Iker Bizkarguenaga
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
Elkarrizketa
Beñat Erezuma
Irakaslea, Zientzia eta Teknologian aditua

«Teknologiak lagungarria izan behar du, baina ez da gure lanaren bihotza»

Ogibidez irakaslea eta Zientzia eta Teknologiako aholkularia da Beñat Erezuma, baina aurpegi horren ifrentzua sare sozialetan topa dezakegu. Hizkuntza sustatzeko xedez Euskara Satorra abiatu zuenetik, bide berriak jorratzen aritu da. Adimen Artifizialarekin podcastak eta olerki-liburua sortu ditu.

Beñat Erezuma.
Beñat Erezuma. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Youtube kanala, Twitter kontua, podcastak, bloga, liburua... zure jardunari jarraitzeak bertigoa ematen du. Zerbaitek bultzatu zaitu hau guztia egitera edo izaera kontua da?

Atzera begira jarrita konturatu naiz 2005ean jaio zela Youtube eta nik 2007an banuela dagoeneko kanal bat. Guk musika taldetxo bat genuen eta hara igotzen nituen kantak, kontzertuen zatitxoak... Beraz, hau ez da gaurko gauza bat, baizik eta urrunetik datorrena. Ingeniaria izan arren, bigarren aukera kazetaritza izan nuen, eta badaukat ingeniariaren pentsaera baina badaukat beste zati bat komunikazioarekin lotua. Txikitatik datorkidan gauza da, umetatik, azkar hasi nintzen egunero egunkariak irakurtzen. Beraz, tira, izaera kontua izango dela uste dut. 

Euskara Satorrarekin egin zinen ezagun. Haren ibilbidea martxoan bukatu zen, baina arrakasta handia izan zuen. Halakorik espero zenuen?

Ez, ezta gutxiagorik ere. Ni Getxo aldera etorri nintzen orain dela hamarkada bat edo, eta ikusi nuen Ajangiz eta Gernika aldean bizi nuen errealitatea honekin alderatuta oso desberdina zela, jende askok ez zekiela euskaraz. Eta hura, hasieran, probatxo bat izan zen, beste barik. Hilabete batzuetan utzita izan nuen, eta iruditu zitzaidan ez zegoela feedback-ik, ez baitzegoen mezurik. Gero konturatu nintzen nire akatsa zela, mezuak ezkutatuta zeudela eta ez nituela irakurri. Benetan ehunka mezu zeuden. Eta pentsatu nuen, «ostras, honekin jarraitu behar dut». Eta horretan aritu nintzen, gidoiak autobusean prestatzen ibiltzen nintzen... Baina ez nuen horrelakorik espero, ez.

Egun batetik bestera youtuberra bilakatu zinen. Zer esaten zuten gertukoek?

Egia esan, proiektua ezkutuan hasi nuen, inori ezer esan barik. Eta horrela eman nituen hilabete batzuk. Egun batean emazteari aipatu nion, baina gurasoei urte eta piko pasa zirenean esan nien, eta lagunei ezer ez. Azkenik, sortu eta pare bat urtera kazetari bat kanalarekin harremanetan jarri zen, elkarrizketa bat egiteko, eta esan nuen: «Bueno, aurpegia eman beharko da». Gaur arte.

Euskarazko eta euskararen dibulgazioan, sareetan batez ere, gabeziarik sumatu duzu? 

Dena daukagu egiteko. Badakit Eusko Jaurlaritza jendeak euskaraz ikasteko online ikastaro bat prestatzen ari dela, baina uste dut horretan autokritika egin beharko duela egin behar duenak. Jende asko dago euskaltegira joateko astirik ez duena, eta hori online egon beharko litzateke duela urte asko. Ongi etorria proiektua, baina aspaldi egin behar zen. Bestetik, pozez ikusi dut EiTBn zein gazte elkarte eta mugimenduetan azken hilabeteetan badabiltzala proiektu txukunak eta duinak egiten Youtube, Twitch eta horrelako plataformak aprobetxatuz. Eta horrek pila bat pozten nau.

Nik Twitter ‘toxikoa’ zela uste nuen, baina konturatu naiz agian kontua dela jende egokia jarraitzea. Jende interesgarria ezagutzeko aukera izan dut

 

Orain ‘Zero eta Bat’ podcastarekin zabiltza buru-belarri. Adimen Artifizialarekin (AA) sortutako testuak erabiltzen dituzu. Nola okurritu zitzaizun Adimen Artifiziala erabiltzea podcast bat egiteko?

Orain dela bi urte sortu zen GPT3 testuak sortzeko Adimen Artifiziala. Nik izena eman nuen hura probatzeko, baina ez naizenez inor ez zidaten aukerarik eman. 2021eko azaroaren 23an edonor sartzeko libre utzi zuten, eta orduan probatzen hasi nintzen. Hortik atera zen “Artiadi” olerki liburua, berrogei olerkiz osatutakoa, eta gero bide horretatik jarraitu nuen. Azken hilabete hauetan testuen bidez irudiak sortzeko Adimen Artifizial desberdinekin probak egiten jardun naiz. Niretzat, aldaketa duela pare bat urte Twitterren sartu nintzenean eman zen. Twitter plataforma bezala lehen ez zitzaidan gustatzen, baina lankide batek animatu eta azkenean proba egitea erabaki nuen. Uste dut hori izan dela pixka bat aldatu dena.

Egiten duzun lan horren hedapenean asko igarri duzu...

Bai, eta batez ere, nik uste nuen Twitter plataforma ‘toxiko’ bat zela, eta konturatu naiz agian kontua dela jende egokia jarraitu behar duzula. Jende egokia jarraitu, eta eztabaidatan ez sartu, ze Twitterren ematen diren eztabaidak antzuak dira. Azken finean, nik sortzen dudana oso gauza zuria da, gauza polemikoagoak egingo banitu jasoko nukeen feedbacka nahiko gogorragoa izango zatekeen. Baina uste dut gakoa hori dela, jende egokia jarraitzea. Eta oso jende interesgarria eta erakargarria jarraitzeko aukera izan dut plataforma horren bidez.

Adimen Artifiziala hainbat esparrutan sekulako iraultza ekartzen ari da eta ekarriko du.

 

‘Artiadi’ olerki liburua aipatu duzu, hau ere Adimen Artifizialarekin egindakoa. Olerki horiek egiteko irizpideak ezarri zenizkion? Nola ateratzen da horrelako liburu bat?

Adimen Artifizialari zera eska diezaiokezu: idatzidazu olerki bat, gai honen inguruan, tonu honetan, edo dena delakoa, eta berak egiten dizu. Ni gauero ibili nintzen hilabete oso batean zehar. Egunean 10, 15 edo 20 olerki jasotzen nituen, baina bakarrarekin geratzen nintzen. Horrela atera zen.

Baten batek pentsa lezake Adimen Artifiziala etorkizuneko kontua dela, baina gure bizitzako hainbat esparrutan erabiltzen da, ezta?

Bai, bai. Ni ez naiz honetan aditua, erabiltzaile modura ikusten dut nire burua. Euskal Herrian honen inguruko adituak daude ezagutza handiagorekin hitz egin dezaketenak. Baina, erabiltzaile bezala, ikusten dut gaur egungo gauza bat dela eta denbora laburrean iraultza handia ekarriko duela. Ez bakarrik irudi edo testu sorkuntzan; abokatuen lanetan, kazetarion lanetan, osasungintzan, diagnostikoak egitean, automobilgintzan, kotxe autonomoekin..., hainbat esparrutan sekulako iraultza ekartzen ari da eta ekarriko du. Hurrengo urteetakoa oso interesgarria izango dela uste dut. Erronka bat da, txanponek bi alde dituztelako beti, baina ni pozten naiz une honetan hau ikusten egoteagatik.

Irakaslea zara, Zientzia eta Teknologia aholkulari gisa zabiltza Bigarren Hezkuntzan; oro har ze nolako harremana dute Teknologiak eta Hezkuntzak? Gatazkatsua da?

Galdera ona da... Ni ingeniaria izan arren, eta Teknologia irakaslea, uste dut oso ondo pentsatu behar dela IKT (Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak) berri hauek zertarako erabili nahi ditugun. Argi dago irakasleok alfabetatuta egon behar dugula, eta ikasleak alfabetatu behar ditugula, baina “pantailitisean” erori gabe. Laguntza bat izan behar direla uste dut, baina ez gure lanaren bihotza. Nire ustez digitalizazio aro honen ostean “aro desentxufatua” etorri beharko litzateke, pantailak alde batera utzi eta hezkuntzaren oinarrietara itzuli: kritikoa izatea, pentsatzea eta norbera heztea eta haztea. Digitalizazioa badator, ondo dago, alfabetatu behar gara, baina pertsona edo herri egingo gaituena pentsamendua da, hausnarketa. Herrialde batzuetan hasi dira. Adibidez, AEBetan Silicon Valleyn, aberatsen eta IKT munduko enpresarien seme-alabak joaten diren ikastetxeetan ez dago halako pantailarik. Horrek zeozer esan nahi du.

Nor garen pentsatu behar dugu, eta Irulegiko Eskuak agian bide bat ematen digu nor garen hausnartzeko.

 

Irulegiko Eskuarekin lantxoak egin dituzu. Duela bi mila urteko tresna bat eta gailu berriak uztartzean zerbait sinbolikoa atzematen da...

Nik duela bi mila eta ehun urteko elementu hori ikustean sekulako poza hartu nuen. Orain euskararen egoerarekin arduratuta gaude, ezagutza badagoela baina kaleko erabilera oso apala dela... Hor badaukagu lan handia egiteko. Baina horrekin batera nor garen pentsatu behar dugu, eta esku horrek agian bide bat ematen digu nor garen hausnartzeko. Oso gauza sinbolikoa da, bai. Herri honek bere sinboloak ditu, eta honek aurrera begirako hausnarketa hori egiteko balio dezakeela uste dut. Baina beti aurrera begiratuz, eta ez atzera, negarrez eta arranguraz.