Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Gari & Maldanbera: «Gailurreko jaitsiera honetan ondo sentitzen naiz»

Heldutasunaren isla, doinu baten lekuko, inflexio une baten adierazgarri... guzti hau izan nahi du ‘Gari & Maldanbera. Zuzenean 2022’ diskoak. Hertzainak taldearen agurra prestatzen ari den bitartean, ia modu paraleloan, agian bere lanik pertsonalena kaleratu du Garik.

Gari eta Miguel Moyano gitarra, Arriagan.
Gari eta Miguel Moyano gitarra, Arriagan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Maldanbera taldearen babesaz ekainean eskaini zuen Garik lau kontzertu sorta Bilboko Arriagan, Lazkaon, Algortan eta Bergaran asmo argi batekin: zuzeneko bat grabatu, zuzenekoaren magia islatzeko. Eta hori da, hain zuzen, ostiralean Arriagan bertan aurkeztu duten ‘Gari & Maldanbera. Zuzenean 2022’ (Elkar).

Lan zintzoa, tranparik gabekoa, erraz entzuten den horietakoa da ‘Gari & Maldanbera. Zuzenean 2022’ baina, batez ere, Legazpiko musikoaren bakarkako ibilbidearen erakusgarria dela esan daiteke. 27 urte darama bakarkako lanetan; 40 bete dira, era berean, Hertzainak sortu zenetik.

Atzera begirada bat, aurreko lanen bilduma bat... Honek zer esan nahi du, nolabait etapa bat itxi eta beste bati hasiera eman diola? «Normalean horrela izaten da, baina kasu honetan ez da bukaera bat –erantzun du Garik–. Kasu honetan zor bat da».

Zor pertsonala agian? «Urteak dira Gasteiztik Bilbora etorri nintzela eta asmoa izan zen epe luzera begiratuz, sare tekniko eta musikala sortzea, musikari eta artista bezala hazteko. Behar hori nuen. Lehenengo Miguel (Moyano, gitarra) eta biok hasi ginen eta, urteen poderioz, taldea sendotu egin dugu eta landu dugu horrelako sonoritate berezi bat. Musikari bezala lortzen duzunean horrelako egonkortasun bat, bai mentala, bai fisikoa eta baita ere artistikoa, zor bat sortzen da eta behar bat ere erregistro bat egiteko. Nolabait esaten duzu: ‘Hau ez badugu orain erregistratzen, akaso bihar portu honetatik aterako gara eta egongo gara beste portu baten bila’. Beraz inportantea zen guretzat talde lan hori erregistratzea. Baina hau ez da amaiera bat, nik uste dut inflexio puntu bat dela. Hemendik ez da hasiko beste Gari berri bat».

Desesperaziotik, argira

Hamabost kantez osatuta, 1995ean (‘Gari’ diskoarekin) hasi eta 2018ra arteko (‘Beste denbora batean’) ibilbidean barrena sortutako doinuetatik bidaia bizi bat proposatzen zaigu zuzeneko honetan. «Kanten hautaketa egiterakoan, inportantea izan da horrelako erretrospektiba bat egitea ez bakarrik kanten sonoridadean edo bere hitzetan oinarritua, batez ere kanta horiek idazterakoan nola sentitzen nintzen adierazteko», aipatu du. «Hasierako desesperaziotik, heldutasunera eta itxaropenera» doan bidea osatu du musikaren bitartez.

Motxila txikia, baina beteta daramana egun bizkarrean, zama handia kenduta. «Gailurrerako jaitsiera honetan ondo sentitzen naiz», aitortu du.

Gari artistak eman dituen kanta ederrak daude bertan, batzuek ia ereserkiak bihurtu direnak: «Lehenengo kanta ‘Amets’ da, nire lehenengo bakarkako diskoarentzat idatzi nuen lehenengo kanta, desesperazioarekin idatzitako kanta da».

Eta garai ilunetik, argitasunaren bila ‘Desira’, ‘Egunon Mundo’ bezalako kanten bidez. Eta horren ondotik ‘Esperantzara kondenatua’ bezalako kantak... «nahiz eta orbainak hor izan, orbain horiek distantziatik begiratzen dira», aipatu du.

Hertzainak, «liga handitan»

‘Zaharra zara Bilbo’ entzun daiteke era berean zuzeneko disko honetan. Bilbo eta Arriaga, hiria eta antzokia, bilbotarra bihurtutako gipuzkoar baten maitasunaren lekuko. «Ni hemen sentitzen naiz etxean», aitortu du Garik. Arriagan piztu zitzaion ere Hertzainak taldearen itzuleraren gogoa. Josu Zabala gaixo zegoen orduan, oso, eta Txagorritxuko onkologia zerbitzuari esker, Josuri aitortza eta agurra egiteko asmoarekin sortu zen asmoa festa erraldoi bat bihurtu da.

«BECen, abenduan, eta aurki Gasteizen iragarriko ditugun kontzertuetan 40.000 edo 50.000 lagun elkartuko ditugu, hiru kontzertuen artean», aipatu du. Hertzainak taldearen itzuleran inolako konfiantzarik ez zutenek ez zuten asmatu. Gari, dena den, pixka bat gaindituta dagoela onartu du. «Beste liga bat da, proiektua disparate bat da. Ni erosoago sentitzen naiz nire esparru txiki honetan; deskolokatzen nau ‘star’ bat izateak».