
Elia Elhuyarren itzultzaile automatikoak bost urte bete ditu, eta berrikuntza garrantzitsu batekin dator: ahots bidezko itzulpenak egiteko aukera. Berrikuntza honekin, Elia itzultzaile soil izatetik «entzuteko eta hitz egiteko gai» den tresna izatera iritsi dela nabarmendu dute Elhuyarrekin, hiru teknologia integratzen baititu: hizketa-ezagutza (transkripzioa), itzulpen automatikoa (itzulpena) eta hizketa-sintesia (ahotsa).
Itzultzailea Elhuyarren plataforma arrakastatsuenetakoa dela ere nabarmendu dute eta azken berrikuntzekin «euskararen garapen teknologikoarekin duen konpromisoa berretsi» egiten dutela azaldu dute, «gizartearen eta eleaniztasunaren mesedetan». Adierazi dutenez, azken urtean %42 igo da plataformaren erabilera. «Enpresa askok egunerokoan erabiltzen dute, komunikazioa eta eraginkortasuna hobetuz ingurune eleaniztunetan. Horrez gain, udal asko ari dira Elia bere webguneetan integratzen, euskara bere zerbitzu digitalen erdigunean jartzen eta herritarren artean erabiltzera sustatzen», azaldu dute.
Funtzio berria erabiltzeko modua ere azaldu dute: ahots bidezko itzulpenak egiteko aski da mikrofonoaren irudia duen botoia sakatzea, hitz egingo diogun hizkuntza aukeratzea eta hitz egiten hastea. Eliak emaitza testu bidez edo audio bidez emango digu guk aukeratutako hizkuntzan.
Ahots bidez itzulpenak egiteko aukera sei hizkuntzatan erabil daiteke. Oraingoz, webgunean dago erabilgarri funtzionalitate hau; aurrerago, mugikorretako eta mahaigaineko aplikazioetan ere erabili ahal izango da.
Berrikuntza honetaz gainera, kalitatea ere zaindu nahi dutela adierazi dute eta, hala, euskaratik frantsesera/frantsesetik euskara eta euskaratik ingelesera/ingelesetik euskarara egiten diren itzulpenak «askoz hobeak» direla baieztatu dute.
«Eliak erakutsi du egungo beharren mailan egoteaz gain, abangoardiako teknologiarekin lidergoan jarraitzen duen tresna dela. Horrez gain, euskararen eta beste hizkuntza batzuen kudeaketan eta sustapenean bidea markatzen jarraitzen du, teknologia hizkuntza-oztopoak gainditzeko aliatua izan daitekeela erakutsiz», esan dute.
Ahots bidezko itzulpenerako aukeraz gainera, itzulpenak baloretzeko funtzioa ere izango du Eliak hemendik aurrera.

«Lo mejor de estos 20 años es que hemos podido seguir viviendo como niños»

Benito Lertxundi 7K-n: «Herri honek behar du osatu, jabetu zer geratu zaion atzendua»

40 Minutu Rock, imajinatzeko gai den herri baten hauspoa
Fermin Muguruza pone Madrid en ebullición con su akelarre antifascista
