NAIZ

Stealthing-a: justizia espainolak erasotzat jo duen sexu-tranpa

Sexu-harremanetan bikotekidearen baimenik gabe preserbatiboa kentzea delitua da, eta urtebetetik hamabi urte arteko zigorra ekar dezake erasotzailearentzat. Sevillan gertatutako kasu bat aitzindari izan zen antsietatea, depresioa eta trauma ondoko estresa sortzen duen praktika honen inguruan.

Preserbatiboa baimenik gabe kentzean datza stealthing delakoa.
Preserbatiboa baimenik gabe kentzean datza stealthing delakoa. (Reproductive Health Supplies Coalition)

Emakume batek bikotekidea salatu zuen 2017an Sevillan, sexu-harremanak izaterakoan preserbatiboa abisatu gabe kendu zuelako. Emakumeak harreman horrietarako baldintza gisa preserbatiboa erabiltzea eskatu zuen. Akusatuak jarri zuelaren itxura egin zuen eta babesik gabe mantendu zuen harremana.

Ekintza hori delitu gisa hartu zen, eta gizonari hiru urteko kartzela-zigorra ezarri zioten sexu-abusua egiteagatik eta beste sei hilabete lesioengatik, sexu-transmisiozko infekzio bat kutsatu ziolako biktimari. Kasu horrek aurrekari bat ezarri zuen justizia espainolean, ‘stealthing’ izenekoaren ilegaltasuna eta sexu-delitutzat hartzea sendotuz.

Harreman sexual batean beste pertsonaren baimenik gabe preserbatiboa erretiratzean datzak praktika da stealthing-a. Terminoa ingelesetik dator eta ‘stealth’ hitzatik eratortzen da, isiltasuna, ezkutukeria edo ezkutuko ekintza, alegia. Hitzaren jatorria Estatu Batuetako zenbait talde homosexualetan dago.

Herrialde horretan, online azpi-komunitate batek jokabide hori sustatu du helburu degradatzaile eta misoginoekin, «hazia zabaltzeko» ustezko eskubidearen ideiarekin. Alexandra Brodsky abokatu eta eskubide sexualen aldeko aktibistak kontzeptua bere artikulu akademikoekin eman zuen ezagutzera 2017an.

Estatu espainolean, Auzitegi Gorenak 2023ko ekainean emandako epai aitzindari batek aurrekari garrantzitsu bat ezarri zuen, adostasunaren zentraltasuna indartuz sexu-delituen esparruan. Tipifikazio espezifikorik ez dagoen arren, auzitegi espainolek abusu edo sexu-eraso gisa epai dezakete, kasuaren arabera, urtebetetik hamabi urte arteko zigorrekin.

«Hasiera batean onartutako harreman motaren funtsezko aldaketa da steathing-a. Eraso fisikoa izateaz gain, askatasun sexualen eta autonomia pertsonalen urraketa ere bada», azaldu du Oriol Martinez Sanroma, UOC unibertsitate katalaneko Zuzenbide eta Zientzia Politikoko irakasleak.

Jurisprudentzia sendotuaz hitz egiteko oraindik goiz bada ere, 2023ko epaia funtsezkoa da bi alderdirengatik. Lehenengoa da stealthing-a sexu-erasoa dela, delitua, onartutako harreman motaren funtsezko aldaketa dakarrelako. Bigarrena «arrazoietan erroreak» delakoa da, hala nola, doktrina bat betetzeagatik norbaitekin sexu-harremanak baimentzea, edo talde edo sinesmen baten jarraitzaile izatea, ez direlako garrantzitsuak zuzenbide penalerako, adierazi du Martinez Sanromak.

Stealthing-a delitua ote den testuinguru akademikoan eztabaidatu zen lehenago, eta ia aho batez finkatu zen sexu-eraso bezala hartzeko beharra. «Horrenbestez, erreformak ez dio funtsezko aldaketarik ekarri gogoeta horri: aurreko Zigor Kodearekin ondorio bera atera zitekeen», dio Martinez Sanromak.

Erronkak ezarpenean

Araudian aurrerapenak egin diren arren, tipifikazioaren aplikazio praktikoak erronka handiak ditu, bereziki frogei dagokienez, Martinez Sanromak nabarmendu duenez. «Nola ziurtatu daiteke pertsona batek baimenik gabe kendu zuena profilaktikoa harreman intimoko testuinguru batean? Kasu horietan, biktimaren hitza izan ohi da karguaren froga nagusia», dio adituak. Hala ere, Auzitegi Goren espainolak lekukotzaren baliozkotasunari buruz dituen irizpideak erabakigarriak izan daitezke zigor bat emateko. «Biktimak prozedura osoan irmo jarraitzen badu, bere testigantza nahikoa izan daiteke», gaineratu du.

Zigor-zuzenbidearen bilakaerari dagokionez, oraindik goiz da jurisprudentzia finkatu bati buruz hitz egiteko. «Auzitegi Gorenak iritzia aldatzeko aukera du, are gehiago epaiak boto partikular bat aurkezten duenean, kontuan hartu beharreko iritzi alternatibo batekin», adierazi du UOC-eko adituak.

Beste alderdi garrantzitsu bat adostasun «ahularen» eta «indartsuaren» arteko bereizketa da, Auzitegi Gorenak 603/2024 epaian ezarria: adostasun «ahulak», berriz, sexu-egintzaren onarpen soilari egiten dio erreferentzia (nahiz eta engainuetan oinarrituta egon), eta adostasun «sendoak» erabateko onarpen informatua eta askea eskatzen du. Stealthing-aren kasuan, Auzitegiak ez du delitutzat hartzen engainuagatik, baizik eta sexu-egintzak (preserbatiborik gabe) onartutakoa gainditzen duelako (preserbatiboarekin) eta sexu-eraso bihurtzen delako.

Eragin sozial eta psikologikoa

Stealthing-ak ondorio legalak ez ezik, eragin sozial eta psikologiko sakona ere badu. Biktima askok antsietatea, depresioa, trauma osteko estresa eta zaurgarritasun-, erruduntasun- eta lotsa-sentimenduak izaten dituzte, ‘Psychology’ aldizkarian 2023an argitaratutako ikerketa baten arabera.

Preserbatiboaren erabilerari buruzko engainua autonomiaren eta baimenaren urraketa gisa ikusten da, eta horrek mesfidantza sor dezake etorkizuneko harremanetan eta eragina izan dezake biktimaren bizitza sexualean.

Praktika honek, baimena urratzeaz gain, sexu-transmisiozko infekzioen transmisioa (STI), nahi gabeko haurdunaldiak eta biktimengan eragin psikologiko sakona dakartza, Northumbriako Unibertsitatearen ikerketa batek adierazten duen bezala.

Stealthinga demokrazia liberaletan

Sexu-delitu gisa, stealthing-a demokrazia liberal batzuen legedian baino ez da jasotzen, sexu-askatasunei buruzko kontzientzia sozial eta legal handiagoa dagoelako. Hala ere, demokrazia horietako gehienek adostasunaren urraketa gisa interpretatzen dute, sexu-erasoari buruzko lege espezifikoekin edo orokorrekin.

Stealthing terminoak garrantzi globala hartu du azken urteotan, Julian Assangerena bezalako nazioarteko kasuekin, praktika hori eta bere legezko inplikazioak ikusarazten lagundu baitute.

Europan, Suitza izan zen delitu horrengatiko kondena bat aplikatu zuen lehen herrialdea 2017an, Zigor Kodearen 190 artikuluaren arabera. 2018an, Suediak bere lehen kondena eman zuen, eta baiezko adostasun-lege bat onartu zuen, non stealthing-a bortxaketatzat hartzen den. Danimarka lege bat prestatzen ari da kriminalizatzeko.

Estatu Batuetan, Kalifornia aitzindaria izan zen 2021ean stealthinga delitu zibil gisa tipifikatzen. Beste estatu batzuetan, fiskalek praktika hori auzipetu dezakete sexu-eraso edo bortxaketa legeekin. Erresuma Batuan, 2020ko R v Lawrance kasuak ezarri zuen preserbatiboa baimenik gabe kentzeak baliogabetu egiten duela baimen hori, eta sexu-erasotzat har daitekeela.

Adituen artean, batzuek stealthing-erako lege espezifiko bat eskatu dute, eta beste batzuek, berriz, uste dute bat datorrela sexu-eraso edo bortxaketa delituekin, Estatu espainolean eta Erresuma Batuan gertatu den bezala, delitu horren larritasuna indarrean dagoen lege-esparruaren barruan onartzen baita.

Estatu espainolean, 2022an, stealthing-a sexu-erasotzat aitortzea aurrerapen nabarmena izan da sexu-eskubideen eta norbanakoaren askatasunaren babesean. Hala ere, froga-erronkak eta gizartea gehiago kontzientziatzeko beharra oztopo garrantzitsuak dira oraindik.