Asteburuan ‘Mitoaroa’ emanaldian izan ginenok bagenekien bertaratutako asko urtarrilaren 7ko goizeko zortzietan pantaila aurrean izango zirela Zetaken ‘Aaztiyen’ birako azken emanaldirako sarrera lortu nahian. Ez da harritzekoa, Nafarroa Arenako ikuskizunaren ostean eta haren azken konpasetan erakutsi zuten iragarkiarekin, berriz ere zerbait oso erakargarria egingo duten itxura hartu baikenion. Era berean, Illunbe Arena ezagutzen duenak badaki ‘Mitoaroa’ ikuskizunean egindakoa errepikatzea kasik ezinezkoa izango litzatekeela bertan.
Atzo goizean, ordea, sarreren salmenta mantso zihoala ikusita Pello Reparazek datu bat eman orduko piztu ziren argiak: «Dagoeneko 15.000 sarrera saldu dira eta horregatik bigarren data bat ere jarri dugu martxan». Illunben kopuru hori aipatzen denean, normalena hirugarren data bati buruz aritzea izango litzateke, baina Zetakek berriz ere harritu gaitu sarreren salmentako planoa ikusi orduko: 360 graduko esperientzia eskaintzen duen emanaldia izango da ‘Aaztiyen’ bira bukatzeko sortuko dutena. Illunberen zirkunferentzia osoa kontuan hartzen zuen sarrera salmentak eta planoak ere hori erakusten zuen. Horratx Reparazen mezuko zenbakien azalpena.
SARRERAK AIREAN AGORTUTA
Irailaren 6ko sarrerak agortu ostean, 5ekoak ere agortu ziren segituan; bi emanaldi horiek gaueko 22.00etarako iragarrita zeuden. Lerro hauek idazterakoan, irailaren 7ko kontzerturako sarrerak eskuratzeko moduan zeuden oraindik, gaueko 21.00etan izango den emanaldirako. Ostirala, larunbata eta igandea. Donostiako Euskal Jaien testuinguruan eta Kontxako Estropadak hasten direnean bukatuko da ‘Aaztiyen’ aroa Zetakentzat eta haien zaleentzat.
Irailean inauteriei egingo diete tartea, bada, Zetakekoek; San Sebastian egunean «inauteriak datoz» entzuten duenak aurten Donostian birritan ospatuko dituztela esan dezake, beraz. Lapurdiko kutilun, Abanto Zierbenako hartza, Zuberoako zamaltzain, Altsasuko maskaritak, Lantzeko Miel Otxin eta Ziripot, Lizarrako palokia... horiekin eta beste hainbatekin burutuko dute bira amaierako ekitaldia.
IKUSKIZUN TOTALA
«Artista totala» askotan aipatzen den kontzeptua da musika munduan. Konposatu, ekoiztu, instrumentalista izan, abestu, antzeztu eta dantza egiten duen artistaz esaten da hori. Ez dugu ezer berririk esango, Pello Reparaz artista totala dela esanda, baina Zetak eta bere lantaldeak ikuskizun totala eskaintzeko gai direla erakutsi zuten Nafarroa Arenan aurreko urtarrilaren 3an eta 4an. Nazioarteko artista handien mailako emanaldia izan zen, jendearen ekarpenari tamainako erantzuna eskainiz. Kobetamendin Stromae ikusi zutenek badakite Zetakek Iruñean eskainitakoa eskala bereko emanaldia izan zela.
Orain, Donostian egingo denak ikuskizun jarri gaitu berriz ere. Oholtza erdian eta publikoa oholtza guztiaren bueltan izango da iraileko emanaldian, 360 graduko esperientzia esaten den hori bizi ahal izango du bertaratzen denak eta hori tamainako erronka izango da Zetakentzat. Baina erronkei orain arte zer nolako erantzuna eman dieten ikusita, ‘Aaztiyen’ aroa ziur bikain itxiko dutela.