Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

‘Geure gorputzean eta etxean burujabe’ aurkeztu du Aiora Urbietak, «osasuntsuago bizitzeko»

Urtaro bakoitzerako proposamen sorta bat du Aiora Urbietak, sukalderako, gorputzerako zein garbiketarako. Guztiak bildu ditu Elkar Argitaletxearekin argitaratu duen ‘Geure gorputzean eta etxean burujabe’ liburuan.

Aiora Urbietak osasuntsuago bizitzeko hainbat proposamen bildu ditu liburuan.
Aiora Urbietak osasuntsuago bizitzeko hainbat proposamen bildu ditu liburuan. (Maialen Andres | FOKU)

‘Geure gorputzean eta etxean burujabe’ liburua aurkeztu du Aiora Urbietak ostiral goiz honetan. Sendabelarren mundutik abiatu eta urtaro bakoitzaren arabera, garbiketarako, etxerako, gorputzerako zein sukalderako hainbat «errezeta edo» azaltzen ditu. Argipena egin du: «Ez da sukaldaritza liburu bat, baina gauza asko egiten dira sukaldearen bueltan».

«Denek erabiltzeko moduko» liburua egin nahi izan du: «Jakintza bat konpartitzea eta modu errezean etxeko produktu kutsakor horiek ordezkatu ahal izatea izan da helburua, modu errazean eta ekonomikoan». Urteak daramatza sendabelarretatik hasi eta liburuan jaso dituen xaboi, kontserba edo bestelakoak egiteko ikastaroak egiten, eta liburuarekin ere badu bigarren helburu bat, sareak sortzea: «Kolektiborako joera gehiago izatea nahi nuke, ikusi dudalako mendian bizitzean sare horrek zenbat babesten duen, eta politagoa iruditzen zait liburua aitzakiatzat erabiltzea sareak sortzeko». Gainera, auzo edo herrietan talde horiek errazago sortzen badira ere, hirietarako tresna bat izan daitekeela azaldu du.

Txikitatik oroitzen du Urbietak naturarekiko interesa, 15-16 urte zituela amak sendabelarren liburu bat oparitu zion eta hor hasi zen zaletzen. Arte Ederrak ikasi zituen Bilbon, eta orduan konturatu zen «asfaltoa» ez zela bera bizitzeko lekua. 23 urterekin Aizarnara joan zen bizitzera, mendira. Kontatzen duenez, berak «liburuetatik» ikasi du, eta hurrengoei berak egindako bidea «moztea, ordenatzea eta erraztea» du helburu liburuarekin: «Oso praktikoa da liburua, edonork ulertzeko modukoa, ikusi dut ikastaroetara etortzen den publikoa normalean ez dela teoria potoloen zalea, praktikoagoa dela, eta nahiago duela errezetak sinple egiten jakin kimikako masterclass bat jaso baino».

Izenburuaren bigarren zatiak «burujabetza» terminoa biltzen du, eta ederki gogoratzen du idazleak noiz sentitu zen lehen aldiz burujabe: «Mendira bizitzera joan nintzenean, ikusi nuenean geure janaria ekoizteko gai ginela, inguruko baliabideak zenbat aprobetxatu daitezkeen... Momentu horretan askatasun handia sentitu nuen».

Kontatu du auzolanaren ondorioz «zenbat gaitasun ditugun eta zein gutxi erabiltzen ditugun» ikusi izan duela, eta hortik ulertzen duela burujabetza: «Osasuntsu egotearekin, askotan erosle bakarrik izanda ez dakigu zenbat gaitz ari garen sartzen etxera. Batetik sendabelarrekin sendatzeko gaitasuna izatea dago, eta bestetik, gaitz horiek etxean sartzea ekiditzea, arlo horretan aipatzen dut burujabetza».

Urtaro bat, hamaika proposamen

Urtaro bakoitzaren sarreran, urtaro bakoitzaren «esanahi sinbolikoa» jasotzen da, eta ondoren, atal bakoitzaren barruan, lau azpiatal: ‘Etxea goxatzeko’, ‘Garbiketa’, ‘Geure gorputzean’ eta ‘Sukaldean’.

‘Etxea goxatzeko’ atalean gehien bat girotzaile naturalen inguruan idatzi du, sendabelar usaintsuekin egindakoak, olio esentzialekin, kandelak edota intsentsuak. «Azkenean, ez gara konturatzen etxeari usain bat ematearren bakarrik askotan zenbat kutsatzen dugun ingurua, prozedura hori bera oso kutsakorra izaten delako, eta baita guk arnasten dugulako ere».

Etxeko leku ezberdinetako garbiketa errezetak daude ‘Garbiketa’ atalean, eskuak, arropa zein komuna garbitzeko sortutako produktuak. «Saiatu naiz produktu ekologikoak egiten, eta batez ere inguruan dauzkagun baliabideak erabilita eta internetera jo beharrik gabe osagai horiek lortzeko», zehazten du.

Ahoa zein ilea zaintzeko xaboiak, ukenduak, masajeak egiteko olioak edota bainu gatzak azaltzen dira hirugarren atalean, «geu goxatzeko hainbat produktu», argitu du idazleak.

‘Sukaldea’ atalean kontserbak nola egin azaltzen du Urbietak batez ere. Izan ere, aurkezpenean azaldu duenaren arabera, sarritan, baratzetik jaki «gehiegi eta batera» iritsi ohi dira etxera, eta banatuta ere, gehiegi izan ohi da. «Zer egin dezakegu horiek aurrerago kontsumitu ahal izateko? Ba kontserbak», erantzun du, eta horiek nola egin azaltzen dute errezetek.

Birramona eta barrokismoa

Liburua idatzi bitartean, gainera, «liburuetatik» ikasitako idazleak, «herentzia» bat «aurkitu» zuen. Joxe Mari Urbieta ‘Egañazpi’ panderojolea zen bere aitona, eta bere biografia argitaratu zela eta Aizarnako baserritar batekin hizketan ari zela esan zion Urbietaren birramona zenak asko zekiela sendabelarren inguruan: «Harek kontatu zidan nire birramona sendabelarretan aditua zela, ‘Aizarnako medikua’ deitzen omen zioten».

Ostiral honetan aurkeztutako liburua zabala da, irudiz jositakoa. Alain Martinezek egin ditu errezeta bakoitzaren argazkiak eta baita gainerakoak ere, oso pozik agertu da Urbieta emaitzarekin: «Baserri zaharretako sukaldera hurbiltzen saiatu gara irakurlea, barrokismo ilunera».