Testua: Itsaso BAÑUELOS Argazkiak: Getty Images

Toubkal, kultura nortasuna darion mendia

Bidaiatzerakoan kultura berriak herri eta hiriburuetan topatzen direla uste dugu, baina ez da horrela izaten beti, ez bederen Toubkal median murgiltzean, orduan konturatzen baikara naturan ere herrien arteko kultura ezberdintasun, aberastasun, eta berezitasun guztiak suma daitezkeela.

Ohituta gaude, mendira joaten garenean, naturak busti gaitzan goazela esaten; gehienetan egia izaten da, gainera. Paisaia, haizea, errekak, zuhaitzak, igoera bera... dena dago hor, eta urrats guztiek ama-lurrak sortutako margolan zoragarri batean murgiltzen gaituzte. Gu ere prest agertzen gara berehala, lehenengo unetik, tontor batek eskaintzen digun naturaz gozatzeko aukera baita gure helburua. Hainbat menditara igo gara, munduko herrialde ezberdinetan sakabanaturik dauden horrenbeste gailurretara heldu ere, eta guztietan naturaren aurreko zorabioa izan da nagusi, baina batzuetan, Toubkal mendian hain zuzen ere, ez zen natura bakarrik izan topatu genuena; Toubkalen, natura ez ezik, herri baten kulturaren ondarea ere hauteman ahal izan genuen bide osoan, hango berbere izaeraz jabetuz, poliki-poliki, konturatu gabe gureganatzen genuen bitartean.

Atlas mendilerroak bitan banatzen du Maroko. Mendilerro honek duen mendirik gorenak Toubkal (4.167 metro) izena du. Horixe bera genuen helburu, hara joatea erabaki genuenean. Bai eta lortu ere! Bi egunetan goraino heltzeko gauza izan ginen, tontorrerako bidean elur ekaitzarekin topo egin genuen arren. Bai, mendi altu guztiek dituzten ezaugarri guztiak aurki ditzakegu hemen: hotza, txingorra, haize gogorra, elurra... Ezin da ahaztu 4.000 metrotik gorako mendian gaudela. Hau dela eta, Toubkalek duen berezitasuna ezin da goiko aldean kokatu, gure ustez erakargarritasunik handiena hurbiltzeko darabilgun bidean baitatza, beheko bide eta hasierako aldapetan hain zuzen, non mendia berak, ama maitakorra bailitzan, bere magal epela eskaintzen dion berbere herrietako jendeari.

Imlil (1.740 m) herria abiapuntutzat hartuta igoerari hasiera ematen zaio, baina gure igoeran ez gara bakarrik egongo, hemen ere, Marokon mila bider gertatu zaigun legez, jendea agertzen zaigu lagundu nahian, gure motxilak eramateko prest, diru pixka bat irabazteko modua izanik, edozein gauza saltzeko aukera bilatu nahirik... Aldapan gora jarraitu ahala, beste herrixka batzuk aurkituko ditugu, hara hor Dour Ait Souka, Mazine, Aroumd... Ingurua, beste aldetik, itzela! Denetarik topa dezakegu barneratzen garen heinean: harria, belarra, ura, landatutako mendi soroak, baratze txikiak. Mendi herrixka hauetako etxeak lur eta harrien artean ezkutatzen dira eta ikusezinak bihurtzen zaizkigu, berriz ere berbere umeen irri-algarek gure begien aurrean agertzen zaizkigun arte. Mendi hauetako lur gorria berbereen odolez tindaturik dagoela ematen du. Lur hori erabilita eraiki dituzte beraien etxetxoak, herri txiki batzuk osatuz. Hauetariko azkena Aroumd (1.940 m) izenekoa dugu. Hala ere, gorago oraindik, berbereen nortasuna erakus dezakeen aztarna horietako bat aurki dezakegu, hots, otoizleku berezi eta paregabea: Chamharouch santutegia, alegia. Ikus dezakegunez, mendia ez ezik, zeozer handiagoa ere bada Toubkal.

Sinesmena, lana... bizitza

Bide osoan herri honen izaera eta kultura ezagutzen, sakontze ibilbidea suertatu zaigu. Ibiltzen hasi bezain laster era guztietako pertsonak azaldu zaizkigu: umeak zein zaharrak, bai gizonak bai emakumeak, lanetik zetorren jendea edo otoitz egitera zihoana. Mendian sakabanaturiko herri txikiak topatu ditugu. Herri batetik bestera dabilen jende jarioa arrunta izaten da eta, gure igoeran, herritarren joan-etorria bidelagun eduki dugu. Bai, Toubkal izeneko mendi magalean denok bat egiten dugu. Kanpotarrok, mendi hauetako pertsonen izaerari darion usaina arnastean, gatibaturik geratzen gara, eta bertokoak, aldiz, egunerokotasun horretatik hazten zaien nortasuna askatzeko gai dira.

Beti agertzen da norbait, han urruti goiko soroetan lanean aritutako gizona, erreka parean zamabere batzuekin andra bat etxerako bueltan, edota bidezidor batetik jaisten diren atso-agureak, hango sinesmenen arabera otoitz egin eta santutegitik bueltan. Denak atseginak, berritsuak, zabalak, epelak, jatorrak... eta beti irribarre goxoa aurpegi alaietan margoturik. Denek aldapa hauen gogortasuna islatzen dute, denek paisaiarekiko harreman estua daukate. Denek, osotasun bakarra osatzen duten neurrian, hemengoari aurre egiten diote, hemengo bizitza gizakiaren hezurretan itsatsita geratu delako denboraren igarotzearekin batera.

Toubkal mendiari bizia dario eta gu prest gaude isurtzen den magia zipriztin horiek guztiak irensteko. Hau ez da naturan zehar egindako ibilbide soil bat izan; mendi bidaia honi esker, berbereen kulturaz ere jantzi ahal izan dugulako gure arima. Leku guztietatik urrun gaudela dirudi; dakusaguna ezezaguna da guretzat, baina, era berean, kolore ezberdinen nahaste izugarriak paisaia sentibera erakusten digu. Eta horrela, aipaturiko urruntasunetik, oso gustukoa dugun berbereen odol beroarekiko hurbiltasuna nabari dezakegu, gu ere bizirik gaudela sentiarazten diguna.

Toubkaleko aterpea (3.207 m)

Aroumd herria atzean utzi eta gorago zuzenduko ditugu gure urratsak. Ait Mizane ibaia eta Tizi n'Tarharate (3.456 m) menditik jaisten den errekatxoaren artean santutegia ikusi dugu azkenean. Gure bideak ez garamatza haraino; eta, Ait Mizan ibaiaren ezkerraldetik, santutegia ez ezik bertan dagoen jende multzo txikiak ere ikus ditzakegu, lasaitasun osoz, beraien otoitzak direla medio argia bilatu nahian dabiltzala. Agian horixe bera izan da gure helburua Imlil herrixkatik abiatu garenean, hau da, tontorrean topa daitekeen argia. Ez da hori izan, ordea, aurkitu duguna. Goiko aldean dena da elurra. Azibak (artzain txabola, berbereen hizkuntzan) atzean geratu dira, eta hemendik aurrera dena gogorra eta hotza izango da. Elurrak hotza dakarkigu, harriek berriz, ezer esan gabe etsai bihurturik, gogorkeria mingarria ezarri digute oinen azpian. Hauek dagozkigu ibilkide oraingo honetan, elur hotza eta harri gogorra, harik eta emeki-emeki Toubkaleko aterpera iritsi arte. Aurrerantzean askoz aldapatsuagoa bihurtuko zaigu bidea, eta horrela jarraituko du tontorreraino. Horrez gainera, eguraldia bihurritu egin da bat-batean, gu konturatzerako txarrera jo du eta haizea elurra altxatzen hasi da, honek gure aurpegi azal leuna zigor dezan. Erabat minduta, beheko paisaia oroimenera datorkigu. Ez, ez gara beldur, Yebel Tagsut haraneko jendearen berotasuna bihotzean daramagulako; eta horrela, bideak zeharkatuz, han-hemenka aurkitutako indar berri honek bultzatu gaituela, Toubkaleko aterpeaz ahaztuko gara, parean dugun gailurrari so egin diezaiogun. Baita goiko gaina zapaltzea lortu ere! Baina 4.000 metrotan ez dira algarak entzuten, ez dira haurren begietako dirdira ilunak ikusten guri iheska doazkigunean... Goian edertasun zuria nagusitu da beste edozeren gainetik, eta jedearen odol beroak beheko haraneko epeltasunera itzul gaitezen oihukatzen digu behin eta berriro. Pentsatu eta egin. Toubkaleko tontorrera iritsi eta berehala maldan behera abiatu gara, han behean utzi baitugu gehien sentiarazi digun hau guzti hau: mendiaren nortasuna, izaera, kultura... Toubkalek, besoak irekita, eman digun besarkada zirraraz betea.