Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Donostiako Orfeoiaren 2025erako erronkak: 27 kontzertutik gora eman eta harrobia indartzea

Donostiako Orfeoiak 2025eko programazioan du begirada, 27 kontzertu dituzte jada baieztatuta nazioartean zein Euskal Herrian eta «estilo ezberdinetako eskaintzak» egingo dituztela aurreratu dute. Pasa den urtearen balorazio positiboa egin dute, eta harrobia indartzeko plana martxan jarri.

Donostiako Orfeoiak asteazken honetan aurkeztu ditu 2025erako bere asmoak.
Donostiako Orfeoiak asteazken honetan aurkeztu ditu 2025erako bere asmoak. (Gorka RUBIO | FOKU)

Donostiako Orfeoiak finkatuta ditu 2025erako dituen erronkak: nazioarteko zein lurraldeko zirkuituetan haztea eta harrobia sendotzea. Asteazken goiz honetan aurkeztu dituzte 2024ko balantzea eta 2025eko programazioa Orfeoiaren egoitzan bertan.

Antxon Elosegi lehendakariak aurkeztu du iazko balantzea. Lehenik eta behin, «balantzea zenbakietan» xehetu du: guztira 35 kontzertu eskaini zituen Orfeoiak, horietako 20 Euskal Herrian, 11 Estatu espainolean eta Katalunian, eta 4 Estatu frantsesean.

Azpimarratu du iaz bi emakumek zuzendu zutela Orfeoia, batetik, Ariane Matiakh zuzendariak Toulouseko Kapitolioko Orkestra Nazionalarekin batera. Eta bigarrena, Sevillako Errege Orkestra Sinfonikoarekin, Shiyeon Sung korearrak.

Horrez gain, abesbatzak hamar orkestrarekin abestu du eta, zuzendariei dagokienez, hamahiru zuzendari aritu direla beraiekin zehaztu du. «Antzokiak bete dira, Orfeoiak antzokiak betetzeko balio duela ikusi dugu beste behin», adierazi du lehendakariak, eta lan taldearen «kalitatea» eta «buru-belarri aritzea» txalotu ditu. «Orfeoia 187 egunez lanean dabil, nahiz eta 35 izan kontzertuak, urteko egun erdiak baino gehiago lanean pasatzen ditu», adierazi du.

Aurtengo urteari begira

2025eko programazioaren berri eman du Jose Antonio Sainz Alfaro zuzendariak ondoren, eta gaur gaurkoz 27 kontzertu jada baieztatuta dituztela aurreratu du. Horietako zazpi atzerrian izango dira, 13 Euskal Herrian eta 7 Estatu espainolean zein Katalunian. Eskaera asko jasotzen ari direla, baina «aski denbora» ez dutela aitortu du zuzendariak. Eta sarritan ikusmira atzerrian jartzen bada ere, «lurraldearekiko konpromisoa» dutela, eta bertan kontzertuak egiteari garrantzia ematen diotela azaldu du.

Eta urte honi begira, bere iritziz garrantzitsuenak diren hainbat elementu azpimarratu ditu. Batetik, «ospe handiko» bi zuzendari berrirekin egingo dutela lan azaldu du: Jeremie Rhorerrekin Parisen, eta Tarmo Peltokoskirekin, «zuzendarien Messi da azken hau, oso gaztea den arren», azaldu du.

Bestalde, azpimarra jarri du zuzendari artistikoak eurekin lan egiten duten zuzendariak aipatzean, izan ere, argitu du egiten dituzten kontzertuak garrantzitsuak direla, baina bereziki zein zuzendarik zuzendu nahi izan duten Orfeoia dela interesgarriena, eta bide horretan «oso pozik» daudela ziurtatu du.

Apirilaren 26an, abesbatzak Donato Goyeneche konpositorearen ‘Afrika, herrien arteko besarkada’ interpretatuko du Donostiako Kursaalean, eta emanaldi hori oso berezia izango dela aurreratu du zuzendariak. Baita Eibarko Txistularien Alardean Untzaga plazan egingo duten kontzertua, zein urtero parte hartzen duten Urmuga jaialdia ere. Etengabean «estiloz aldatzen» ari direla gaineratu du, eta hori dela «koro askok egin izan dutena», eta zentzu horretan 2025eko erronkak interesgarriak bezain gozagarriak izango direla espero du.

Aurreratu du Musika Hamabostaldian, Santanderreko jaialdian, Donibane Lohizuneko Ravel jaialdian zein RenHacer jaialdian ere egongo dela Orfeoia, baina festibalek beraiek zabalduko dutela informazioa datozen asteetan.

Harrobiaren garrantzia

German Ormazabal Zuzendari-batzordearen kideak harrobian jarri du arreta: «Harrobia beti zaindu izan dugu, jakitun izanik etorkizuna, neurri handi batean, kantari berriak, bai maila bokalean zein musikalean, ondo prestatuta izatean oinarrituko dela».

Harrobia sortzeko urtetako esperientzia badute ere, azaldu du Ormazabalek Covid19aren eraginez bertan behera utzi zutela haur eta nerabeekin egiten ari ziren lana, eta urte batzuetan «stand-by» egoeran egon ostean, 2024-2025 ikasturtean «proiektua ilusioz beterik berriro ere martxan» jartzea erabaki zuela Orfeoiak.

Gaur egun, ehun haur eta gaztetik gora ari dira astero lanean Orfeoiaren egoitzan edo Donostiako beste zenbait ikastetxetan, eta «etxeko jendearekin» lan egitea baloratzen duela aitortu du Ormazabalek.

Jose Luis Aramburu lehendakariordeak ere harrobiaren beharrezkotasuna azpimarratu du. Eta gaineratu du gizarteari ekarpen bat egitea ere badela Orfeoiaren parte izatea: «Badu gizarte mailan zerbait eskaini nahia, musikarekin gozatu eta gozarazteko aukera eskaini nahi du Orfeoiak, eta hori gizartearentzat garrantzitsua da».

Eraldaketarako ardatzak

Elosegi lehendakariak, balantzearen eta programazioaren artean, 2023ko azaroan lehendakaritza hartu zuenetik martxan jarritako «eraldaketarako ardatzak» aurkezteko baliatu du aurkezpena. Bost ardatzetan laburtu du eraldaketarako bide-orria, eta bost bat urteko perspektibarekin lan egin behar dela gaineratu du.

Berkokatzea, eraldaketa artistikoa, harrobia, kudeaketa indartzea eta zuzendaritza aldaketa dira bost ardatz horiek. Eta guztiak «auzolanaren» norantzan jarri nahi ditu, ahalik eta «zuku gehien» ateratzeko Orfeoiari berari eta egiten duten lanari.