarazi eta atzera eginarazi zien jarraitzaileei, bere elizaraino. Gau hartan, Bostondik etorritako James Reeb ekintzailea jipoitu eta hil zuten supremazista zuriek. Hurrengo astean, Lyndon Johnson presidenteak boto-eskubidea bermatzeko legea aurkeztu zuen. Martxoaren 21erako, manifestariek Montgomeryrainoko bidea egitea lortu zuten. Zubia igaro eta beste aldeko oroitarriak ezagututa, Alabamako hiribururantz jarraitu dugu guk ere.

2020an hildako John Lewis eskubide zibilen aldeko buruzagiaren izena ematea proposatu izan da, baina Lewisek berak Edmund Pettus izenarekin jarraitu behar zela azpimarratu izan zuen: «Zubiaren izena mantentzea ez da izena daraman gizonaren babestea, baizik eta onartzea nazio honen eta munduaren aurpegia aldatu zuen Boto Eskubidearen Aldeko Mugimenduaren sinonimoa dela gaur egun».

Rosa Parks autobusera igo eta historia aldarazi zuen lekuan, haren estatua bat dago gaur egun, Montgomery erdian.

Asko du Montgomeryk kontatzeko eta bisitatzeko. Estatuko Kapitolioan “sortu” zen AEBetako gerra zibileko konfederazioa, hantxe egin baitzuen zina Jefferson Davis presidente konfederatuak. 1965eko martxa ere leku horretan amaitu zen, eraikineraino doan etorbidearen hasieran iturri dotore bat daukan biribilgunean. Hantxe, kale-bazterrean, eskultura batek Rosa Parks-ek autobus ezaguna hartu zuen lekua adierazten du. Nekatuta zihoan, eta bidaiari zuri bati lekua uzteari eta autobusaren atzealdera joateari uko egin zionean autobusetik kanporatu eta atxilotu egin zuten. Historia idazten ari zen, autobus segregatuen aurkako boikota abian jarrita. Eta gu historia horren atzetik gatoz. Montgomeryko kaleetan dago, etxaldeetan, monumentuetan. Legacy museoa esklaboak giltzapetzen zituzten biltegi zahar batean eraikita dago.

The Legacy Museum AEBetako arrazismoaren oroitzapenerako lekua da, lintxamenduen memoria gogorra biltzen da bertan.

Harekin batera, Bakearen eta Justiziaren Oroimenezko Monumentu Nazionala da ezinbestean bisitatu beharreko beste gunea. Esklabotzaren krimenen gordintasunetik hasi eta lintxamenduen zerrendatze izugarria jasotzen du eremuak; astiro-astiro barneratzen zoaz oroitarri bakoitzean, urkamendiaren parez pareko ikuspegi zabala duzula ohartu arte. Lasai eta patxadaz ematen ditugu pausoak, egunotako bisiten digestioak berak denbora behar duela jakitun. Isilik goaz, errespetuz eta zirrarak hartuta, inguruan dabiltzan bisitarien antzera, baten bati, inpresioari ezin eutsita, malko eta zotinen batek ihes egiten dion arte.

GIDA PRAKTIKOA

Nola iritsi

Europatik doazen hegaldietarako Atlanta da gertuen dagoen aireportua. Birminghametik, berriz, konexio ugari dago AEBetako hiri garrantzitsuenetara.

Nola mugitu

Ia ezinbestean autoa alokatu behar da AEBetako leku gehienetan ibiltzeko, nahiz eta posible den txango honetako hirietara autobusez iristea.

Ostatuak

Alabama iparraldea ez da herrialdeko gunerik turistikoena, baina ez da ostaturik falta, hegoalderantz doazen bidaiari askoren pasabidea baita eta ez baitira gutxi inguruko historia ezagutzera datozenak ere.

Janaria

AEBetako hegoaldeko sukaldaritzak ospe handia dauka eta Alabama ere tradizio gastronomiko horren parte da.