NAIZ

Willis Drummond taldeak ‘Gauzak’ kaleratu du, ‘Hala ere’ diskoaren bigarren aurrerapena

‘Bidasoa’ kanta plazaratu ondoren, Willis Drummondek ‘Gauzak’ bideoklipa argitaratu du, azaroaren 18an kaleratuko duen ‘Hala ere’ diskoaren bigarren aurrerapena. Bilbon (azaroaren 26an) eta Biarritzen (abenduaren 2an) aurkeztuko du diskoa Baionako taldeak.

Willis Drummond taldeak ‘Gauzak’ bideoklip berria argitaratu du, azaroaren 18an argitaratuko duen ‘Hala ere’ diskoaren bigarren aurrerapena. Joan den urrian, Baionako taldeak lehenengo kanta zabaldu zuen, ‘Bidasoa’.

Taldeak definitu duenez, ‘Gauzak’ «kanta zuzena eta gordina da, 3 minutuko esprint bat, eta bertan deskargatzen dugu gure energia Australiako rockaren eragina aldarrikatzen duten riff eta erritmo batzuen bidez», The New Christs edo Beasts of Bourbon taldeetan oinarrituta.

Bideoklipa Imanol G. Gurrutxagak zuzendu du eta IGG Ekoizpenak eta Willis Drummondek ekoiztu dute. Hitzek «kaosa eta hutsa» aipatzen dute, baina «itxura ilun horren gibelean, kantak mezu baikorra izan nahi du, oroitarazten baitu bizitzan, sortze prozesuetan bezala, ‘gauzak’ usu kaosetik ala hutsetik jalgitzen direla», azaldu dute.

Orain, atzera kontua hasi da Willis Drummondek disko osoa aurkezteko eta, batez ere, zuzenean zaleekin konpartitzeko. Lehen bi kontzertuak Bilboko Kafe Antzokian (azaroaren 26an) eta Biarritzeko Atabalen (abenduaren 2an) emango dituzte. Aurkezpen bira Donostiako Kafe Antzokian (urtarrilaren 6an), Iruñeko Zentralen (urtarrilaren 13an) edo Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean (urtarrilaren 21ean) ere geldituko da.

‘Hala ere’ diskoa azaroaren 18an eskuragarri egongo da denda guztietan, baita streaming plataformetan eta taldearen webgunean ere.